Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Emakumeen ahotsa euskal zineman

Atal honetan telesailak nabarmentzen ditut bereziki, eta gutxitan hartzen dut tartea aktore, sortzaile edota egileei gorazarre-hitzak jaurtitzeko. Gainera, irrikan nengoen aspalditik euskal zinemagintzari tartetxo berezi bat eskaintzeko. Zer hoberik, martxoan gaudela aprobetxatuz, tarte hau euskal zinemagintzan lanean diharduten euskal emakumeei eskaintzea baino.

Hastapenak

Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia zuzendariek atzoko eta gaurko emakumezko euskal zinemagileak protagonista dituen “Arnasa betean, emakume zinegileak” dokumentala aurkeztu zuten iazko Donostiako Zinemaldian. Emakumezko hiru urpekariren bidaiaren bidez, hamarnaka emakumek egindako lanari errepasoa egin dio dokumentalak, euren begiradatik, ametsetatik, aurrera ateratzeko ahaleginetatik eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egin dioten ekarpenetik. Hala, aitzindari eta bide urratzaile izandako horien eta egun zinema-jaialdietan arrakasta ezagutzen ari diren gazteen testigantzak jarri dituzte erdigunean. Dokumentala, zinez gomendagarria, martxoaren 22an estreinatuko da Madrilen, eta apirilaren 12an Euskal Herriko aretoetan.

Historian atzera eginez, Iratxe Fresnedaren “Irrintziaren Oihartzunak” lanean jasotzen den moduan, Mirentxu Loiarte (Iruñea, 1938) lehen euskal emakume zuzendaria kontsideratzen da. Iraupen ertaineko film bat eta dokumental bat egin zituen -”Irrintzi” (1978) eta “Euskal emakumeak” (1981)-, baina ondoren ez zen haren berririk izan.

Euskadiko filmategiak “Euskal emakume zinemagileak” liburua argitaratu zuen 2023an. Lehen zatian gure zinemaren aitzindarietako batzuk biltzen dira: “Urte ilunak” (Arantxa Lazkano, 1992), Euskal Herriko errepresio frankistarako hurbiltze poetikoa; eta gai berberari lotuta, “Denboraren gibelean” (Mirentxu Purroy, 1993), haurren begiradatik eta euskararen jazarpenetik bideratutako filma.

Gaur egun

Iazko Berlinale Zinema Jaialdian estreinatu zenetik aurtengo Goya sarietara iritsi bitarte, “20.000 especies de abejas” filmak lortu duen guztia itzela izan da. Ez naiz soilik jaso dituen sariez edo kritika positiboez ari; ikus-entzunezko baten bidez haur transexualen errealitatea eta gaia nola gizarteratu daitekeen erakutsi duelako baizik.

Lantalde osoaren meritua agerikoa da, baina Estibaliz Urresolaren lana goraipatu nahiko nuke, filma grabatu aurretik eta gidoia idazteko osatu duen dokumentazio lanean sekulako lana egin baitu. Hau hobeto ulertzeko, Donostiako Tabakalerak antolatu zuen “Kontatutako zinea: Estibaliz Urresola” saioaren bideoa ikustea gomendatzen dizuet.

Urresolaren aitzakiaz euskal emakume zinemagileen izenak errepasatzen hasi naizen unean ohartu naiz zer-nolako kantitatea eta batez ere kalitatea dugun geure artean. Ikus-entzunezkoetan eta arte eszenikoetan emakume asko eta asko ari dira lanean egunero, baina haien sorkuntzek ez dute beti ikusgarritasunik lortzen. EWA European Women's Audiovisual Network elkartearen ikerketa bat da horren lekuko: zinema eskoletan ikasleen erdiak emakumeak badira ere, gero, ekoizten diren bost filmetatik batean izaten dira emakumezkoak zuzendari.

Horiek horrela, elkartzea eta emakumeen lana sustatzea erabaki zuen sektoreko profesional talde batek, eta 2016an (H)emen Her(e) elkartea sortu zuten, ikus-entzunezkoetan lan egiten duten emakume horiei ikusgarritasuna emateko helburuz. Bi sektore horietan emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzeko, lan-harremanak eta aukerak sustatzeko eta sexuen arteko desberdintasuna murrizteko lanean dihardute.

