Andoni URBISTONDO

Nafar pirinioetako bizipoza

Jose Ignazio Illarrazek 900 bat kilometro egiten ditu astero Nafar Pirinioetako errepideetan barrena furgonetarekin. Saltzaile ibiltaria da, herri eder apartatuetan bizi diren biztanleei arraina, fruta, barazkiak... eramaten dizkie. Oso lan beharrezkoa egiten du, baina segida kolokan dago.

Saltzaile ibiltariaren lana oso garrantzitsua da herri txiki eta apartatuetan bizi direnentzat. Baina segida izatea ez dago ziurtatuta.
Saltzaile ibiltariaren lana oso garrantzitsua da herri txiki eta apartatuetan bizi direnentzat. Baina segida izatea ez dago ziurtatuta. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

40 urte daramatza Jose Ignacio Illarrazek Nafar Pirinioetako errepideetan barrena saltzaile ibiltari jardunean. 900 bat kilometro egiten ditu astero, batez ere arraina, barazkiak eta fruta eramaten Esteribar, Erroibar, Aezkoa eta Zaraitzu bailarako herri txikietara. Bere etorrera gertakari sozial bat da ia-ia, bertakoei ordubeteko bidea kentzen baitie Iruñea hiriburura joan gabe. «Mesede handia egiten digu», diote zintzo, eta saltzaile ibiltariak Nafarroako ondare izendatu behar omen lituzkete. Izan ere, etorkizuna beltz samarra da: «Ez dago segidarik; lan gogor hau eginen duen gazterik ez dago», dio saltzaileak.

Euskaldunak trumilka bertaratzen gara Nafar Pirinioetara. Ederrak dira txoko haietako paisaia eta bazterrak, baina gutako gehienak egun pare bat pasatu eta jaioterriaren erosotasunera bueltatzen gara. Milaka gutxi batzuk urteak, hamarkadak daramatzate han, Esteribar, Erroibar, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari bailaratan bizitzen. Egunerokoa ez da samurra, batez ere neguko elur eta izotzak dena zailtzen duenean. Herri edo hirietan ohikoak diren zerbitzuak urrun geratzen zaizkie, besteak beste supermerkatuak, eta horien hutsunea saltzaile ibiltariekin betetzen dute: produktu fresko eta onak banatzeaz gain, bertakoei bizipoza ematen dien zerbitzua da.

Jose Ignacio Illarraz Atarrabiakoa da (Asio esaten diote bezero askok, Ignacioren laburdura). Jende gutxi egongo da Nafar Pirinioetako errepide, zoko eta bazterrak berak baino hobeto ezagutzen duenik. 40 urte daramatza saltzaile ibiltari ofizioan, eta adinaren nekea nabaritzen hasia bada ere (57 urte ditu), gustura osatzen ditu asteroko 900 kilometroak Pirinioetan barrena. Asme enpresa gidatzen du, anaiarekin batera, eta fruta, barazkiak eta arrain freskoa saltzen ditu. Eskariz ere egiten du lana: «27 urte enpresa bateko gidari egin nuen lana, eta azken 12 urteetan autonomo moduan ari naiz», dio.

Asteartetik larunbatera bitarte egiten du beharra: «Lauak aldera jaikitzen naiz, eta anaiarekin MercaIruñan frutak eta barazkiak erosi. Ondoren, arraina, lonjan. Urte batzuk atzera Hondarribian eta Pasaian erosten genuen, orain Iruñean. Furgoneta prestatzen dugu, eta zortziak aldera martxan jartzen naiz». Egunaren arabera ibilbide ezberdinak egiten ditu. Ostegunetan Esteribar, Aezkoa eta Zaraitzu bailarak bisitatzen ditu. Zehazki Zilbeti, Aezkoa-Hiriberri, Garaioa, Abaurrepea, Abaurregaina eta Jaurrieta herrixkak.

Zilbeti bertara daraman seinaleagatik da ezagunagoa, herriagatik baino. Zubiritik Erro mendatean gora bihurgune itxi bat dago, eta han dago betidanik Zilbeti 6 erakusten duen seinalea. 10 minutuko bide sigi-sagatsuaren ostean agertzen da Zilbeti, mendiek inguratutako herri aparta. Pello da eguneko lehen bezeroa, herriko alkate izandako gizona: «Saltzaile ibiltariak ezinbestekoak dira guretzat, batez ere pandemia garaian. Ni orduan alkate nintzen, eta hemendik ezin ginen mugitu: fruta, barazkiak eta arraina astero esku-eskura dauzkagu. Adinean gora goazenontzat oso garrantzitsua da bere etorrera».

