Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Bortxaketen aurkako greba orokorra Errenterian

Oreretako Emakume Taldeak antolatu zuen 1980ko greba orokorra, hainbat alderdi eta eragilerekin elkarlanean. Gerra Zikinaren testuinguruan, talde parapolizialak emakumeak bortxatzen ari zirelako deitu zuten protestara.

1980ko urtarrilaren 17an egin zen greba orokorreko mobilizazioa, Errenterian.
1980ko urtarrilaren 17an egin zen greba orokorreko mobilizazioa, Errenterian. (Maite BERRADRE | MEMORANDRA ORERETAKO MEMORIA FEMINISTA)

'Violadores y policía, la misma porquería' oihuak aditzen ziren 1980ko urtarrilaren 17an Errenterian. Garai hartako kronikek airean «biolentziaren klima» sumatzen zela jasotzen dute, giroan «haserrea, beldurra eta urduritasuna» sumatzen zela. Greba orokorrak hilabetean birritan egitea harritzekoa ez zen garaiaz ari gara, bizi zutenei ere zaila egiten zaie protesta bakoitza memorian bereiztea. Duela 43 urte gaurko egunez egin zenak, ordea, bazuen bereizgarri bat: guda ez ofizial batean, talde parapolizialak emakumeak bortxatzen ari ziren, eta eraso horien aurka altxatu ziren herritarrak, «lanuzte orokorra bortxaketen aurka» aldarria pankartan zutelarik.

GAL sortu gabea zen oraindik, baina ordurako ezaguna zen talde parapolizialen bortxa Euskal Herrian. Guda testuinguruetan emakumeen gorputzak gerra-arma bezala erabiltzeko joera mundu osoan izan da, eta gure herria ez da salbuespena izan.

Berandu, baina iritsi zen aitortza: «Aldarrikapen politikoa duten emakumeei» egindako sexu-bortxaketak esplizituki jaso zituen Lakuak, 2008an Argituzek sinatutako 'Motibazio politikoko indarkeriatik eratorritako giza eskubideen urraketak' txostenean, 1970eko eta 1980ko hamarkadei buruzkoan. «Euskal nazionalismoarekiko sentikortasuna edo ezarritakoaren aurrean errebeldia partekatzen zuten jendarteko segmentu ezberdinetan ere terrorea eragitea zuten helburu», jasotzen du txostenak.

Kontzientzia politikoa indartsu zegoen herrietan burutu ziren erasoak; aurretiaz eta estrategikoki pentsatuta zeudela ondorioztatzera eraman gaitzake horrek. Batik bat Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Bermeo, Errenteria eta Irun inguruan, jazo ziren bortxaketa haiek. Hain zuzen ere, Estatu espainolak bere gain hartutako (torturak, bahiketak) zein ukatutako (ekintza paramilitarrak)  errepresio ekintza asko garatutako agertokietan.

Gaurko egunerako, Errenterian eta inguruko herrietan antolatu zen greba, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere izan zuen eragina.  Emakumeen Asanbladek, alderdi politiko ezberdinek eta hainbat eragilek egin zuten grebarako deia. Lantokietan, goizean goiz hasi ziren bilkurak eta sarreren itxierak, eta inguruko taberna eta komertzioek ere bat egin zuten eta aterik ez zabaltzea erabaki zuten. «Erabateko etena» izan zela jakinarazi zuen biharamuneko 'Egin' egunkariak.

‘Egineko’ azala 1980ko urtarrilaren 18an.
‘Egineko’ azala 1980ko urtarrilaren 18an.

Errepide orokorra itxi zuten Errenteriako protestan, eta milaka herritar atera ziren kalera Errenterian, Lezon, Pasaian eta Oiartzunen. Grebaren epizentroa Oiartzualdea izan bazen ere, Euskal Herriko beste hamaika herri eta hiritan ere egin ziren mobilizazioak. Bilbon izan zen esanguratsuenetako bat; arratsaldeko mobilizazioaz gain, egunean zehar egindako ekimenek zeresan handia eman baitzuten. Telenorteko erredakzioan abiatu zituen protestak erredakzioa okupatu zuen emakume talde batek. Azken egunetan gertatutako bortxaketak salatzeko adierazpen bat irakurri zuten, eta arratsaldeko mobilizaziorako dei egin zuten. Mitinaren hasieran baieztapen bat bota zuten: «Matxismoa dagoen bitartean, bortxaketak egongo dira».

