Ula Iruretagoiena
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

oKupazio-arkitektura

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Arkitektoaren papera zertan den galdetzen ari da Mugak arkitektura bienalatik, urritik eta abendura bitartean EAEko lurraldeetan gertatzen ari den programa kultural oparoaren bitartez. Arkitektoa etxeak egiten dituen profesionala baino gehiago izan daiteke, diziplinen mugek horretarako prestatu eta ahalbidetzen duten arren. Burokrazia sistema zabal bat prestatu da arkitektoaren paper hori zilegi egiteko; eraikuntzako aktibitate gehienetarako, legeak arkitekto baten lana behartzen du. Legearen eskaera egokia izan daitekeen arren, mugatua da, eraikuntza etxe bat baino gehiago izan nahi duen kasuetarako adibidez. Auto-eraikuntzak zailtasun handiak topatzen ditu sistemaren legeztatzean txertatzeko edo eraikuntzako esperimentazio bideraketa erradikalak probatzeko garaian. Eraikuntza-lan hauek jabetza kolektiboago baten kultura edo alboraturiko bizimoduentzako lekua sortzen dute, non arkitektoaren rola, izatekotan, beste bat den, agian eraikuntza-prozesuaren dokumentatzaile soila izateraino.

Bide honetatik, arras interesgarria da Holandako Gobernu Artxibategiak, Marina Oteroren zuzendaritzapean, egin duen oKupazioaren arkitekturako artxiboaren sorrera. Ezaguna da oKupazio mugimenduak Holandan izan zuen indarra, 2010. urtean neoliberalismoak ilegalizatu zuen arte. Komunitate eta autopromozioaren tradizio holandarra eta legeztatzeak eskaintzen duen berme eta epe luzerako proiektua izateak etxearen eta lan espazioen arkitektura eredu emankorra eman zuen. Gobernuaren erakunde batean ilegala den arkitektura-eredu batek artxibategi bat izatea ez da nolanahiko ekintza, ereduari berari esker ona eta aitorpena eskaintzea esan nahi duelako, eta kasu askotan artxibategiko dokumentuak epaiketetarako babesa emateko tresna gisa balioko du. Eta noski, eraikitzeko eredu baten zilegitasuna ere ematen du, hala nola oKupa-arkitektura kategoriatik ikasteko aukera bat.

Herbehereetan eraikin huts asko zeuden eta egun ere badira, baina oKupa mugimendua bizirik zegoen garaian, etxe eta bulegoen etxeak zuriz margotzen ziren, urte bat baino gehiago hutsik zeramaten higiezinen kasuan. Bulego asko omen dira hutsik, enpresa handiek Herbehereetan baitute egoitza nagusia zergarik ez ordaintzeko dirua atzerrira eramateko bide bezala. Egoitza bermatzeko espazio bat landare, aulki eta mahai batekin izatea eskatzen zaie, eta horrelako kasuistika zabal bat gertatzen da. Okupek antolakuntza zehatza zuten eta jabeekin harremanetan ziren, eta desegite prozesuan ziren eraikin askoren berreraikitze, instalazioen eguneraketa eta mantentze lan oso baliotsuak egin zituzten, publiko zein pribatuak ziren ondare eraikinetan.

Komunitatean eraikitako etxeen arkitektura irudikatzea eta paperera eramatea ezin da arkitektura normatiboa egiten den modu bertsuan egin, ez du funtzionatzen. Eraikitzeko esperientziaren anotazioekin eta argazkien bidez, egingarria da hala moduz. Deigarria egiten da oKupazio-arkitekturak sortzen duen espazioak duen intimitatea; oso berezkoa den habitat ulermen batek eraiki duelako, esfortzu fisiko eta afektuz beterikoak. Estetika partikular bat, beste moduetan ezin dena erdietsi. •