Gilen TXINTXURRETA BEITIA
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Bona fide

David Chipperfield arkitektoaren Neues Museum eraikinaren hedapena, Berlinen.
David Chipperfield arkitektoaren Neues Museum eraikinaren hedapena, Berlinen. (GAUR8)

Idaztearen artea laburtzearen artea da, horrela zioen Anton Chejov errusiarrak bere gutunetan. Hitz gutxirekin asko esatea. Chejov 1904an hil zen, errusiar iraultza aurretik eta europar abangoardien loraldia baino apur bat lehenago, baina abangoardia horien espiritu apurtzailea bere esaldi horietan hauteman daiteke. Mugimendu Modernoa, arkitekturan zein artean, sinplifikazioaren bilaketa bat izan zen XIX. mendeko gehiegikeria barrokoaren aurrean. 1913an Adolf Loos txekiarrak “Ornamentua eta delitua” liburua kaleratu zuen edertasuna materialen noblezian eta forma puruen zuzentasunean aurkitzen zela argudiatuz eta apaingarriak zibilizazioaren aurreko garai baten aztarnak zirela esanez. Ez zen eskasiaren apologia bat, neurri zehatzaren bilaketa eta baliabideen erabilera egokiaren aldeko jarrera erradikal bat baizik. Versailleseko urrearen aurrean, Ibizako kare zuriaren goraipamena.

Barrokoa jarrera bat da, gauza gehiago eta konplexuagoak egitea gauzak ondo egitearekin nahasten duen jarrera bat. Gehiegikeria hori gure gizartean estruktural bihurtu da eta, barkatuko didazue gai aldaketa, baina sintetizatzearen garrantziarekin hasi nahi nuen, egungo araudien gehiegikeria absurdoari buruz hitz egiteko.

Zaila da esatea non hasten den arazoa eta nor den arduraduna. Hobbes-ek “Leviathan” liburuan Estatua norbanakoen segurtasuna bermatze aldera sortutako hitzarmen kolektibo gisa definitu zuen, eta Estatua egitura legalaz baliatzen da akordio hori arautzeko. Estatu zaharren kasuan, akordio honek ehunka urte daramatza martxan, eta egitura legala gero eta konplexuagoa joan da bilakatzen, ez hori espresuki bilatzen zelako, burokraziaren funtzionamenduaren inertziak berak horretara daramalako baizik. Zalantzak ez dira ongi ikusiak, eta lege berrien bidez bilatzen da hauek argitzea. Honela, edozertarako, gero eta baldintza gehiago, legedia gehiago eta dokumentazio gehiago bete beharra dago, helburuen beraien inguruko eztabaida gero eta urriagoa den bitartean. Proposamenen legezkotasuna bihurtu da eztabaidagai, haien egokitasuna beharrean.

Hirigintzan lan egiten dugunok egunero egin behar diogu aurre haien artean koherente beharko luketen, baina beti ez diren arau, lege, dekretu eta gidalerro ezberdinen mendi bati. Horrenbestekoa da nahasmena, non, plan bat onartzen denerako, izugarri ohikoa den plan hori arautu duten legeak beraiek aldatu izana, urteetako lana pikutara bidaliz eta bitartean ezer egitea debekatuz, edo are okerrago, egin behar ez liratekeenak baimenduz. Egoera horrek udalen egunerokotasunean izugarrizko arazoak sortzen ditu, norbanakoen proiektuetan erotzeko moduko buruhausteak, eta gizartearen barnean erresumina eta apatia. Burokrazia txarrak administrazio publikoa eta Estatua bihurtzen ditu ongizatearen etsai.

Baina horrek ez luke hala behar. Norbanakoaren askatasuna legea mutu dagoen tokietan aurkitzen dela zioen Hobbesek. Ez da harritzekoa mundu osoko proiektu kultural autonomo gehienak legearen zirrikituak erabiliz edo, besterik gabe, honi jaramonik egin gabe sortu izana. Gaztetxeei begiratu besterik ez dago.

Mezu indibidualista eta neoliberal batean erortzeko arriskuaren aurrean, Mugimendu Modernoak hartu zuen jarrera erradikala errebindikatu nahi dut. Administrazio publikoaren defentsa burokraziaren sinplifikazioa errebindikatzeko eta norbanakoak “res publikoan” parte hartzeko eta berau eraldatzeko gaitasunaren defentsa da. Horretarako, batzuetan legeak gutxitxo esan behar du sen ona bezala ezagutzen genuen horri ahotsa itzultzeko. •