Iraitz MATEO • Maider IANTZI
ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Beteranoen eta gazteagoen ahotsa Printzipalen, hamaseigarren finalean

Seikote finalista, aurkezpen egunean.
Seikote finalista, aurkezpen egunean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako Bertsolari Txapelketa azken geltokira iritsiko da gaur Gasteizko Printzipal antzokian jokatuko den finalarekin. Beteranoen eta gazteagoen arteko oreka izango du finalak, Arabako bertsogintzaren bidea aspaldi ezagutzen dutenak eta kimu berriak, denak oholtza berean Arabari final eder bat janzteko pronto.

 

ASIER OTAMENDI ALKORTA: «GAUR EGUN, IRUDIAREN GIZARTEAN BIZI GARENEZ, TXAPELKETA INDARTU BEHARREKO ZERBAIT DA»

Asier Otamendik (Urretxu, 1971) esperientzia pilatua du Arabako Txapelketan. Egun ez da bere lehentasuna txapelketa, eta liberazio horretatik kantatu nahi du.

Zer moduz zaude?

Oso kontentu eta oso konforme nago. Urrian hasi nintzen sailkapen fasean, nahiko ongi pasatu ginen, eta gero final laurdenetan bigarren egin nuen eta finalerdietan saioa irabazi nuen, nahiko seguru sentitu naiz. Kezka ere izan dut, azken urteetan txapelketatik kanpo ibili naiz eta kostatu egin zait berriro txapelketaren gurpil honetan sartzea. Ilusioarekin abiatu nintzen irailean eta hala nago orain.

9 txapel dituzu. Presio iturri al da hori zuretzat?

30 urteko esperientzia dut bertsotan eta txapelketan, horrek badauka karga moral bat, horri eutsi nahi diozu. Eta beste alde batetik, hasi nintzen txapelketak lasaiago hartzen, ez da nire lehentasuna txapelketarena, distantzia bat hartu nuen txapelketatik eta itzuli naizenean askatasuna sumatu dut. Bertsotan egitera noa, uste dut txapelketan egin beharrekoa edo erakutsi beharrekoa jada eginda daukadala. Nahiz eta oso zaila izaten den buruarentzat, saiatzen naiz lehiaz ahazten, baina ez da lan erraza.

Prestakuntza berezirik egin duzu aurtengorako?

Gutxi gorabehera kasik txapelketa oro hartu genuen ohitura bati jarraitu diot. Urte osoan zehar kuadrilla bat biltzen gara elkarte batean afaldu eta bertsotan egiteko. Asterokotasunean, taldea egituratuta daukagu, bertsoa asko maite dugu eta horrek hor jarraitzen du. Txapelketa datorrenean beste egun bat gehitzen diogu, janaren eta edanaren pizgarriak baztertu eta txapelketako lanak entrenatzeko. Irailean hasi ginen horretan.

Txapelketak zein garrantzi du Arabako bertsogintzan?

Txapelketa erakusleihoa da, jendeak eskatzen du txapelketa, nik uste dut publikoak behar duela txapelketa bat. Arabak ere behar du txapelketa hor egoteko, beste herrialdeak bezalatsu, eta horrek badu inpaktu bat, medioetan adibidez. Erdarazko hedabideetan adibidez, Araban ikusarazten duten gauza bakanetako bat da. Atzean lan izugarria dago, Elkarteak urte osoan zehar egiten duena, hori gordeago geratzen da, baina nire ustez txapelketak irudi aldetik izugarrizko indarra du. Eta gaur egun, irudiaren gizartean bizi garenez, mantendu edo indartu beharreko zerbait da txapelketa.

Aretoak beteta egon dira, osasuntsu al dago Arabako bertsogintza?

Nik oso osasuntsu ikusten dut, gero eta hobeto. Aurten 30 parte hartzaile izan gara, kopuru aldetik dexente, aurpegi berriak ikusten ari gara eta oso ongi ari dira gainera. Mediatikoki ere, sare sozialetan edota medioetan, propaganda dagoenean jendeak erantzun egiten du. Alde horretatik txapelketaren eragina nabaria da, jendea hurbiltzen ari da, eta horrek gero uzten du ondorio bat bertsozalearengan, Elkartearengan eta baita bertsolariarengan ere.