Bertha Gaztelumendi zinemagileak honakoa aipatzen zuen “Oarsoaldeko Hitza”-n emandako elkarrizketa batean: «Saretze horiek oso interesgarriak zaizkit. Nola babesten duten batak bestea, nola kontatzen duten bata bestearekin beraien proiektuak aurrera eramateko. Horrek badu zentzu eta indar bat, aurrera jotzeko aukera handiak emango dizkiena. Nik uste dut bidea jorratzen ari direla; badago bide egina, eta bide hori zabalduz joango da. Esperantzaz begiratzen dut hori guztia, betiere esanez egiteke asko geratzen dela. Adibidez, proiektuetan oraindik badago diferentzia handi bat, batez ere, finantzaketan. Hau da, askoz ere merkeagoak dira emakumezkoek normalean egiten dituzten proiektuak. Eta hauek datuetan daude jasota. Esaterako, CIMAk (Emakume Zinemagileen eta Ikus-entzunezkoen Elkartea) dio 2022ko lanen aurrekontuen diferentzia gizonezkoen eta emakumezkoenen artean %41ekoa dela. Oraindik erresistentziak badaude».

Artikulu honen helburua, emakume hauen guztien lana nabarmentzeaz gain, nire omenaldi xumea eskaintzea da. Esti Urresola, Lara Izagirre, Iratxe Fresneda, Laida Lertxundi, Olatz Beobide, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Arantza Santesteban, Izaskun Arandia, Mikele Landa, Maider Oleaga, Marina Palacio, Itziar Leemans, Maddi Barber, Marina Lameiro, Mireia Gabilondo, Ainhoa Gutierrez del Pozo, Ana Diez, Eguzkiñe Aranzibia, Irati Santiago, Maite Ruiz de Austri, Alauda Ruiz de Azua, Marian Fernandez, Yannick Bellon, Irati Gorostidi, Lur Olaizola, Bertha Gaztelumendi, Rosa Zufia, Mirentxu Loyarte, Agurtzane Intxaurraga, Maider Fernandez, Maria Elorza, Leire Apellaniz eta aipatu gabe utzi ditudan guztiak.

Zenbait aktore (eta pertsonaia) gogoangarri

Ez litzateke bidezkoa izango euskal zinemagintzan egon diren, eta dauden, emakume aktoreak zerrendatzen saiatzea, asko kanpo utziko nituzkeelako. Horregatik, nire barnean arrastoa utzi duten zenbait pertsona(ia) aipatuko ditut soilik, oroimenean iltzatuak geratu zaizkidanak, niretzat bereziak direnak.

Euskal emakume aktoreen ordezkari gisa pertsona bat aukeratu beharko banu, Kontxu Odriozola izango litzateke. Bereziki antzerkian ibili den arren, zineman eta telebistan gutxiago, landu dituen pertsonaiak ikonikoak dira, geure bihotzean betiko itsatsiak geratu direnak: Maria Luisa Galardi (“Goenkale”) eta Maritxu (“Urte Berri on Amona”), esaterako.

“Loreak” filmean, Itziar ituño Lourdes gorpuzten eta Nagore Aranburu Ane, ez ditut sekula ahaztuko. Aranburuk berak “Hondar Ahoak”-eko Nerea Gartzia inspektorearen rolean lan itzela egin du -portzierto, telesaila egin zuen lantaldeak fikzio horren jarraipena grabatuko du eta Nerea Gartziaren pertsonaia mantenduko dute-.

Ituñorekin jarraituz “Errementari” edota “Hil Kanpaiak” izenburuak nabarmenduko nituzke. “80 egunean” film ederreko bikote protagonista diren Itziar Aizpuruk eta Mariasun Pagoagak, txapela kentzeko moduko interpretazioak eskaintzen dituzte. Ze dibertigarria “Aupa Etxebeste”-n Elena Irureta Maria Luisa Uranga antzezten.

Baserriaren eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertua irudikatzen duen “Amama” filmean, Iraia Eliasen lana dut bereziki gogoan, baita “Oreina”-n ere. “Irati” gogoangarrian Edurne Azkarate, beti bezain zehatz, filmari izena ematen dion pertsonaia hezurmamitzen. Eta azkenik, berriena, “20.000 especies de abejas” filmeko lau protagonista nagusien lan ikaragarria: Sofia Otero (Aitor/Lucia/Coco), Ane Gabarain (Lourdes), Itziar Lazkano (Lita) eta Patricia Lopez Arnaiz (Ane). Arnaizek berak 2020. urtean David Perez Sañudok zuzendutako “Ane” filmean egiten duen lana ere, Lide-ren rolean, itzela iruditzen zait.