Txilibituak lepotik zintzilik ezkutatuta izaten zituzten zenbait emakumek, hori baitzen KAS Emakumeak taldeak emandako gomendioen zerrendako bat: «Zintzilikatu txilibitu bat lepoan, eta jo arriskua dagoenean, oihu egin, ahal bada ostikada bat edo belaunkada bat eman… Autoaren ezaugarriak eta bortxatzaileen ezaugarriak buruz ikasi; bortxaketa gertatu eta berehala hurbileko jendearengana jo eta azterketa mediku bat egin...».

Bitartean, Antonio Ibañez Freire Adolfo Suarezen gobernuko Barne Ministroa zen, eta egoera baliatu zuen polizia gehiago behar zirela esateko. Ostegun hartako protestetan emakumeek argi erantzun zioten ez zela hori bidea: «Sobera dakigu bortxatzaileetako asko poliziak direla».

Zerrenda amaigabea

Bolada hartako bortxaketa salaketak 1979ko azaroan abiatu ziren, Errenterian. Adin txikiko bi gazte Alaberga auzoan atxilotu zituzten, neskak nortasun agiria soinean ez zuela-eta eraman egin zuten, eta ondoren bortxatua izan zela salatu zuen neskak berak.

1980ko urtarrila benetan iluna izan zen, izen bat ere utzi zuen berarekin: Ana Tere Barrueta. «Gazte bat bortxatu eta hil egin dute Loiun» lerroburuarekin ireki zuen 'Egin'-ek urtarrilaren 10eko azala. Urtarrilaren zortziko gauean, Sondikako ikastolan euskara ikasteko klaseetatik bueltan zela, autobusetik jaitsi, eta etxerako bidean zubia gurutzatu zuela izan zen berari buruzko azken notizia. Hurrengo egunean, bere etxetik ehun bat metrora aurkitu zuten: «Ezker begian kolpe handi bat ikus zitekeen, lepoan zauri zorrotz bat, bularren azpian lau zauri, eta bere gerrikoarekin hil zutela ikusi zen».

Ana Tere Barrueta bortxatu eta hil zuteneko albistea ‘Eginen’.
Ana Tere Barrueta bortxatu eta hil zuteneko albistea ‘Eginen’.


Zorigaiztoko gertakari hau eta gero, hainbat mobilizazio izan ziren herri ezberdinetan, Asuakoa (Erandio), Bilbokoa eta Iruñekoa jasotzen zituzten egunkarietako kronikek; EAJ, UGT eta CCOO taldeek ere bat egin zuten mobilizazioekin. Emakumeak beraien eskubideen alde eta matxismoaren aurka mobilizatzen ari ziren bitartean, Errenteria inguruan beste bi bortxaketa gertatu ziren. Kasu hauetan ere, jasotzen da bortxatzaileek pistolak erabili zituztela eta, ondoren, galdeketak egin zizkietela, haien arduraren eta inplikazioaren inguruan eta haien helbidearen inguruan galdetuz. Donostian eta Irunen bost mila lagunetik gora elkartu ziren asteburu horretako mobilizazioetan. Eta testuinguru horren buruan erabaki zuten urtarrilaren 17rako greba orokorrera deitzea.

Egun horietako emakumeen protestei beste aldagai bat batu zitzaien grebaren bezperan: Karlos Saldise hil zuten Lezon. Batallon Vasco Español deituriko taldeak eta GAEk aitortu zuten ekintza. Amnistiaren aldeko komiteen aurka ekintzak egiten jarraituko zutela aldarrikatu zuen GAEk, eta «gora Espainiaren batasuna» esanez amaitu zuen komunikatua. Bortxari erantzuteko eta grebara batzeko motibo bat gehiago izan zen Euskal Herriarentzat. Eta hurrengo egunean, greba orokorra egitera dei egin zuten Gipuzkoako zenbait herritako udalek ere.