«Gaur egun, irudiaren gizartean bizi garenez, txapelketa indartu beharreko zerbait da»

Asier Otamendik (Urretxu, 1971) esperientzia pilatua du Arabako Txapelketan. Egun ez da bere lehentasuna txapelketa, eta liberazio horretatik kantatu nahi du.

Zer moduz zaude?

Oso kontentu eta oso konforme nago. Urrian hasi nintzen sailkapen fasean, nahiko ongi pasatu ginen, eta gero final laurdenetan bigarren egin nuen eta finalerdietan saioa irabazi nuen, nahiko seguru sentitu naiz. Kezka ere izan dut, azken urteetan txapelketatik kanpo ibili naiz eta kostatu egin zait berriro txapelketaren gurpil honetan sartzea. Ilusioarekin abiatu nintzen irailean eta hala nago orain.

9 txapel dituzu. Presio iturri al da hori zuretzat?

30 urteko esperientzia dut bertsotan eta txapelketan, horrek badauka karga moral bat, horri eutsi nahi diozu. Eta beste alde batetik, hasi nintzen txapelketak lasaiago hartzen, ez da nire lehentasuna txapelketarena, distantzia bat hartu nuen txapelketatik eta itzuli naizenean askatasuna sumatu dut. Bertsotan egitera noa, uste dut txapelketan egin beharrekoa edo erakutsi beharrekoa jada eginda daukadala. Nahiz eta oso zaila izaten den buruarentzat, saiatzen naiz lehiaz ahazten, baina ez da lan erraza.

Prestakuntza berezirik egin duzu aurtengorako?

Gutxi gorabehera kasik txapelketa oro hartu genuen ohitura bati jarraitu diot. Urte osoan zehar kuadrilla bat biltzen gara elkarte batean afaldu eta bertsotan egiteko. Asterokotasunean, taldea egituratuta daukagu, bertsoa asko maite dugu eta horrek hor jarraitzen du. Txapelketa datorrenean beste egun bat gehitzen diogu, janaren eta edanaren pizgarriak baztertu eta txapelketako lanak entrenatzeko. Irailean hasi ginen horretan.

Txapelketak zein garrantzi du Arabako bertsogintzan?

Txapelketa erakusleihoa da, jendeak eskatzen du txapelketa, nik uste dut publikoak behar duela txapelketa bat. Arabak ere behar du txapelketa hor egoteko, beste herrialdeak bezalatsu, eta horrek badu inpaktu bat, medioetan adibidez. Erdarazko hedabideetan adibidez, Araban ikusarazten duten gauza bakanetako bat da. Atzean lan izugarria dago, Elkarteak urte osoan zehar egiten duena, hori gordeago geratzen da, baina nire ustez txapelketak irudi aldetik izugarrizko indarra du. Eta gaur egun, irudiaren gizartean bizi garenez, mantendu edo indartu beharreko zerbait da txapelketa.

Aretoak beteta egon dira, osasuntsu al dago Arabako bertsogintza?

Nik oso osasuntsu ikusten dut, gero eta hobeto. Aurten 30 parte hartzaile izan gara, kopuru aldetik dexente, aurpegi berriak ikusten ari gara eta oso ongi ari dira gainera. Mediatikoki ere, sare sozialetan edota medioetan, propaganda dagoenean jendeak erantzun egiten du. Alde horretatik txapelketaren eragina nabaria da, jendea hurbiltzen ari da, eta horrek gero uzten du ondorio bat bertsozalearengan, Elkartearengan eta baita bertsolariarengan ere.

Xabier Ricok jantziko du txapela.

Niri ilusio berezia egiten dit, oso laguna dut. Berarekin hasi nintzen bertsotan, nire lehen irakaslea izan zen. Nire lehen bi urteak Xabierrekin gogoratzen ditut, paperean bertsoak idazten hasi ginen, eta ordutik izugarrizko adiskidetasuna mantendu dugu. Nire bertso taldeko kidea da, oso harreman berezia dugu. Merezi du horrelako aitortza bat, bera izan zen bertso eskolen sortzaileetako bat, eta gerora Arabako bertsolaritzan eta euskalgintzan buru belarri aritu da; nahiz eta adinean aurrera doan, nekaezina da.

Finalerako helbururik?

Animoso iritsi nahi dut. Saio polit eta txukun bat egitea da nire helburua, nik eta denek; publikoa gustura geratuko den saioa egin eta Arabako bertsogintzako irudi indartsu bat ateratzea dut helburu.