Xabier Ricok jantziko du txapela.

Niri ilusio berezia egiten dit, oso laguna dut. Berarekin hasi nintzen bertsotan, nire lehen irakaslea izan zen. Nire lehen bi urteak Xabierrekin gogoratzen ditut, paperean bertsoak idazten hasi ginen, eta ordutik izugarrizko adiskidetasuna mantendu dugu. Nire bertso taldeko kidea da, oso harreman berezia dugu. Merezi du horrelako aitortza bat, bera izan zen bertso eskolen sortzaileetako bat, eta gerora Arabako bertsolaritzan eta euskalgintzan buru belarri aritu da; nahiz eta adinean aurrera doan, nekaezina da.

Finalerako helbururik?

Animoso iritsi nahi dut. Saio polit eta txukun bat egitea da nire helburua, nik eta denek; publikoa gustura geratuko den saioa egin eta Arabako bertsogintzako irudi indartsu bat ateratzea dut helburu.

 

AROA ARRIZUBIETA BARREDO: «BERTSOA GIZARTEAREN ISLA IZANGO BADA, AHOTS EZBERDINAK OHOLTZAN EGOTEA GARRANTZITSUA DA»

Gaztea da, baina oso argi du zer nahi duen Aroa Arrizubietak (Gasteiz, 2001). Gaurko finalean, pentsatzen duena kantatu nahi du, eta «zirriborratutakoa garbira pasatu».

Nola ikusi duzu txapelketa?

Nahiko ondo, iruditzen zait aurten inoiz baino jendetsuagoa ari dela izaten txapelketa, eta hori oso pozgarria da beti. Saioen aldetik aurten ere bazegoen zalantza bat edo gogo bat, esaten zen gazteek maila hobea zeukatela eta arriskuan egon zitezkeen betikoak ere, orduan bazegoen kuriositate hori bertsozaleen artean.

Eta zure txapelketako saioak?

Final laurdenetan nahiko gustura geratu nintzen, baina beti geratzen zitzaidan fintzeko zerbait. Finalerdietan ofizioetan oso gustura ibili nintzen, batzuetan besteetan baino hobeto; baina gero ganbarakoan blokeatu egin nintzen eta arantza horrekin geratu nintzen. Bi agurretan erabili nuen zirriborroa garbira pasatu nahi izanaren ideia, eta oraindik pendiente geratzen zait hori finalera begira.

17 urte zenituenean izan zen zure lehen txapelketa, eta baita lehen finala ere, oso gazte.

Aurten finaleko gazteena izaten jarraitzen dudan arren, ez noa baldintza horrekin finalera, nire izaera ez da “gazteena da, ez du axola zer egiten duen”, aurten beste jarrera batekin noa. Askoz argiago dut zertarako den bertsoa, zer esan nahi dudan bertsotan, zer den egitera noana: ni ideia konkretu batzuk plazaratzera noa, pentsatzen dudana esatera ahalik eta forma zainduenean. Ez dut joan nahi gazteenaren paperarekin, eta ez dut uste kanpotik ere horrela bizi denik, kendu dut gainetik etiketa hori. Gazteen ideia eramango ditut, nola bizi dugun egoera, belaunaldi berri batek zer dakarren kontatzera joango naiz, ez pertsonalki gazte posiziotik.

Gaztetasunaren etiketa kentzeak mesede egin al dizu?

Lehen saio asko izaten nituen arabarra, gaztea eta neska nintzelako. Kendu ditut etiketa horiek eta horrek bi gauza dakartza: alde batetik, saio pila bat galdu ditudala, eta bestetik, motibazioa. Etiketa horiek gabe jendeak nire bertsokeragatik entzutea nahi dut, ekarpen bat egiten dudalako nahi dut deitzea. Nahi dut jendeak esan dezan “Aroa etortzea nahi dut” eta ez “neska gazte bat etortzea nahi dut”.

