Gorka Zozaia
Kimikaria
3 BEGIRADA:

Imajinatu, gainazpikaturiko eskola

Ilustrazioa: Gorka ZOZAIA
Ilustrazioa: Gorka ZOZAIA

13:12an hasi dugu ordu batean deituriko irakasleon klaustroa. Urteko azken klase eguna berezia izaten da eskoletan; gurean ikasleek egindako balorazioen berri jaso dugu, besteak beste, elkarrekin bazkaldu aurretik. Pozik da zuzendaritza aurreko urteko emaitzak hobetu direlako eta 4 ikasletik 3k bete dutelako inkesta. Hoberen baloraturiko puntua institutuko baliabide informatikoena izan da, oro har, eta okerren, irakasleen puntualtasuna DBHn, eta irakasleek emandako azalpenak eta ebaluazio irizpideen argitasuna Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Oso gustura ei daude ikasleak institutuan, 7,5 batekin pasa den urteko 7,48a gainditu baita! Pozik ikasleak, eta pozik zuzendaritza, baina hori bai, oso haserre azken aldian pilatu diren grebak medio: «Masiboki irteten dira ikasleak, eta ez dakite greba zergatik egiten den ere!». Disimulurik gabe aitortu du zuzendariak, bere esku balego, grebarik ezingo luketela egin ikasleek, baina tamalez, «hutsegite kolektiborako» eskubidea badutenez, berau gauzatzeko baldintzak ahalik eta zorrotzen betearaziko dituela agindu du.

Ikasleak, beraz, oso pozik daude institutuan, baina edozein aukera baliatzen dute bertatik hanka egiteko. Kontraesana areto nagusia betetzeko tamainakoa izan arren, bertan geundenok itotzeko modukoa, ez da ezer gertatu; ez da inor ohartu. Alderantziz, konplazentzia giroa ezarri da elkarri besta zoriontsuak opaz bilera amaitu denean, eta presa nagusitu, irakasleen bi herenak ez baitira bazkaltzera gelditu. Galdetu dut -erretorikoki- ea ikasleen balorazioen ostean egitekorik izango ote genuen irakasleok, zeozer aldatu beharrik, ea gure bizitzak moduren batean baldintzatuko ote dituen (imajinatu gabonetako estra baldintzatzea…), baina ez. Bizitzak baldintzatzen dituzten balorazio bakarrak dira guk ikasleei egiten dizkiegunak, berandutzeagatik edo mugikorra erabiltzeagatik zigortzen diren bakarrak haiek diren bezala.

Hilabete bi daramatzat soilik Kataluniako institutu batean, eta momentuz, uste nuenaren kontra, ez dirudi hezkuntza sistema Euskal Herrikoa baino hobea denik. Hemen ere arazoen jatorria kanpoan dago beti; ikasleetan, mugikorretan, kontzertatuetan, hezkuntza sailean... PISAk bereziki Katalunia egurtu izanak ekarri du sektore guztien partetik irakurketa eta aldarrikapen andana, poztekoa dena, eta bat egiten dut gehienekin: inbertsioa handitu, ratioak txikitu, sistema bakarra ezarri, ez segregatu, pantailak ekidin, konpetentziez gain edukiei garrantzia eman...

Alta, asaldatzen nauena da, ikasleak erdigunean jarri behar direla denek defendatzen duten bitartean, inork ez duela aldarrikatzen objektu izatetik subjektu izatera pasatu beharko direnik! Alegia, ikasleek ere izan beharko dutela honetan guztian zer esanik, ala? Bestela, ez al da despotismo ilustratua egiten ari garena? Ikasleek botere (erreal) bat izango balute, ez al luke eskolak hobeto funtzionatuko? Esan diezaiogun demokrazia, azpiratuen diktadura… botere puska bat bederen! Ziur hobeto helduko liratekeela, guk geure egitekoari hobeto helduko geniokeen bezala… imajinatu, irauli eskola! •