Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Itzalak eta etxeak

Ohi baino lehenago oheratu zara, asteari indarrez ekiteko. Liburua irakurtzen ari zara, baina ohartzerako buru kolpeka hasi zara, loari eutsi ezinda. Kapituluaren amaierara arte eusteko esan diozu zeure buruari. «Etxea galdu duenak itzalik gabe geratu denaren sentipena izan behar du», irakurri duzu azken lerroetan. Liburua utzi, argia itzali, eta begiak itxi dituzu.

Buelta bat eskuinera. Beste bat ezkerrera. Ustez gain hartua zizun loak, baina argia itzaltzearekin batera piztu zaizu burua. Ez dakizu oso ondo zergatik, sukaldeko suak egiten dituen argi-itzalek eraginda edo irakurri berri duzun esaldia irentsi ezinik zabiltzalako.

Zeure jabetzako etxean bizi zara azken urteotan. Bakarrik. Lasai. Eroso. Ez duzu etxea galtzeko beldurrik sentitzen. Toki berean bizi zinen txikitan; zazpi bizikide zineten orduan teilatupe batean: etxebizitza bat, sukalde bat, lau gela eta komun bakarra. Egun ere zazpi lagun bizi zarete bi etxe elkartuk osatutako teilatupean: hiru etxebizitza, hiru sukalde, hamar gela eta sei komun.

“Gure” herria, “gure” etxea, “gure” ama... esan behar zela ikasi zenuen euskara jatorrean. Ordea, badakizu ‘nire’ etxea esatea dagokizula orain, jatorra ez ezik, zintzoa ere izateko. Zorteduna zara, bai. Baina badakizu ez duzula errudun sentitu behar horregatik, eta zurea ez dela egoera orokortua. Gurasoenetik ateratzeko gogoz zegoen lagun batek pozarren kontatu dizu (ordaintzeko moduko) alokairuko etxe bat topatu duela bere herrian. Hipoteka malgua duen adiskidea urduri ikusi duzu kalkuluak egiten, datozen hilabeteetako aurreikuspenak egin nahian. Etxearen itzala ez ezik, hipotekarena ere luzerako du.

Duela gutxi entzundako albisteak datozkizu arrapaladan burura: kalean hilda topatu dute etxegabe bat; bostetik batek sarreren erdia baino gehiago bideratzen du alokairura Gipuzkoan; gazteen emantzipazioa Europako batezbestekoaren erdia baino gutxiago da Hego Euskal Herrian; bost etxebizitzatik bat bigarren etxebizitza da Ipar Euskal Herrian, eta 42.700, hutsik egon dira gutxienez zortzi hilabetez...

Gertu daude elkarrengandik bankuak eta banketxeak; espaloi berean sarri. Batera zein bestera lotuta dago jendea: batzuk, lehenengoan lo egitera; beste batzuk, bigarrenarentzat lan egitera. Paradoxikoa da, lehena bizitokia baita zenbaitentzat, etxeak bigarrenak dituen arren. Gertu daude elkarrengandik jabe eta gabe hitzak ere. Baina, aldi berean, elkarrengandik hain urrun: 25ºC-ko distantziara neguko gau hotz batean. Hotzik izan ez arren, mantari tira egin diozu burua estaltzeko.

«Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude», abestuz ibili zara azken egunotan. Eta hala da, gauzak horrela daude; baina ez da utzikeriagatik, ezpada batzuek norabide jakin bateko politikak egin dituztelako. Jabego handien, funts putreen eta banketxeen interesak lehenetsi dituzte, herritarrak eskubide, bizitza eta etxe gabe uzteraino. Baina, gauzak horrela ez direnez, argi duzu norabidez aldatu eta bestelako politika batzuek ardaztutako herria eraiki daitekeela.

Ohetik jaiki zara eta baso bat ur edan duzu. Atseden hartu nahi duzu, eta atseden eman buruari ere. Bihar goizean astebururako plana proposatuko diezu lagunei: bazkaria zure etxean. Ez da ohiko gaia etxebizitzarena zuen elkarrizketetan, eta oraingoan ere ziur asko ez duzue horretaz hitz egingo. Haatik, etxeko ateak irekiko dizkiezu, eta zure etxea “gureago” egiten saiatuko zara behintzat. Norbere itzalik gabe geratzea hain merke dagoen garaiotan, elkarren abaro bederen izateko. •