Duela bi urte ez zenuen kantatu. Aurtengoan helbururik jarri al diozu zure buruari?

Duela bi urte kanpoan nintzen ikasten eta ezin izan nuen kantatu. Aurten hasieratik beldur handiagoz bizi izan dut, nire buruari jartzen nion presioa altuagoa zen: 17 urterekin finalean egon banintzen, 22 urterekin nola ez naiz ba egongo? Ez nuen esan nahi, baina finala bazen helburuetako bat; gutxienez aurrez egin nuena bezainbeste egitea, kanpotik nuen presioa kentzeko. Orokorrean nire helburua bada beste perspektiba bat eramatea oholtzara eta txapelketara. Txapela beti egongo da hor, ez naiz triste jarriko irabazten ez badut, badakit aukera asko daudela ez irabazteko, baina beti egongo da esperantza txiki bat eta gogo txiki bat.

Gasteizi plaza handi bat ematen dio txapelketak. Garrantzitsua al da?

Inoiz ez naiz txapelketen aldekoa izan; izan ere, zentzu batean tristea ere bada saio bera eginda 20 pertsona etortzea, eta txapelketa delako 600. Baina jendea horrek motibatzen badu, nik uste dut Gasteizen beharrezkoa dela horrelako espazioak sortzea, egokiena litzateke beste eremu batzuetan izatea isla hori pixkanaka. Gorantz doala dirudi, eta beraz, seinale txar-txarra ere ez da.

Zein da egungo bertsogintzaren argazkia Araban?

Iruditzen zait gero eta zabalagoa dela, gero eta jende gehiago dabilela bertan parte hartzen, eta gero eta ikuspegi gehiago daudela. Eta hori oso interesgarria iruditzen zait, azken finean, bertsoa izango baldin bada gizartearen isla, garrantzitsua delako bertako ahots ezberdinak oholtzan egotea; ez dugulako beti espero dena kantatuko, eta hori da dibertigarriena nire ustez.

Gasteiztar batek jantziko du aurtengo txapela.

Gasteiztarrak eta orokorrean Arabako herri ez euskaldunetako bertsolariak egoteak ilusioa egiten dit. Erdi eta erdi gaude finalean, baina iaz errepikatu zen oso pozgarria zela Aramaioko lau egotea. Nire ustez ez da hain berri pozgarria, horren euskaldunak ez diren bertsolariak egotea pozgarriagoa iruditzen zaidalako. Nik uste dut perspektiba hartu behar dugula eta garrantzitsua dela Aramaiotik kanpoko bertsolariek ere txapelketan aurrera egin eta plazetan kantatzea.

 

IÑAKI VIÑASPRE SIMON: «ARABAKO BERTSOGINTZA ELKARREKIN DOA AURRERA, ETA HORI, KANTATZEKO UNEAN, ESKERTZEKOA DA»

Iñaki Viñasprek (1984, Abetxuko) esperientzia handia du oholtzan, gogotsu dago, eta finaleko seikoteak «ibilbide amankomun bat» izateak lagunduko duela uste du.

Zein aldarterekin zaude arratsaldeko saioari begira?

Egia esan, gogotsu; sarrera asko saldu dira, uste dut oholtza gainean egongo den taldea polita dela, eta, beraz, gogotsu.

Helburu zehatzik ba al duzu?

Postuari dagokionean ez behintzat, helburua da ahal dela gozatzea, bai oholtza gainean, bai azpian daudenekin, eta ahalik eta ondoen egitea.

2004az geroztik final guztietan egon zara, txapeldun ere izan zara. Horrek ba al du pisurik zugan?

Pentsatzen dut denontzat duela pisu pixka bat txapelketan zehar, baina aldi berean badakigu finalera denok nahiko berdin goazela, edozer gertatu daitekeela, eta finalari begira, pisua pentsatzen dut denok berdina dugula.

Aurtengo txapelketa nola joan dela esango zenuke?

