Luixa REIZABAL
EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea eta UEUko Psikologiako kosailburua
3 BEGIRADA:

Desgaitasuna eraldatuz: Bizimodu Independenterako Programak

Desgaitasuna duten pertsonen autonomia gai garrantzitsua da.
Desgaitasuna duten pertsonen autonomia gai garrantzitsua da. (GETTY)

Desgaitasunen bat duten pertsonen autonomiaren bidean, Bizimodu Independenterako Programak (BIP) aurrerabide eta emantzipazio iturri garrantzitsuak dira. Programa horiek etxebizitza egokitua, laguntzaile pertsonal bat eta laguntza ekonomikoa eskaintzen dizkiete desgaitasunak dituzten pertsonei, beraien bizimodua erabakitzeko duten eskubidea gauzatu ahal izan dezaten.

Gipuzkoan, duela 15 urte inplementatzen hasi ziren, modu esperimentalean. Programa horren helburua desgaitasun fisikoa duten pertsonei etxean bizimodu independentea erraztea zen, laguntza ekonomiko baten eta pertsona horien premiei erantzuteko pertsona baten laguntzarekin. Hamabost urte eta gero, Elkartuko (Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Gipuzkoako Federazioa), UPV/EHUko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Saileko ikertzaile talde batek programa horrek erabiltzaileengan izan duen eragina ebaluatu dute. Zehazki programan parte hartu duten 18 pertsonen arlo psikologikoan, sozialean eta ekonomikoan izan dituen ondorioak aztertu dituzte. Arlo psikologikoari buruzko emaitzak aztertuko ditugu artikulu honetan.

Programan parte hartu duten pertsonen ebaluazio psikologikoa egiteko, alderdi psikopatologikoa (hau da, gaixotasun mentalaren sintomak) eta osasun mental positiboa (hau da, pertsonaren funtzionamendu psikologiko eta sozial egokia) aztertu dira ikerketa horretan. Horretarako, bost neurbide erabili dira, bi dimentsio psikopatologikokoari dagozkionak, eta hiru, osasun mental positiboari lotuak.

Ikerketa egiteko erabili den lagina bizitza bera bezain anitza izan da, hainbat ezaugarri eta beharrizanetako banakoek osatua. Ikerketaren asmoa argia zen: bizimodu independentea pertsona guztiei mesede egiten dien egoera dela frogatzea.

Oro har, esan daiteke parte hartzaileek osasun mental altua dutela, bai psikopatologiari dagokionez, bai eta osasun mental positiboari dagokionez ere. Alde psikopatologikoan, parte-hartzaileek depresio-, antsietate- eta estres-maila nahiko baxuak erakutsi dituzte. Biztanleria orokorrean gertatzen den moduan, laginaren heren batek depresio- eta antsietate-puntuazio esanguratsuak izan ditu. Biztanleria orokorrarekin alderatuta, desgaitasuna izateak psikopatologia-maila handiagoa eragin beharko lukeela pentsa zitekeen arren, hori ez da gertatzen, aztertutako laginean behintzat.

Osasun mental positiboari dagokionez, parte-hartzaileek osasun mental positibo nahiko altua erakutsi dute. Bai bizitzarekiko gogobetetzean, bai ongizate emozional, sozial eta psikologikoan eta bai ingurunea menderatzean, altuak izan dira puntuazioak. Berriz ere, biztanleria orokorrean gertatzen den bezala, parte-hartzaile batzuek osasun mental positibo baxua erakutsi dute.

Azkenik, egiaztatu ahal izan da psikopatologia eta osasun mental positiboa batera kontuan hartzen direnean, parte-hartzaileen gehiengoa osasun mental osoaren koadranteetan kokatu dela, eta soilik bi subjektuk izan dituztela psikopatologiako puntuazio esanguratsuak eta, aldi berean, osasun mental positibo baxua.

Emaitza guztiak batera kontuan hartuta, programaren ebaluazio psikologikoari dagokionez, baiezta daiteke, salbuespenak salbuespen, programa honetan parte hartu duten pertsonen osasun mentala biztanleria orokorrarenaren antzekoa eta egokia dela.

Nahiz eta biztanleria orokorrean nabarmenak izan generoaren araberako aldeak -gehienetan emakumeen kalterako-, ikerketan ez da generoari eta desgaitasun-motari dagokienez alde esanguratsurik aurkitu.

Hori guztia ikusirik, ondoriozta daiteke Bizimodu Independenterako Programen moduko esku-hartzeek eboluzionatzen jarraitzen duten heinean, pertsonentzat hain mesedegarria den bizimodu independentea posible ez ezik, lorgarria izango den etorkizun batera hurbilduko garela. •