Ula Iruretagoiena
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Periurbanoa

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Arkitekturako Erasmus ikasleek turista begirada berezia agertzen dute Euskal Herrira datozenean. Beste turista klaseak ez bezala, begi-kurioso hauek gure herrialdearen erradiografia arkitektoniko bat oparitzen digute, irudi nostalgikotik urruti. Poloniako ikasleek hemengo eraikinen fatxada koloretsuak azpimarratzen dituzte, grisa ez den beste tonalitateek osatzen dituztelako etxeak, batez ere azulejua fatxadetan erabiltzen genitueneko arkitekturetan arreta jarriz gero. Herri eta hirien auzo maldatsuetako eskailera mekanikoei argazkia ateratzen diete, txundituta, kale-mugikorraren kontzeptua ez baitago gurean bezain zabaldua, antza. Alemaniako ikasleei behe oinetan dauden etxeetan egiten ditugun pareta begetalak deigarriak egiten zaizkie eta Portugalekoek galdetzen dute ea etxeen balkoi irekiak ixtearen arrazoia zein den, eta ea baimenduta dagoen. Eta euskara eta euskal sinboloak fatxadetan irakurtzeko aukerak flash flash, kamerak aktibatzen ditu.

Aurten Erasmus ikasleekin Lasarte-Oria izan dugu aztergai, Gipuzkoan aurki daitezkeen beste auzo-herrien ezaugarriak dituelako (eta berezitasun propio askorekin noski); autobidearen bizilaguna, industriagunea herritik gertu, ibaiak osatzen duen aktibitate ekonomikoaren ardatza eta landagunearekiko gertutasuna, merkataritza gunea udalerrian, eskualde mailako azpiegiturak. Ikasle askok Lasarte-Oriako alokairuko pisuen egoera ezagutzen zuten bertara bisita egin aurretik, lehen pertsonan pairatzen dutelako Donostian alokairuan bizitzearen zailtasun ekonomikoa, eta asko dira Zumaia edo Irunen ostatua bilatu dutenak. Donostiaren jarraitutasunean irakurtzen den herria da Lasarte-Oria, Hernani edo Orereta bezalaxe. Lasarten bizi dena lasartearra sentitzen al da? Galdetzen dute. Herrigune historikotik paseoan, pabiloi “industrialak” azkar topatzen dira, gune urbanoan egoterik ez duten baina industrialak ere ez diren hainbat aktibitateren leku. Koltxoi denda erraldoia, autoen erreparaziorako garajea, arotz baten tailerra eta yoga klaseak emateko ikasgela nahasirik dira. Eta pabiloi espazio asko, hutsik. Erabilerarik ez duten guneen mapa bat egitea otu zaie, egoeraren zergatia deskubritu nahian.

Periurbanoa izango da ziurrenik, Erasmus ikasleek beraien jaioterrira eramango duten euskal lurraldearen (hirigintza) kontzeptu nagusia. Megahiriaren sentsaziorik gabe, baina urbanitate eta suburbanitatez jositako lur zatien patchwork bat ikusten dute, hibridazio sentsazioarekin. Oriatik paseatuz gero, ardia larrean eta piper-berde landaketa, erraustegia eta logistikako pabiloia topatzen eta nahasten dira begi aurrean. Eta kale itxura galtzen duen bidetik gora eginaz, azkar batean ateratzen gara urbanoa ez den eremura, periurbanora, non mendia parke-urbanotzat jo daitekeen, non baserria txaleta den, non zaldiak eta ortu landaketak dauden, non basoan saneamendu tutua zapaltzen dugun. Lasarte-Orian kalera eta periurbanora ateratzen dira, laburbiltzen dute denek, horretan datza bere xarma. •