Oso polita joan da, kanpoan gelditu dira maila handiko bertsolariak, ez bakarrik finaletik kanpo justu xamar geratu direnak, uste dut txapelketa osoan zehar, adibidez, Ekaitz Samaniego batek, finalerdietan puntuazio altua ez duen arren, oso saio politak egin dituela; Izar Mendigurenek freskotasun handia eman die saioei; Eli Zalduak uste dut oso maila polita duela; jakina da Xabi Igoa kanpoan gelditzea denontzat sorpresa bat izan dela, baina denok genekien bazegoela aukera hori ere. Aitor Ugarte, Unai Anda… bertsolari pila bat daude oso ondo ibili direnak eta agian momenturen batean ez direnak hain fin ibili; baina oso maila altua eman dute.

Bertsozalea zer moduz sumatu duzu?

Jendea bero etorri da saioetara eta, beste urteetako datuak zehazki ez dakizkit, baina sentsazioa dut aurten beteago zeudela aretoak eta bertso gose handiz etorri dela jendea saioetara.

Urte luzeko ibilbidea duzu . Izan al da aldaketarik?

Ikusi nuen lehen Arabako finala, garaian Prudentzio sariketa zena, kultur etxe bateko areto batean egiten zen; bertsolari kopurua eta maila aldatzeaz gain, bertsozale kopurua eta gogoa ere urteekin gora joan da. Txapelketari aitortu egin behar zaio ibilbide honetan bertsoari egindako ekarpena, bertsoak asko ematen dio txapelketari, baina txapelketak ere bai bertsoari; momentu honetan jende mordo bat dago txapelketa prestatzen duena eta hari begira dagoena.

Horrek hauspotzen al du bertsogintza?

Pentsatzen dut zenbat eta zabalagoa eta anitzagoa izan bertso mundua, aukera handiagoa dagoela mota ezberdinetako ekitaldiak edota harremanak sortzeko. Araban gero eta bertsolari gehiago gara, gero eta bertsolari ezberdinagoak hurbiltzen dira bertsotara, maila hobearekin, eta uste dut horrek ekarpen bat egiten duela gauza ezberdinak sortzeko unean.

Nola ikusten duzu finaleko taldea?

Seikotea fina da, badakigu Peru dela azkeneko txapelduna eta oso ondo prestatu duela aurtengoa; Manexek urtero prestatzen du ondo eta beti goian egotea ez da sorpresa bat inorentzat; Asier pare bat urte egon da txapelketan parte hartu gabe, baina ez dugu ahaztu behar momentu honetan Araban txapel gehien dituena dela; Aroak badauka gaztetasuna baina demostratu du oso maila txukuna duela, eta gaztea izanagatik esperientzia handiko bertsolaria da, eta nik uste dut egurra ematera joango dela; eta Paulak nik uste dut aportatzen diola freskotasuna, ez dut zalantzarik egurra ematera joango dela, baina, horrez gain, badauka bertsotan egiteko beste modu bat, jendeak gustuko izaten duen estilo bat duela uste dut.

Zu non kokatuko zinateke?

Egia esan gure arteko harremana aspaldikoa da, esango nuke seiek ondo ezagutzen dugula elkar, badaukagu ibilbide bat amankomuna dena, beti esaten dugu Arabako bertsogintza elkarrekin doala aurrera, eta nik uste dut hori kantatzerako momentuan eskertzen dela, denok dakigulako nortzuk ditugun alboan. Nik nire burua kokatzen dut saio batean non badakidan ondokoekin eroso egongo naizela, non saiatuko naizen ahal dudan onena ematen.

Finala Gasteizen izateak badu garrantzirik?

Araban uste dut orain dela urteak demostratu dugula leku “ez hain euskaldunetan” badagoela euskal mundu bat bizirik eta euskarak badaukala bere esparrua.

 

MANEX AGIRRE ARRIOLABENGOA: «HASIERATIK IKUSI DUT TXAPELKETA OSO FUERTE, BAI PUBLIKO ALDETIK, BAI BERTSOLARIEN ALDETIK»

Aramaion sortu zen, 1982an. Arabako Bertsolari Txapelketak 40 urte bete baditu, Manex Agirrek ibilbide erdia egin du, 20 urte. 2011ko eta 2015eko txapelduna da.

