Garazi GOIA
Idazlea
3 BEGIRADA:

Horma

Hitz egiten duen horma bat ospitale batean.
Hitz egiten duen horma bat ospitale batean. (Garazi GOIA)

Begirunea. Egonaldia. Eleaniztasuna. Errespetua. Eskubideak. Etorkizuna. Gomendioak. Gozotasuna. Harmena. Harremanak. Hurbiltasuna. Kalitatea. Konpromisoa. Komunikazioa. Lankidetza. Mahai inguruak. Maitasuna. Laguntza. Planak. Prebentzioa. Pazientzia. Proiektuak. Saiakuntzak. Senideak. Zainketak.

Ospitaleko horma batean zegoen muralean hitz mordoa idatzita. Hamahiru egunez horma horren aurretik pasatu nintzen egunean lauzpabost aldiz, eta begirada hitz konkretu batzuetara joaten zitzaidan. Argazkia atera nion, kuriositatez, mural horren ideia izan zuenaren bila joateko asmoarekin.

Gristasunaren anbiguotasuna atsegin izan dut beti. Beltzari optimismoz begiratzen dion gris hori, eta zuriari erronka positiboa jartzen diona. Egoera guztiak hobetu daitezkeela pentsatzeak indarra ematen dit, amets egiteko, eta lortzeko zailak diren amets horien atzetik joateko. Eroso ibiltzen naiz bi aldeetatik hoberena ateratzen. Ni baino jakitunagoa den batek esan zidan behin, «zuk aukerak bilatu eta sortu; eta izan zaitez beti zu zeu azken aukera egiten duena». Printzipio hori modu ortodoxoan aplikatzen saiatzen naiz egiten ditudan gauza askotan.

Bizitzak binario izaera hartzen duen uneetan, tupustean zuria edo beltza izan daitekeela definitzen duten momentu horiek existitzen direla ohartzeak lezio bat eman dit. Pareta horren aurretik pasatu nintzen hamahiru egunetako bakoitzean, nire gustukoa den gristasunetik atera ninduen egoerak. Parametroak hautsi eta ordu bakoitzak zeukan garrantziaz ohartu nintzen. Teoria badakigu eta askotan errepikatzen ditugu esamoldeak, teoriak ematen digun ezjakintasunean adituak izango bagina bezala: ez garela ezer, denbora ondo aprobetxatu behar dugula eta antzekoak. Ingelesez “safety net”, “segurtasun sarea” esaten zaio zuretzat beti hor dagoen norbaiti, euskarria den hori, pilarea denari. Sareari zulo bat egiten diotenean, edo bat-batean hausten denean, jokoaren erregelak aldatzen dizkigute.

Ezin nuen aukeratu hari gorriarekin edo beltzarekin josiko ote nuen sarea. Zaurgarritasunaren muturreko egoera hartan, ezin nituen aukerak sortu, ez neukan aukeratzeko botere hura, eta hutsik sentitu nintzen. Ezintasunez eta inpotentziaz begiratu nezakeen, ikusle pasibo baten moduan, besteen eskuetan zegoen-eta sarearen josketa hori.

Gaur ospitaletik ateratzera nindoala, binario izate hartatik urrun nagoela sentitu dut, eta lasaitasun handia izan da. Hiru aste ziren mural hori ikusten ez nuela. Gaur arte ez naiz konturatu ordena alfabetikoan daudela hitzak eta behin baino gehiagotan errepikatuta dagoela hitz bakoitza. Goiko paragrafoan idatzita dauden hitzak aukeratu ditut beste hainbaten artetik. Aukeraketa hori egite hutsak indarra eman dit, berriro ere nire gristasunera itzultzen ari naizela sentitu dut. Borroka horretako ikusle izateak emandako ikasgaia gogorra izan da, borrokalariak miresten ditut eta jostunen lanarekin apaltasunezko esker onez nago. •