Pellok tipulak, azenarioak, laranjak, sagarrak, letxugak, tomateak eta ananak erosi dizkio Jose Ignaciori, eta mesfidati begiratzen die gero eta ohikoagoak diren banaketa enpresa erraldoiei: «Ohiturako gizona naiz, ez diet banaketa enpresa handiei ezer eskatzen. Baina etortzen dira, gero eta gehiago. Eta oker gabiltza. Zaila da, dena den, enpresa handi horien aurka egitea. Ez didate konfiantzarik ematen». Atsekabez, hala dio: «Asio-ri erosten dioten lau katu geratzen gara, bizitza moderno honetan». Zilbetin hainbestean moldatzen omen dira, «ordu erdian Iruñean gaudelako. Urrunago bageunde ez ginateke hain erraz joango hiriburura. Ni erosle finkoa naiz, ostegunero erosten diot, eta ni bezala, Zilbetiko lauzpabost familiak».

Lau lagun hurbildu dira erosketak egitera, Jose Ignaciok bozina soinutsuari eragin ostean. Lau bezerorekin 200 bat euro bildu ditu. Zaharrenek diruarekin ordaintzen diote, eta gazteagoek bankuko txartelez edo Bizum bitartez: Sos kopuru ona bildu duen galdetuta, hauxe erantzuna: «Aintzat hartu Zilbetira astean behin etortzen naizela, produktu dezente saltzen dut». Salmenta guztiak aintzat hartuz, Jose Ignacio kontent da bere irabaziekin: «Ez naiz kexatzen, zenbakiek ematen dute».

Jose Ignaciok askoz gehiago saltzen du hileko lehen bi astetan, azken bietan baino. Arrazoia? «Pentsiodunak dira nire bezero gehienak, eta ez dute soldata handia». Neguan ere udan baino gehiago saltzen du, Pirinioetan ez delako fruta eta barazki askorik kontsumitzen neguan. «Udan salmentak bikoizten ditut».

Tratu zintzoa erosleekin

Errepide nagusira bueltan, zeharkatzen dituen herri guztietan ezagututako pasadizoak kontatzen hasi da Jose Ignacio. Loteria ere banatzen du, eta 2015ean sari potoloa banatu zuen Erroibar bailaran. 85 zenbaki, hain zuzen ere, bederatzi milioi euro denera. «Lintzoaingo bizilagun batek hiru milioi euro irabazi zituen», bota du Erroibar bailarako hiriburua atzean uzten dugun bitartean. Errepideko bihurgune guztiak ezagutzen ditu, eta Aezkoa-Hiriberri herrixkaraino tartea dagoenez, bere lanaren nondik norakoak zehazten hasi da Atarrabiako gizona: «Arrain-saltzaile bati zamalanak egiten hasi nintzen. Laguntzaile 27 urte eman nituen pertsona horrekin, eta azken hamabi urteak nire kabuz, autonomo, nagusia zenak erretiroa hartu baitzuen eta Pirinioetako herrietako banaketarik ez zutela egingo esan baitzidaten».

Ez omen zuen zalantzarik eduki, hasiera gogorra izan bazen ere: «Hutsetik hasi behar izan nuen: biltegi, kamioi eta hotz kamera berriak erosi behar izan nituen». Anaiak laguntzen dio, jardunaldi erdiz, goizetan kamioia prestatzen, eta zortziak aldera bideari ekiten dio. 40 urteko jardunean sumatu dituen aldaketa handienei buruz galdetuta, garbi du: «Pirinioetako herriak husten ari dira, eta denda handiak gero eta gertuago daude. Egun, jendea komertzio gune erraldoietara joaten da aisiaz gozatzera; gu gazteak ginenean kalean ibiltzen ginen. Egun, etxera nahi duzun guztia eramaten dizute banaketa enpresa erraldoiek. Sarri bi euroko produktu bat eramateko 100 kilometro egiten dituzten banatzaileak topatu izan ditut». Kritiko mintzatzen da, «ez sinestekoa da noraino iritsi garen» hausnartzen du. Egoera hori indartuz joango dela uste du Jose Ignaciok, «gazteek internet kontsumitzen dutelako».