Zein sentsazio dituzu finalaren atarian?

Oraindik ez dut asko pentsatu horretan. Euskara teknikaria naiz, eta Korrikarekin nahiko lanpetuta gabiltza. Baina ez da aitzakia. Joango naiz finalaz jabetzen. Gainera, azkeneko finaletako ohitura dugu bertsolariok elkarrekin afaltzea, eta gaur daukagu [Astelehenean]. Arabako bertso mundua holakoa da, trinkoa, harreman estuak dauzkagu, eta afaria egiteko ideia oso naturala izan da. Egon, ze asmo ditugun esan, lasaitu.

Zer balorazio egiten duzu orain arteko txapelketaz eta zure bideaz?

Urtarrilean hasi zen txapelketa, eta hasieratik ikusi dut oso fuerte, bai publiko aldetik, bai bertsolarien prestakuntza eta motibazio aldetik. Igoera progresiboa izan da beste urte batzuetan; aurten, ordea, hasieratik izan da horrela: aretoak bete dira, eta bertsolariak oso prestatuta etorri dira. Hain baldintza onekin, saio batzuk gorabeheratsu samarrak izan dira, baina txapelketa halakoa da eta orokorrean oso pozik.

Pertsonalki, dezente lehenago hasten da, bertso eskolan elkartzen hasten garenean, Aramaion urri inguruan. Tentsioa ez da berdina, baina luze ere egin liteke, eta finala ailegatzeko gogoz nago. Final laurdenetan ez nintzen oso pozik sentitu; finalerdietan, berriz, oso pozik geratu nintzen. Beraz, bietatik daukat [barrez]. Zalantzekin hasi nuen txapelketa, ea zer etorriko zen, eta eroso aurkitu naiz.

Finalean bazaudete beteranoak, gazteak, berririk ez.

Ez dago finalista berririk eta nahiko buelta ematen nabil gai horri. Finalera zoaz zure barne munduarekin, baina beste hainbeste balio du zure bertsokideak zeintzuk diren ikusteak, zer talde osatzen den. Sorpresa izan da niretzat Asier Otamendi berriro sartzea; oso sendo ikusi dut, beteranoena bera da. Eten bat eduki zuen, gurekin dago berriro, eta poztekoa da. Beste sorpresa batzuk ere izan dira: Xabi Igoa ez pasatzea izan da tristeena niretzat. Aroa Arrizubietak ez zuen parte hartu aurreko txapelketan, baina duela bi edizio finalean izan zen eta berriz gurekin dugu. Finalari bat-bateko berrikuntza bat eskatzen diogu, finalista berriak egotea bertsolaritza mugimenduaren osasunaren erakusletzat hartzen dugu, eta ez dut dudarik horrekin. Maddi Agirre, Unai Anda, aukera moduan ikusten nituen eta hor ez egoteak pena handia ematen dit, baina, bestalde, beti berria izateko ideiarekin obsesionatzen garela uste dut. Aldaketak martxan daude, belaunaldi aldaketak hor daude, eta txapelketan bakarrik ez, plazetan ere ikusten da. Sartu garenak merezimendu osoz sartu gara, ondo kantatu dugu.

Final ugaritan kantatua zara. Zein helbururekin joango zara oraingoan?

Ez da erantzuteko erraza. Ibilbide bat dago hor: Arabako Txapelketak 40 urte baditu, nik erdia egin dut, 20 urte, eta gurako nuke horrek niri mesede egitea. Kontrara ere etorri liteke. Oso ondo ezagutzen dugu finala, nahiz eta jakin beti berria eta aldakorra dela. “Enkasillatzeko” arriskua ere egon liteke, baina esperientzia zerbaiterako da. Azkenaldian bertso eskolan oso ondo sentitzen naiz. Bertso eskolako sentsazio hori oholtzara eramatea gustatuko litzaidake.

Nola zabiltza plaza aldetik?

