Neka-neka eginda bagaude ere
Udaltzainak motorrean pasatu direnean, oihu egin diete batzuek, txistu besteek. Umeak saltoka ari dira jendetzaren ertzean. Gurasoek ez dakite nora begiratu; urduri daude. Sei aldiz azaldu diete umeei zein izango den plana. “Kale bukaerako toldo gorridun tabernara iritsitakoan, tabernako atearen ondoko bizikleta-lekuan geratu geldi-geldi”. Tabernariak kale izkinan pilatutako kristalezko basoak bildu ditu. Txaleko horidun zazpi txirrindulari datoz maldan gora. Jendea txaloka hasi da. Txistuka, pozez. Kale estuaren bi aldeen arteko tartea zabaldu beharrak gorputzak ondoratu ditu. Badator furgoneta. Musika sartu da kaleetara. Koloretako hizki erraldoiak furgonetan, gidariei txaloak. Gidarien buruak leihotik kanpo. Txaloak. Ika, ika, ika! Salto egiten du jendeak, emozionatuta dago jendea. Taldeko hunkiberenei malkoak sikatzen dizkie ondoko lagunak. Arnasestuka ari da ez-dakit-nondik presaka iritsi dena; baina prest dago. Udaltzain gehiago motorrean, kaskoak eta zurruntasuna. Eta atzetik, saltoak eta harrotasuna. Ahots bat bozgorailuetan; ahotsak kaleetan, balkoietan, pantailetan. Espero ez zuenari ere igo zaio eztarrira bulkada sustagarri bat. Hunkidura eztarrian. Salto! Bi esku, lekukoa, izerdi asko, esku gehiago eta emozioa. Batzuek lortu dute jendetzan tokitxo bat, ondokoaren zapatila zapaldu dute gehienek. Beste batzuek zain segitzen dute, ea tokitxorik baden. Besteek txaloka egingo diote jendetzari harrera. Mugikorrak ikusten dira airean. Estropezu egin du norbaitek, ez da erori. Musika aurrera doa kalean. Salto! Gehien-gehienek erritmoa mantsotu nahi lukete. Gehien-gehienak gelditu egin dira kalea bukatzerako, kirolariek segitu dute aurrera. Txalo jo diete geldi daudenek. Tipi-tapa, tipi-tapa! Izerdia lehortu dute jertsearekin, eta lagunen bila abiatu dira, kale bukaerako toldo gorridun tabernako atearen ondoko bizikleta-lekura. Hantxe dago jende pila bat, geldi-geldi.
Korrika nekatu egiten da bat. Harro korrika eginda ere, nekatu egiten da bat. Ordea, neka-neka eginda bagaude ere, korrika egitera ateratzen gara bi urtero. Lan egitera ateratzen gara egunero-egunero. Harro egotekoa da hori. •