Gilen TXINTXURRETA BEITIA- @GilenTxintxu
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Eztabaida zaharrak

Chillidaren Tindaya proiektuaren maketaren argazkia.
Chillidaren Tindaya proiektuaren maketaren argazkia. (GAUR8)

Izan zen garai bat euskal artea munduan abangoardia izan zena, ondo dator hau gogoratzea idortasun garaietan. Oteiza, Basterretxea, Zumeta, Mendiburu… abizenek mundu osora garraiatu zuten euskal erroak zituen arte plastikoa, GAUR mugimenduaren baitan. Baina norbaitek gure aberriaren mugak zeharkatu bazituen, hori Chillida izan zen.

100 urte pasa dira bere jaiotzatik, eta horren urteurrena ospatzeak, pertsonaren goraipamenetik haratago, haren lana bisitatzeko eta eguneratzeko aukera ematen digu, besteak beste. Arkitekturari oso loturiko lana izan da Chillidarena, eta Luis Peña Gantxeguirekin batera burutu zituen seguruenik bere interbentzio esanguratsuenak. Artea museoetatik atera eta, harri eta altzairuzko paisaiak eraikiz, espazio publikoari duintasuna ematen jakin zuen bikote gipuzkoarrak. Donostiako Haizearen Orrazia (Tenis Plaza) eta Gasteizko Foru Enparantza dira gurean utzi dituzten eredu bikainenak, biak ala biak hiri bakoitzaren ikur bilakatu dira, eta biak ala biak polemika iturri izan ziren bere garaian.

Haizearen Orrazia itsasoari irabazitako plaza bat da, naturaren edertasun basatiari gailendu zaion hiri zati bat, eta hortaz, haren aurkako eraso bezala kontsidera daiteke. Gasteizko Foru Enparantza egiteko, Gustave Eiffel ingeniariaren tailerretan eginiko merkatua, Abastos Plaza, eraitsi behar izan zen, eta horrek Gasteizko ondare arkitektoniko eta kulturalean galera gogorra suposatu zuen. Bi kasuetan aurretik ederra zen zerbait suntsitu zen artearen eta garai berrien izenean, baina bi kasuetan, aurretik zegoena baino maitatuagoa da berria. Suntsipenaren errautsek fruitu ederrak ernaldu zituzten.

Kontraesan hauen eredu argiena eta gure garaiko eztabaida askoren ispilu fidelena Chillidaren burutu gabeko maisulana da. 90eko hamarkadan Fuerteventurako la Oliva herrian Tindaya mendi sakratua zulatu eta bere bihotzean ordura arteko “eskultura” handiena egin nahi izan zuen, 50x50 metroko kubo huts bat, gizakia hustasun monumentalarekin aurrez aurre jarriko zuen obra bat. Burutu gabeko lan honek beste askok baino eragin handiagoa izan du ziurrenik artearen historian. Baina XX. mendeko artelanik esanguratsuena izan zitekeena, mugimendu ekologista, arkeologo eta geologoekin topatu zen. Haien argudioz, mendia bere horretan zen baliotsua, bere aztarnategi, bere mineral eta bere historia aski altxor ziren, eta Chillidaren proiektua aberrazio handinahi espekulatibo bat besterik ez zen. Ezaguna egingo zaizue kantaren doinua.

Asko dira gurean gisa honetako eztabaida sortzen duten gaiak. Ingurugiroan, paisaian edo orokorrean, gure egunerokotasunean eragin sakona izango duten proiektuak mahai gainean jartzerakoan, botere politiko eta ekonomikoak alde agertu ohi dira, eta auzokide eta kasuan kasuko plataforma eta elkarte zibikoek aurka egin ohi diete. Ikusten dugunez, betiereko eztabaida da hau, eta artikulu honek ez du erantzun bat bilatzeko inongo asmorik. Egia bakarra da, proiektua aurrera irtengo den edo ez baldintzatzen duena, indar orekak diren eztabaidagaiaren bertute edo gabezietatik haratago. Horren jakitun izanik, garrantzizkoa da argi edukitzea bestearen egia ulertzen saiatzea ez dela posizio propioei uko egitea. Eztabaida garratz asko ekidingo lirateke euskaldunongan naturala dirudien burugogorkeria alde batera uzten jakin izan bagenu, eta aurrera atera diren proiektu asko hobeak lirateke herritarren gainetik pasatu ordez sentsibilitatez eta eskuzabaltasunez jokatu izan balitz.

Azken finean, zer baino garrantzitsuagoa nola izan ohi da askotan, eta erabaki hartze gehienak gure eskumenetik kanpo egoten direnez, egiteko moduari bikaintasuna eskatzea estrategia egokia iruditzen zait. Chillidak bikaintasunez landu zituen bere proiektu guztiak, eta emaitzak ezagunak dira. Itsasoko haizea ederrago dago altzairuzko atzamarrek ferekatu ostean. •