Ez ditut plaza asko egiten, baina egiten ditudanetan gustura nabil. Urte batzuk honetan daramatzagunontzat ez dira bakarrik norberak emateko lekuak, besteekin egoteko eta batez ere gazteagoekin disfrutatzeko lekuak dira. Hori da gehien mugitzen nauena.

Nola ikusten duzu Arabako bertsolaritzaren mugimendua? Zein erronka ditu?

Ez dago geldirik, eta baditu norabide batzuk. Ez du salto kualitatibo handirik eman azken urteetan, baina ez dut uste hori seinale txarra denik; kristoren bizitasuna dago, ikusten ez den lan piloa. Saio kopuru majoa dugu lurralde osoan banatuta, eta horren atzeko lana da ekosistemaren ardatza. Lehen ez bezala, jendeak bertsolariak ikusten ditu programa kulturaletan eta konturatzen da zer daukan horrek atzean. Hori garaipen handia da. Erronkak? Sinistu behar dugu hori dela bidea, ez dugu zertan gauzak goitik behera aldatzen edo ezustekoak ematen ibili; benetan balio duena hori da. Txapelketa hau bada horren seinale: aretoak hasieratik bete dira, presente egon da hedabideetan, bertsozaleak mugitzeko gaitasuna izan du. Erreferentzia bat da lurraldean, aurtengoa bereziki.

 

PAULA AMILBURU IZARGARAI: «LANDU DUDANA ERAKUTSI NAHI DUT, HORREKIN NAHIKO TRISTE GERATU NINTZELAKO AURREKO FINALEAN»

Aramaion jaioa, 1994an. 2013an aurkeztu zen lehenbizikoz Arabako Bertsolari Txapelketan. Bigarren finala izango du. Lanetik lagun baten etxera bidean harrapatu dugu, motxila arropaz beteta, finalerako konjuntoa osatzeko, inportantea delako eroso janztea gustura kantatzeko. Entzungo dugu... eta ikusi.

Zer moduz zaude?

Nahiko lanari begira nabil (institutu bateko irakaslea da), baina igartzen dut urduri jartzen hasi naizela, oraindik burua finalean eduki barik. Lehenengo saioan “super” urduri egon nintzen, eta hanka-sartze dezente egin nituen. Bigarrenean akaso lasaiegi egon nintzen. Nahiago nuke tarteko zerbait finalean. Ea eguneko gorputzaldiak zer dioen...

Duela bi urteko finalean lasaiegi egon nintzen; kontziente nintzen ez nengoela batere urduri eta horrek urduritzen ninduen.

Aurten inoiz baino lehenago hasi naiz prestatzen, irailean, gogotsu, astero kantuan. Lehen saiora iritsi nintzen prestatuta, baina zimendu guztiek kale egin zidaten eta bat-batean oso berde ikusi nuen nire burua. Bigarren saiorako lasaiago nengoen, arantza kentzeko asmoz joan nintzen, ez nuen espero finalera pasatzea. Ondo amaitu nuen, damurik gabe behintzat.

Oso exijentea zara?

Orokorrean gure buruarekin exijenteak gara bertsolariok. Duela bi urte ez nuen oso ondo pasa finalean, lehen aldiz oholtza horretara igotzea beste mundu batera pasatzea da, eta aurpegiz eutsi nion arren, barrutik ez nuen batere ondo eraman. Aurten nire lana da behintzat ondo egitea, lasai egotea eta kontzentratuta kantatzea. Landu dudan zerbait erakutsi ahal izatea behintzat, horrekin nahiko triste geratu nintzelako aurreko finalean.

Ez dakizu zer espero. Aurreko txapelketa osoa oso gustura neraman, zentratuta, eta finalean bat-batean bukaerak ahazten zitzaizkidan. Nire buruari eutsi nahian, ahal nuena egin nuen. Normalean gogoratzen dugu zer kantatu dugun, baina ordukoa ez dut oso ondo gogoratzen. Nahiko deskontrol izaten da lasai ez gaudenean.

Esperientziak lagunduko dizu aurten.

Hori espero dut. Europa jauregian izan zen aurrekoan, eta Printzipalera itzuliko da orain. Printzipala berria izango dut oholtzan, baina ezagunagoa egiten zaigu guztioi, oholtzapean askotan egon naiz.

