Maider IANTZI - Iraitz MATEO
Elkarrizketa
XABAT GALLETEBEITIA ABAROA

«Esperientzia modura, erronka pertsonal modura eta ikuskizun modura bizi nahi nuke»

Lekeitio, 1986. Zazpigarren Bizkaiko Txapelketa du eta bosgarren finala.

Lehen finalaurrekoan kantatu zenuen, duela hilabete pasa. Nolakoa izan da itxaronaldia?

Niretzat berezia eta inoiz bizi gabeko modu bat izan da aurten tokatutakoa. Lehenago inoiz abestu izan dut lehenengo finalerdian, baina askotan puntuen zain edo beste finalerdi batzuetako emaitzen zain geratu behar izan naiz, eta aurten, egia esan, txapelketan hasi eta lehenengo finalerdian irabazteak ematen dizun lasaitasun horrekin. Lasairi jarri ahal zaizkion kakotx guztiekin, baina tarte hau oso ongi etorri zait mentalki, baita finala prestatzeko ere.

Berrizeko agurrean, zure bizitzan aldaketa batzuk izan direla aipatu zenuen, tartean, gurasotasuna. Zer aldatu du?

Guztia aldatu du, uztailean izan ginen guraso eta aldatzen dizu bizitza kasik: lehentasunen ordenak aldatzen ditu, etxeko egunerokotasuna... Aldaketa bezala kokatzen nuen txapelketa bera ere hasieratik. Izena eman nuenerako bagenekien ondo bidean guraso izanda eta lau bost hilabeteko umearekin egin beharko niola aurre txapelketari; nahi nuen aitatasunak eman didan leku berri horretatik ikusi txapelketan ea zer dudan esateko. Pertsonalki eman dudan aldaketa gehi etxean emandakoak bertsotan zer mugitzen zuen nigan, nire bertsokeran zer mugitzen zuen jakin nahi nuen.

Gaiei heltzeko posizio interesgarriak ikusi genituen Berrizen.

Azkenean, horrelako gertakari bat pasatzen denean zure bizitzan, buelta asko ematen dizkiozu buruari, eta zurrunbilo horretan aldatzen dira gure eskema mentalak eta gaiekiko dugun posizioa ere bai kontu askotan. Ez dut ezer bereziki prestatu, baina sumatzen dut inoiz baino argiago dudala zer esan nahi dudan; gai edo gatazka batzuen aurrean sentitzen dut badudala zer esana eta iritzi bat izan nahi dudala, eta ez bertsotara eramateko bakarrik. Gustatzen zait gaur egun mugitzen gaituzten gatazken eta bestelako kontuen inguruan hausnartzea eta beste batzuekin partekatzea.

Ez omen duzu edozerekin konformatu nahi.

Txapelketa hau gogotsu hartu dut hasieratik, baina erlatibizatzeko beharrizana izan dut, eta ez dut esango emaitzak ez didanik axola, baina agian bai inoizko gutxien. Horri kendu barik denbora asko eskaini diodala txapelketari, eta gogotsu nagoela. Baina nire lehentasunak aldatu dira, eta eragina du horrek txapelketan. Nire buruari baimendu nahi diot anbizio puntu bat txapelketarako. Izena emateak zama eta sakrifizio bat zekarren, eta bueltatu nahi diot nire buruari eta ingurukoei.

Bosgarren finala duzu, zu oholtzan zaudenetik eman dira zenbait aldaketa finaletan.

Ni egon naizenetik finalik ez da errepikatu, nahiz eta urte batzuetan egon den nukleo bat errepikatu dena. Uste dut Euskal Herri mailan ari direla aldaketak gertatzen, eta Bizkaian are modu adierazgarriago batean. Ni aldaketa horien tartean eroso sentitzen naiz, nahiz eta batzuetan deseroso egon aberasteko modura ulertu izan dut, pribilegiatu sentitzen naiz parte izateaz. Norberarentzat ere aukera handia da hori bizitzea eta aldaketa horien tartean ere norbera aldatzea beste gauzekin batera.

Aurtengo zortzikotean herrikide bat ere baduzu…

Ez dut esango aurreko finaletako zortzikoteekin ez nengoenik gustura eta pozik, baina egia da aurtengoak bereziki pozten nauela. Lemoako finalerdia bertan bizi izan nuen, nahiz eta erdia kanpoan entzungailuetatik jarraitu umearekin nintzelako. Saio osteko oroitzapen oso ona eramango dut txapelketatik, kasik nire saioarena baino gehiago hor bizi izan nuen momentuarena: Aissa finalean sartuko zela jakin nuen momentuarena, eta zortzikotea osatu zenekoa. Batzuk lagunak ditut, lagun handiak hainbat, beste batzuk aurtengo txapelketan gehiago ezagutzen ari naiz… Uste dut denek dugula elkarrekin ‘feeling’ ona. Kanpora begira uste dut ilusioa sortzen duela zortzikoteak, baina barrura begira ere uste dut badela pizgarri bat.

Zein aldarterekin iritsi nahiko zenuke oholtzara? Zertarako gogoz zaude?

Nahiko nuke Berrizera joan nintzen tenple eta konfiantza horrekin joan Bilbora. Momentuz mantentzen dut orduko energia, nahiz eta txapelketak faktura pasatzen duen eta amaitzeko gogoa ere badaukadan. Nahiko nuke konfiantza eta tenple horrekin joan. Jakinda asko espero dela zortzikote horretatik, jakinda agian ez dugula eskainiko jendeak espero duen saio borobila; baina horretarako ere prestatuta nago, azkenean, final bat da, lehiatzera ere bagoaz.

Finala esperientzia modura bizi nahiko nuke, erronka pertsonal modura, eta ikuskizun modura. Hiru dimentsio horietan, uste dut horretarako aukera ematen duela zortzikoteak zein arratsaldeak berak, eta nahiko nuke aipatutako hiru dimentsio horietan bizitzea.