Koldo SAGASTI

2023, gizatasuna hil zen urtea

Atzean utzi berri dugun urtea historiako liburuetara pasatuko da, dudarik gabe, Israelgo apartheid erregimeneko administrazioak Palestinako populazio zibilaren kontra burututako sarraski odoltsuagatik. Duela 75 urtetik gora abian jarritako garbiketa etnikoaren kanpainak 2023ko azken hilabeteotan bizi izan du bere inflexio puntu gorena eta lerrook idazteko momentuan 25.000tik gora izango da Gazako zerrendan eraildako hiritar palestinarren kopurua. Nolanahi ere, zifra hori biderkatu egingo da luze gabe bonbardatutako eraikinen hondakinen azpian desagertutakoak, zornatutako zaurien ondorioz hildakoak eta larrialdi humanitarioaren ondorengo gaixotasun kutsakorren erruz zendutakoak ere kontuan hartzen baditugu. Egunotan begien aurrean bizi dugun genozidioak ez dauka aurrekaririk historia modernoan, historiako beste hainbat pasarte lazgarritan ez bezala, triskantzaren irudiak une oro zabaltzen ari zaizkigulako mundu osoko sare sozialetara, eta hedabide hegemoniko klasikoek ere nekez euts diezaioketelako zanpatzailearen kontakizunari.

Azken mendeko beste zenbait gertakizun odoltsutan gertatu ez bezala, etorkizunean inork ezingo du zuritu bere burua, Palestinan gertatzen ari zenaren berri ez zuela esanez. Gaur egun denok dakigu zer gertatzen ari den, itzal handiko nazioarteko erakundeen txosten eguneratuen berri daukagu eta sarraskiaren ebidentzia grafiko kontaezinak ere bai. Gerora, norberak hautatu ahal izango du zein izango den bere jarrera historian.

Lubakiaren alde batean mundu osoan gutxieneko giza eskubideekiko atxikimendua erakutsi eta kalera genozidioa gelditzeko aldarrian atera diren milioika herritarrak daude. Baina, ifrentzuan, eta ez dira gutxi, ezta gure artean ere, zanpatzailearen alde jartzeko hautu kontzientea egin dutenak: Israelgo makineria hiltzailea geldiarazteko erabateko utzikeria erakutsi duten nazioarteko erakundeak, ebidentziaren gainetik erasotzailearen jarrera zuritu nahi izan duten hedabideetako berriemaileak, han-hemenka Palestinarekiko elkartasun adierazpenak esparru publikoan debekatu nahi izan dituzten arduradun politikoak eta, batez ere, Gazako sarraskiak gorabehera, irizpide etikoei erabat muzin egin eta inongo konplexurik gabe Israelgo erregimena sostengatzen jarraitu duten administrazio, politikari eta eragile ekonomikoak.

Horiek guztiek badute jadanik leku bat etorkizuneko historia liburuetan, 2023ko orrialde beltzetan, eta historiak kokatuko du nor berean. •