Beñat GAZTELUMENDI
Bertsolaria
3 BEGIRADA:

Zaratarena

Denok dauzkagu entzuten ez ditugun zaratak.
Denok dauzkagu entzuten ez ditugun zaratak. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Badut lagun bat trenbide ondoko etxe batean bizi zena. Trenbidetik pasatzen zen tren bakoitzak dardarka jartzen zuen etxea; bazirudien une batetik bestera porlanezko hormak apurtu eta Euskotren urdin bat sartuko zela salara, sukaldera, komunera edo logelara. Haurrak ginela, pare bat aldiz gonbidatu ninduen beren etxean lo egitera. Gau osoa sabaiari begira igarotzen nuen. Ordu batetako trenak bonbilla lehertu egingo zuela iruditzen zitzaidan; ordu bietakoak horman zintzilik zeuden apal prekarioak askatuko zituela; hiruretakoak leihoak zartatuko zituela; lauretakoak ohepeko zorua pitzatuko zuela; bostetakoak bihotza ahotik aterako zidala; seietakoa mantapean sartuko zitzaidala eta zazpietakoak Hendaiaraino eramango gintuela. Trena pasa ondoreneko isiluneetan lagunaren arnasa sakona entzuten nuen aldameneko ohean. Goizeko zortzietan esnatu eta ea lo zer moduz egin ote nuen galdetzen zidan. Nire aurpegi nekatuak «ondo» bat artikulatzen zuen doi-doian.

Lagunaren etxearen aldamenetik jada ez da trenik igarotzen. Lurpean sartu zuten trenbidea, eta orain bere logelatik ez da trenik entzuten. Hobeto biziko direla esan izan diot nire inozentzian, baina ezetz erantzuten dit lagunak. Gauetan ez duela lorik egiten. Ordu batetako trenaren ordez isiltasuna entzuten duela, ordu bietakoaren ordez ere bai eta baita hiruretakoaren ordez ere. Eta sabaiari begira, trenen bat noiz igaroko zain egoten omen da bere garuna loari errenditzeko. Nik zarata entzuten nuen lekuan isiltasuna entzuten zuen berak. Isiltasuna da orain zarata egiten diona.

Denok dauzkagu entzuten ez ditugun zaratak, janzten dugun arropak bezala biltzen gaituztenak, oxigenoa bezala arnasten ditugunak. Betidanik hor egon izan direla uste dugunak. Lagunaren etxe inguruan bide-gorria eta zuhaitzak jarri dituzte orain. Jendea hara-hona ibiltzen da. Elkarrizketak bata bestearen gainean pilatzen dira, elkar irensten dute ahotsek. Horixe baino ez garela pentsatzen dut batzuetan; elkarrizketa mordo bat, elkarren gainean pilatuta, tarteka zerbait esan nahian baina, esatearen esatez, hitz metaketa bat baino osatzen ez dugunak. Munduak zarata egiten digu; zarata egiten digu telebistak, zarata telefonoak, zarata lantokiak, zarata kaleak, zarata tabernak, zarata bafleek. Zaratak bildu egiten gaitu, eraman egiten gaitu ordu batetako, ordu bietako, hiruretako, lauretako, bostetako, seietako eta zazpietako trenen moduan. Berak agintzen du zeri buruz eta, batez ere, zein hizkuntzatan hitz egin behar dugun. Zarata inertzia bat da, jarritako eta jarri gabeko arau multzo estu bat. Tarteka zarata eranzten ahalegintzen gara, eta zaratarik entzuten ez duen jendeak harrituta begiratzen digu, otzantzeko eskatzen digu, ixteko begiak eta jarraitzeko lotan.

Lagunak esan dit gaur arratsaldean Bilbora joango dela. •