Biztanleekin duen harremana, tratu zuzena omen bere lanbideko gauzarik onena: «Gustura egiten dut lana. Oso lan erraza da. Herri batzuk beste batzuk baino gogorragoak dira, Luzaide adibidez, ordubete pasa dagoelako Iruñetik, baina jendearekin harreman ona dut, eta horrek neke oro itzaltzen du. Tradizio bat bilakatu da herrietara asteko egun jakinetan joatea, eta badakit, gutxi-asko, herri bakoitzean nor irtengo den eta zer erosiko didan».

Urrobi kanpinaren parean Aezkoa aldera hartu du, Auritz, Orreaga eta Luzaideko bidea ezkerrera utzita. Luzaide aipatu du berriro, herri zerga kobratzen dioten herri bakarra dela gogoratuz, haserre samar: «90 euro ordaintzen ditut urteko, eta zer pentsatua ematen dit, hango biztanle askoren mesedean joaten bainaiz haraino». Garralda zeharkatu eta ezagunak agurtu ditu Aribeko supermerkatu txikian. Salmenta gunea ez da ireki zaharra, eta bere lanarentzat konpetentzia izan bazitekeen ere, bailararentzat ona dela dio aho bizarrik gabe Jose Ignaciok: «Jendea elkartzeko balio du, ahaztutako zerbait erosteko, eta neuk ere gauzak saltzen dizkiet».

Orbarako Juanita

Aezkoa-Hiriberriko bidegurutzea hartu aurretik Irati errekako zubia zeharkatu du Jose Ignaciok Ariben, eta Orbaitzeta eta Orbarako bidegurutzea atzean utzi. Orbaran bizi den Juanitaren pasadizoa ekarri du solasaldira: «101 urte ditu eta Orbaitzetakoa da. Orbarara 16 urterekin joan zen, familia bateko langile, eta zaintzen zuen familiako kide guztiak hil ondoren, bertan jarraitzen du Juanitak». Bere bezero fidelenetakoa omen: «Senideek laguntzen diote erosketak egiten, eta nahi izango balu, ez lidake ezer erosiko, baina beti eskatzen dit zerbait: nirekin hitz egin, tartetxo bat eman eta pozik bueltatzen da etxera». Beste saltzaile ibiltari bat Juanita erosle moduan bereganatzen saiatu zela dio Jose Ignaciok, «baina Juanitak han gehiago ez azaltzeko esan zion, berak bazeukala nori erosi».

Izan ere, Jose Ignacio ez da Pirinioetan barrena ibiltzen den saltzaile ibiltari bakarra. Lankide dituenekin harreman ona, «normala», duela dio. «Ez dira konpetentzia niretzat, bakoitzak gure bezeroak eta herriak baititugu». Nafar Pirinioetako jendea ohitura tinkoko jendea dela dio, «saltzaile bati erosten hasten badira, horri erosten jarraituko dute, saltzailea zintzo portatzen baldin bada».

Goizeko hamaikak gertu dira Garaioara iritsi denerako. Hamaiketakoa egin du bertako Ibarraetxea jatetxean. lauretan jaiki eta gosaltzen du egunero, eta tripa zorriak aspaldi esnatu zaizkio gidariari. Hiruzpalau ordu geratzen zaizkio oraindik eguneroko lana bukatzeko, baina presarik gabe ari da salmentan Garaioako biztanleekin, itxuraz biharamunean etorriko den elurte eta hotzaldia ahotan dutela.

Abaurrepea da hurrengo geltokia, eta gizarte-zaintzailea den Isabel etorri da zaintzen ari den lagunaren erosketa egitera. Biztanleria nahiko adinduna da Pirinioetako bailaretan, eta langile horien zeregina Jose Ignaciorena bezain funtsezkoa da, kale giro hotzak ez baitu sutondotik sobera aldentzeko gonbiterik egiten. Kilometro pare bat gorago Abaurregainara iritsi gara, Nafarroa eta Euskal Herriko herririk garaienera, 1.032 metrora. «Bueltan geratuko gara, azken geltokia, eta Jaurrietara joango gara zuzenean», bota du Jose Ignaciok. Abaurregainatik Jaurrietara, Aezkoatik Zaraitzu bailarara, Orhyko kukula eta beste mendi garaiak elurrez biluzik agertu zaizkigu.