Emakumeen borroka pantailan

Emakumeen lana, borroka eta presentzia aldarrikatzen duten euskal izenburu interesgarri ugari topatu daitezke. Filminen Iratxe Fresnedaren “Irrintziaren Oihartzunak”, Mirentxu Loiarte zinema-zuzendari eta gidoilari nafarraren bizipenak eta obra jasotzen dituena. Maier Irigoien Ulaiar, Isabel Saez Perez eta Iker Oiz Elgorriagaren “Zauria(k)”; eromena, egonezinak eta osasun mentala ikuspegi feminista batetik lantzen dituen dokumentala da. Eta “Volar”, Bertha Gaztelumendik zuzendutako pelikulak indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak jasotzen ditu. Gainera, Emakundek erakunde eta entitate ezberdinen eskura jarri du pelikularen kopia, honen emanaldiak antolatu ditzaten; emakunde.euskadi.eus webgunean eskatu dezakezue filmaren kopia.

Youtuben, doan, bi dokumental: “#ETA HALA EZ BAZAN?” izeneko laburra. Betiko istorioen inguruan gogoeta egitera gonbidatzen duen lana, ipuin hauek haur eta nerabeengan duten eragina ikusaraziz. Estereotipoetatik aske hazteko eskubidea aldarrikatzen dute. Eta Julen Hernandez kazetariak zuzenduriko “Aurrera Egin Badugu”. Jaizkibel Konpainiak, testuinguru bezala Alardearen afera hartuz, Euskal Herriko zenbait emakume esanguratsu omendu nahi izan ditu.

Primeran plataforman “Ainarak”. Anne Etchegoyen abeslariarekin batera, 1870 eta 1940 artean, Nafarroako eta Aragoiko milaka emakumek -‘ainarak’ izenez ezagutzen ditugunak, hegaztien antzeko migrazioa egiten zutelako- Pirinioetatik Mauleraino neguan egindako bideari helduko diogu. Espartinen industrian lan egitera joaten ziren, eta udaberrian etxera itzuli, familiari laguntzeko edo bere familia osatu eta bizitza berri bat hasteko helburuarekin.

Jone Guenetxea eta Carlos Iglesiasen “Jantzari”. Iurretan, Euskal Herriko beste plaza garrantzitsuetan bezala, gizonek emakumeek baino protagonismo gehiago izan dute dantzan. 2018an, emakume eta gizonez osatutako dantza taldea Iurretako Aita San Migueleko plazara atera zen herriko festetan dantzatzera, horrela, 100 urte zituen tradizioa apurtuz. Bost urtean behin ospatzen den 2019ko Urrijenan, lehenengoz, talde mistoak parte hartu zuen, belaunaldi desberdinak batuz.

“Ama nora goaz?” Istorio honetako protagonistak ez dira Francoren kontra borroka egin zuten ohiko gudariak. Emakume anonimoak dira, eta agian horixe da haien istorioa ezezaguna izatearen arrazoia. Izan ere, nork ezagutzen du Gerra Zibilean Gipuzkoatik kanporatu zituzten emakumeen istorioa?

Maider Oleagaren “Muga deitzen da pausoa”, Elbira Zipitria euskal irakasleen aitzindaria du ardatz. Plataformara iritsi berri den “GURE HOTS”. 40 urte hauetan euskal emakumeek lan munduan izan duten egoeraren erradiografia historikoa, gaur egun zer-nolako ondorioak eta eraginak sorrarazi dituen ikertzen duena. Eta azkenik, “Eten barik joten”. Panderoa, emakumearen ahalduntzea, euskara eta kultura ardatz dituen dokumentala. Hainbat emakumeren testigantzak eta narrazioak biltzen ditu.

Eta amaitzeko, ikus-entzunezko hiru podcast gomendatu nahi dizkizuet: Hamaika telebistaren “M ama* eme* ume*”. Amatasunaren nondik norakoak 16 emakumeren testigantzen bitartez jasotzen dituen saioa. Gaztea-ko “Yoko Ona”, Ainhoa Vitoria, Olatz Salvador eta Lore Nekane Billelabeitiarekin. Eta, azkenik, “(Min)bizi”. «Minbizia ez delako arrosa, marroi izugarria baizik», diote Izan Iñurri elkarteko kideek, eta egiten duten podcastean argi utzi dute pink baino punk izango direla.