Zerbait landu duzu bereziki?

Bakarkako ariketa gehienbat. Bi bertso ikusi eta horri aurre egitea kostatu izan zait, baina aurten hartu diot martxa. Pauso bat eman dut: kontrolatuago dut bi bertsoen eraketa eta estruktura.

Nola ikusi duzu txapelketa oro har?

Lehen saioan kantatzea tokatu zitzaidan eta guztiok sorpresa hartu genuen sarrera guztiak momentuan saldu zirenean. Normalean final laurdenak ez dira hain jendetsuak. Denok poztu ginen, agian presioa ere eragin zigun. Ikusi dudana da gure artean dugun giro polita, beti bezala, eta maila igo dugula orokorrean guztiok. Saioak oso ondo joan dira. Aramaiokoa, adibidez, oso polita izan zen, hor ere sarrera denak salduta. Daukagun maila erakutsi dugu, ez dugu ezer demostratu beharrik.

Finaleko seikoteaz zer diozu?

Manex Agirre eta Iñaki Viñaspre mantendu dira. Manex bertso eskolako kidea dut, eta oso ondo egiten du bertsotan. Viñaspre oso azkar erantzutekoa da, eta umorea ere aportatzeko klabe bat izan daiteke. Peru Abarrategiren hirugarren finala da, txapelarekin dator, eta, elkarrekin kantatu dugunean ikusi dudanez, egurra ematera joango da seguru. Asier Otamendi bueltatu da, ondo kantatzen du, kide ona da. Aroa Arrizubieta eta biok bigarrenez kantatuko dugu eta dena ematera goaz gu ere.

Bazabiltza plazetan?

Pandemia ostetik plaza kopurua jaitsi da Euskal Herri osoan. Nik ez dut saio askotan kantatzen, ez naute asko deitu, zorionez badago nori deitu gehiago, pozgarri ikusten dut, ez penaz. Hala ere, noizbehinka jasotzen ditut gonbidapenak, eta oso pozik hartzen dut datorrena.

Nola ikusten duzu Arabako bertsolaritzaren mugimendua, bereziki gazteen segida?

Orokorrean fuerte ikusten dut. Bertsolari gazteak ez dira nire garaian beste. Gu pila bat ginen, nahiz eta bidea jarraitu dugunak ez hainbeste izan. Baina erreleborik ez da falta, atzetik jendea gogotsu dator. Gazteekin kointziditzen dut eta maila polita dago. Ez garenez hainbeste, gure artean giroa sortzen dugu eta gauzak egiten ditugu elkarrekin. Etorkizuna badago, eta horrekin pozik nago.

 

PERU ABARRATEGI SARRIONANDIA: «HELBURU KOLEKTIBO BATETIK HASI NAHI NUKE, SARRERA PILA SALDU DIRA ETA ESKERTZEKOA DA»

Aramaio, 1997. Gaur egungo txapelduna da. 2015eko txapelketan parte hartu zuen lehenbizikoz, eta hirugarren finala izango du gaurkoa.

Zer moduz zaude?

Ilusio berezia egiten dit finalean egoteak. Txapeldunaren ikuspegitik nire buruari helburu hori ipini nion, eta finalaurreko eta final laurdenetan presio puntuarekin kantatu dut. Orain, disfrutatzeko gogoa dut, beste saioetan irabaztera baino askorik ez galtzera jokatu baitut.

Zein ariketarekin gelditu zara gusturen eta zeinekin ez?

Izarrakoan, txapelketako lehen saioa zenez, tentsioa zegoen. Halere, lasai kantatu nuen, eta distira handirik gabe eta akatsik gabe aritu nintzen sentsazioa nuen. Gero ohartu nintzen bakarkakoan poto bat joan zela. Aramaiokoari dagokionez, gutxitan kantatu dut bertan, eta finalerdi erabakigarri batean inoiz ez. Aretoa beteta, lagun piloa begira, oso eroso aritu nintzen eta akats gutxi egin nituen. Manexekin zortziko handian oso gustura hasi nintzen eta konfiantza hartu nuen. Bakarka ere, lehen bertsoarekin batez ere, oso konforme geratu nintzen.