Jaurrieta herri pottokoa da, ia 200 biztanlekoa. Etxe handi eta ikusgarriak ditu errepide bazterretan, eta Jose Ignaciok salmenta onak izaten ditu Zaraitzuko mendebaldeko atean. Lau geltoki egin ditu guztira, eta zortzi bezero hurbildu dira saltzailearen furgonetara. Celestino eta Maribel dira horietako bi, eta elkarri adarra jotzen aritu dira, Jose Ignaciok erosketa poltsa betetzen dien bitartean. «Tomate onak al dituzu gaur?», bota dio Maribelek. Jose Ignaciok, saltzaile onengan ohikoa den mingain zorrotzarekin, erantzuna: «Gaur Jaurrietan bilatuko dituzun onenak». Eta eroslea isilik geratu da, barrez.

«Galtzean jabetzen gara altxorrekin»

Luis ere erosketa zerrenda betearekin hurbildu da salmenta puntura: «Asteko erosketa gehienak Jose Ignaciori egiten dizkiot, baina gero eta gehiago dira Iruñera enkarguren bat egitera joan, eta supermerkatuko buelta egiteko aprobetxatzen dutenak. Erretiratuta nago, emaztearekin bizi naiz hemen lasai, eta zerbitzu hau galtzea oso gogorra izanen litzateke guretzat». Hitz egiten hasi da, eta hausnarketa interesgarria egin du: «Nire ustez herrietako udalek, Zaraitzu bailarako Juntak, Pirinioetako Mankomunitateak edo Nafarroako Gobernuak zerbitzu hau bermatzeko ekimenen bat garatu beharko lukete, herritarrontzat funtsezko zerbitzua baita. Pentsa, nire ostegunak saltzailearen etorreraren arabera antolatzen ditut. Badakit Jose Ignacio eguerdi aldera etortzen dela, eta goiza behar ditudan produktuen zerrenda osatuz pasatzen dut. Gero erosketak egin, eta kito. Denetarik saltzen du, eskatzen diozuna ere ekartzen dizu, eta dena oso kalitate onekoa».

Jose Ignacio bihurri samarra dela ere bota du Luisek, txantxetan: «Frutaren bat hiru kilo jartzeko eskatu, eta igual hiru eta erdi jartzen dizkizu, baina bueno, onartzeko moduko tranpatxoak dira horiek». Agurtu aurretik bota du Luisek denon hausnarketa eragin beharko lukeen esaldia: «Altxor bat daukagu Jose Ignaciorekin, baina galtzen dugun arte ez gara jabetzen daukagun edo geneukan altxorraz. Ea ba galdu aurretik jabetzen garen, eta luze mantentzen dugun».

Jaurrietatik Abaurregainara bueltan, Luisen hitzen inguruan galdetu diogu Jose Ignaciori: «Eskertzekoak dira bere hitzak, ez baitira ondo geratzeko esanak. Beraiek ere badakite gu euren mesedetan aritzen garela, jende zintzoa garela». Luisen hitzen harira, etorkizuna nola ikusten duen, eta zehazki, bere burua saltzaile ibiltari jardunean noiz arte ikusten duen ere bota diogu saltzaileari, Erro mendatean behera etxeko epelaren usaina nabaritzearekin batera: «Ez dakit, 900 kilometro dira astero, eta nekatzen hasita nago dagoeneko. Berez 67 urtera arte aritu beharko nuke, erretiroa kobratzeko, baina… Buruko min handiak sortzen dizkit Nafar Pirinioetako herritarrak umezurtz uzteak, baina ez da segidarik ikusten. Orain bilatzen hasiko banintz, ez nuke inor topatuko. Egungo gazteak 2.000 euro nahi ditu hilean, eta enpresan astelehenetik ostiralera lan egin zortzi orduz».

Momentuz, Jose Ignaciok Atarrabiatik iparrerako bidea hartzen segituko du asteartetik larunbatera, bere bezero maiteei lagunduz bizimodua egiten.