Oier IMAZ ALIAS
{ DATORRENA }

«No seas tan humilde que no eres tan importante»

Duela aste pare bat, Isidro Esnaolak idatzitako Datorrena irakurtzean, 2018an Emmanuel Macroni egindako elkarrizketa batekin oroitu nintzen. Ez zen urtebete presidente hautatua izan zela. 40 urterekin, Frantziako historiako presidenterik gazteena. 2016ko apirilean sortu zuen “En Marche!” plataforma. Maiatzean utzi zion ministro izateari. Azaroan aurkeztu zuen bere burua hautagai. Eta 2017ko maiatzaren 14an izendatu zuten presidente. Ti-ta. «Le grand entretien» “Mediapart”-entzat eta Frédéric Says kazetariarentzat «ce qu’on pourrait appeler du ‘journalism de rupture`» (“France culture”, 2018/04/16). “Libération”-ek lehen lerroetara ekarri zuen ikusle kopurua, 3.8 milioi, eta “Mediapart”-eko zuzendariaren hitzak: «L’interview présidentielle en France est une interview monarchique. Notre objectif tout simple c’était d’abord de casser ça». (2018/04/16)

Eskenaratzeak elkarrizketa monarkikoaren ideia ulertzen laguntzen digu. Palaise de Chailloten egin zuten, antzerki nazionalaren egoitzan. 1937an eraikitako jauregia, Frantzian lehen aldiz ospatu zen nazioarteko erakustazokaren testuinguruan. Jauregiak le parvis “des Droits de L’Homme” du atarian. Bertan onartu zuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948an. Art Deco, Eiffel dorrera begiratzen zuen leiho handi bat, eta, brontzezkoak ziruditen estatuez inguraturik, Macronen argazki erraldoi bat (hauteskundeak irabazi zituen egunekoa beharbada). Eta erdian mahai bat. Alde batean, Macron. Bestean, esperientzia handiko bi kazetari; Edwy Plenel, 10 urtez “Mediapart”-eko presidente izana, eta Jean-Jacques Bourdin, garaiko “RMC” kateko goizeko saioen burua.

Biek ala biek estu hartu zuten Macron: «Est-ce que vous n’êtes pas dans une illusion puérile de toute puissance?» galderak Paul Ricoeurren esapide bat laburbiltzen zuen. Arriskua da estatu buruetako oligarkiek gidaritza haientzat hartzea. Oso lotuak alderdietako aparatuen eta diruaren nahikeriari (puissance) eta, gehitzen zuen kazetariak, filosofoari erreferentzia eginez, «la depolitisation permet la confiscation de la décision par quelques-uns». Erreferentzia zuzena zen. Urte batzuk lehenago, Macronek aitortu zuen Ricoeur izan zela bere mentore filosofikoa (“Le Un”, 2015/07/08). Era berean, Frantziako eztabaida publikoaren despolitizazioaren sintoma zen Macron bera. Alderdi klasikoen krisiaren albo kaltea. Teknokrata bat. Bistan denez, Macronek ukatu egin zuen, berea errepublikaren balioetan erroturiko autoritate demokratikoa zen. Ez nahikeria hutsa. Baina telebistan ikusten zen irudiak kontrakoa iradokitzen zuen. Bere atzeko leihotik Eiffel dorrea ikus zitekeen, gauaren iluntasunean Macron argitzen. Errepublika berarengan haragitu balitz legez. Emmanuel le Petit.

Bere kezka partekatzen zuen Isidro Esnaolak orain dela bi aste atal honetan bertan. Europa gerrarako prestatzen ari da. Erreakzio orokorraren axolagabekeriak adierazten du Europa xumearen gogoa; «Gozatzen dituzten pribilegioak amaitzear daudela eta horiei eusteko gerra saihetsezina dela». Baina, «eliteentzat, jarrera hori ez da nahikoa». Gerra ekonomiaz hitz egin du Macronek, eta Ukrainara tropak bidaltzeko aukera eztabaidatzen ari direla esan du. La toute puissance. Nahikeria hutsa. Edo, «Macronek frogatu du Europako eliteetan ez dagoela bizitza inteligenterik», Esnaolaren hitzetan. Kontrakoak eskatuko luke Europarrok onartzea gozatzen ditugun pribilegioak amaitzear direla. Eliteen partetik eskatuko luke onartzea, batzuetan, bakea irabazteko, gerra galdu behar dela. Baina, nor dago gaur egun galtzaile izateko prest?

Martxel Mariskal irakurri nuen berriki, “RockdeLux” aldizkarian Lisaböri egindako elkarrizketa batean. Bertan zioen gaur egun inork ez duela aldarrikatzen umiltasuna. Handikeriari kontrajartzen zion, «...vanidad. Etimológicamente viene de lo vano, de lo que no sirve de nada». Onartzen zuen ez zuela ikusten soluzio errazik. Baina, konturatzeak eraman zaitzake urrats batzuk egitera, eta azaltzen zuen: «Hay una anécdota de Aita Barandiaran (Joxemiel Barandiaran) que me gusta mucho. Se ve que llegó al caserío después del colegio, todo ufano, diciendo a su madre que había sacado la mejor nota de toda la clase. Su madre le contestó: ‘¿Ves ese manzano? Es el que más manzanas da, pero sus ramas -debido al peso que soportan- están muy cerca del suelo y, siendo el mejor, no destaca del resto’. Quizá la conclusión es que tenemos que escuchar más a quienes menos hablan». (RockdeLux, 2023/11/28). •