Letrei letrak eta hitzei hitzak
Bi lerrok definitutako lerroak zituzten koadernoak erosteko esaten ziguten eskolan. Esaten zieten, gurasoei. Idaztea marrazketa ariketa bat zen garai hartan, arbelean idatzitako “a” borobilak eta “t” luzangak kopiatzen genituen lerroz lerro, markatutako tartetik atera gabe. Pixkanaka ikasi genuen letrei letrak eransten eta hitzei hitzak oparitzen. Jolas polita zen; ez dut asperdurarik eta esku nekaturik akorduan. Uste dut gustura ikasi nuela idazten.
Helduak izateko antsiaz iratzarri ginen goiz batean, zortzi-bederatzi urterekin, gure gelako hiruzpalau laguni otu zitzaigun paper inprimatuetako letra askoz serioago hura imitatu behar genuela. Ondoko laguna animatu nuen proposamena egin zezan, baimena eska zezan; besteren baimena zen garai hartan zernahitarako lehen baldintza. Eta irakasleak ezetz: erakutsi ziguten kaligrafia lotua erabili behar genuela. “Pikatu” egin ginen. Orduan, umearen errebeldia burugogorrean, gureari eutsi genion: letra mota berri eta guaia erabiltzen genuen egunero-egunero; hala egiten genituen eskolako ariketak, etxeko lanak… eta azterketetan, badaezpada, irakaslearen esana obeditzen genuen.
Momenturen batean esango zuten listo, ikasi genuela idazten. Utzi zioten gure koadernoak begiratzeari, eta orain inork ez du erakutsi ziguten bezala idazten.
Gerora askotan egon izan naiz nire idazkerari begira. Saiatu naiz eskuak eginiko letrak formaz aldatzen, fintzen, luzatzen, mardultzen, ñimiñotzen, handitzen, etzaten, zuzentzen, borobiltzen… Institutu garaietan, maiztasun handiz agintzen nion eskuari alda zezala letra tipoa, saia zedila horrela, eta gero horrela. Erreportaje batean irakurri berri dut idazkerak eskuaren jabeaz informazio asko eman dezakeela. Pertsona baten nortasuna eta aldartea ezagutzeko aukera ematen duela grafologiak. Eta nire eskuak, azken lauzpabost urteotan, letra tipo bertsua darabil letrei letrak eta hitzei hitzak gehitzeko; ez dakit horrek zer esan nahiko duen. Agian heldu bihurtuko ginen horretarako antsiarik batere geratzen ez zitzaigun gazte obedienteak. Auskalo, baina, grafologo batek zer liokeen. •