Zein asmo dituzu finalerako?

Egun berezia izango da, hasteko finala delako eta era berezi batean bizi izan ditudalako orain arte finalak; natorren egoera pertsonalagatik ere bai (aita hil zitzaion abuztuan, Txema Abarrategi). Helburu kolektibo batetik hasi nahi nuke: aurtengo txapelketa jendetsua izaten ari da, sarrera pila saldu dira, eta eskertzekoa da. Zein modu hoberik seion artean final eder bat egitea baino. Behin hori lortuta, nire burua gozatzen ikusten baldin badut, horrek esan gurako du aukeraren bat izango dudala goiko partean ipintzeko.

Bi anaia gazteagoek ere, Martinek eta Sabinek, txapelketan parte hartu dute.

Eguneroko bizitzan babes handia gara elkarrentzat. Txikiena aurre kanporaketan kanpoan geratu zen eta erdikoarekin ez dut kointziditu kantuan. Gustatuko litzaidake elkarrekin aritzea. Seguru aurrerantzean izango dugula aukera.

Aramaion bertsolari dezente gabiltza, eta zortea dugu, ez baitugu urrun joan beharrik entrenatzeko. Herriko kultur etxeko gela batean elkartzen gara denok. Fase bakoitzean aurreikusitako ariketak egiten ditugu, saio bat bezala planteatuz ordu eta erdiko bertso eskola bat.

Duela bi urte txapela irabazi zenuen. Nola oroitzen duzu?

Oroitzapen ia denak onak dira. Nahiko zentratuta ikusi nuen nire burua. Oso momentu hunkigarria izan zen txapeldun gisa iragarri nindutenekoa, eta osteko ospakizuna ere ederra.

Arabako bertsolaritzaren aldeko aldarria egin zenuen. Nola ikusten eta bizitzen duzu mugimendua?

Jendea gogotsu dator. Justu finala ezin dugu esan askoz gazteagoa denik, baina txapelketa bere osotasunean bai, eta horrek esan nahi du badatorrela jendea, gogoz eta mailarekin. Eskolaz eskola irakasle nabil, ikasle gaztetxoekin, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan. Bertsolaritza proiektua beso zabalik jasotzen dute eskoletan, euskara modu ludikoan lantzeko aukera on bat da eta hainbat herritan badabiltza bertso eskoletara apuntatzen. 14 urte inguruko bertsolarien eskola batzuk ere badaude, Eskolartekoan kantatuko dute, eta behintzat jarraitutasun bat bermatuta dago. Gure probintziako biztanle kopurua aintzat hartuta, ez gara ailegatuko beste batzuen bertsolari kantitatera, baina gabiltzanok gustura ari gara eta maila igotzen ari garela ez dut zalantzarik.

Non ikusten duzu egon daitekeela erronka?

Erronkarik zailena 14-15 urte inguruko gaztetxoak bertsotara erakartzea dela iruditzen zait; gertuko erreferenteak eta plazak eman behar zaizkie. Bertso eskolak indartu; ez derrigortuz, baizik eta modu erakargarrian emanez bertsoa. Zubi lana eginez gazteagoetatik nagusiagoetara, tarteko bertsolari potentzialak gal ez daitezen.

Txapelak plaza asko eman al dizkizu?

Txapeldun izan eta lehen urtean sekula baino plaza gehiago egin nituen. Gero, aita hil zenean, aldendu egin nintzen, hala eskatzen zidalako buruak. Bi urte hauetan ezin izan naiz topera ibili, baina ez naiz kexatzen. Aurrez kantatu gabeko bertsolariekin eta leku berrietan ibili nintzen, eta jendea oso ondo portatu da nirekin, eskertuta nago, erabakitzen utzi didatelako, gura izan dudan denbora tarteak trankil hartzen; gura izan dudanean bueltatu naiz, eta horrek ez du esan gura denbora osoan egon behar dudanik, behar dudanean aldendu naiteke.