Banako askearen aurka, holobionte feministak
Liberalismoaren oinarria banako askea da, banakoa erdigunean dago jakintzaren hainbat esparrutan, esaterako zuzenbide burgesean edo psikologia klinikoan. Badirudi horren guztiaren oinarrian nolabaiteko batasun naturala erakusten duen banako biologikoa dagoela, baina XIX. mendeko ekologiak eta XX. mendetik aurrera garatu diren sinbiosiaren teoriak indibidualtasunaren kontzepzio klasikoa eraldatzen ari dira, espezieen arteko harreman interaktiboek organismoaren mugak desitxuratzen dituztela baieztatuz.
Indibidualtasunaren ikuspuntu biologikoak animalia osotasun estrukturatu gisa ulertzen du, Seibtek (2020) Aristotelesekin lotzen du biologiak tradizio filosofikotik jaso duen banako kontzeptuaren genealogia. Autore horren aburuz, indibiduo bizidunek antolakuntza-batasun primarioaren zentzua irudikatzen zuten, berbera esentziaz blaitutako izateari lotuz .
Gaur egungo zientzia biologikoek jasotako informazioak, ordea, osotasun hori askotariko bakterioz eta mikrobioz eratuta dagoela erakusten du. Sinbiosia deritzo bi organismo edo gehiagoren arteko epe luzerako harreman biologikoari, eta sinbiosian parte hartzen duten elementu ezberdinak batera izendatzeko balio duen terminoa holobiontea da; hortaz, makrobio eta mikrobioen arteko dependentzia harremanez josita dauden sareak dira holobionteak.
Banakoak biologian zentzu anatomikoan, enbriologikoan, fisiologikoan, immunologikoan, genetikoan eta ebolutiboan definitu dira; Gilbertek, Sappek eta Tauberrek (2012) “We have never been individuals” testuan banakoaren definizio horiek guztiak ukatzen dituzte. Haiek garatzen dituzten argudio guztiak hona ekartzea ezinezkoa denez, definizioetako bat bakarrik kritikatuko dut: banakoaren definizio genetikoa.
Ez dago giza genomarik, ez dago espezie bakar batek osa dezakeen batasunik. Holobionteak genoma anitzez daude osatuak, giza genomaren kasuan adibidez, DNAren %50 inguru modu exogenoan (banakoaren gorputzetik “kanpo”) eskuratutako DNA sekuentzia transponagarriek osatzen dute. Indibidualtasunaren irizpide genetikoak ez du gaitasunik banakoaren definizioa asetzeko, mikrobioek animaliaren genetikaz haratago doan herentziazko bigarren sistema bat ematen dutelako.
Holobionteak indibidualtasuna ezabatzen du. Animalia eta landare guztiek harreman sinbiotiko etengabeak eratzen baitituzte espezie desberdinetako mikrobioekin; hori dela eta, animaliak jada ezin dira indibiduotzat hartu biologia klasikoaren ezein zentzutan. Ez dago kriterio biologikorik banakoa mugatzeko, hortaz, holobionteak gara, hau da, espezie anitzez osatutako organismoak autoantolakuntzarako gaitasunarekin. Banako gisa ulertu dugun horrek, den hori izateko espezie anitzen arteko harremana behar duelako, horrek holobiontearen iraupena ahalbidetzen duelarik.
Holobionteak liberalismoaren subjektua den banakoa ordezkatu behar du. Banakoaren erorketa horrek monoteismoa ezabatzen du, gertatzen den oro gauza batera murriztean datzan ideia. Holobionteek kausa bat baino gehiago dituzte, espezie bat baino gehiago, ez dago subjektu bat, anitzak eta ezberdinak direnen arteko harremana da “banako” izendatu duguna.
Biologiak holobiontearen inguruan eskaintzen digun irakaspenak gaurkoan hau erakutsi digu: liberalismoaren banakoaren aurrean, feminismotik askotan aldarrikatu dugun subjektu kolektibo eta interdependentea ez da soilik proposamen politikoa; haratago doa, eta mundua hobeto ulertzeko oinarri zientifikoa ere bada. •