Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Burbuilak

Burbuila. iz. Likido baten barnean edo urtzen ari den edo solidotu den material baten barnean sortzen den airezko edo gasezko esfera txikia. Halaxe dio hiztegiak. Ez dabil oker, egungo jendarte likido honetan -edo urtzen ari ote da?- aire pixka bat hartzeko aukera ematen duten zera horiek dira burbuilak. Eguneroko zurrunbilotik beste norabait garamatzate, igerian batzuetan; hegan, berriz, beste zenbaitetan.

Aste-asteburu, lanegun-opor, egun-gau... nago arrakala handi batekin banatzen ditugula bikote horiek guztiak, gure egunerokoa antolatzeko aitzakia modura hartuta. Batetik atera, eta bestean sartu. Bata amaitu, eta bestea hasi. Burbuilak eraikitzen ditugu sarri bigarren horietan, lehenengoetatik ihes egiteko. Eta horrela ekingo zieten askok udaberriko opor egun hauei ere, burbuila pertsonalak eraikiz, jendarte likidotik aldi batez hegan egin eta aire pixka bat hartze aldera. Luze doa ikasturtea, luzeegi, urtero moduan.

Burbuila da oporretan furgoneta batean bi gorputzek sortutako etxe hori. Burbuila da lagun batek utzitako liburua asteburu batean irentsi, eta azpimarrak elkarri bidaliz sortzen den gasezko esfera txiki hori. Burbuila da udaberriko alergiaren eraginez gaixotzean, ondokoen mimo, otordu eta musuzapiek eraikitako giro hori. Burbuila da herriko jaiak iristean, parrandak, txandak, otorduak, loaldi laburrak... desorduetan korapilatzean sortzen den lagunarteko ekosistema hori. Burbuila da zoro -eta zozo- zoragarriok bi urtez sortzen dugun hamaika eguneko amets konpartitu hori.

Udaberria iristearekin batera, halako burbuila ugari ikusi eta sortu ditugu. Batzuek iraungo dute denboran; ostera, besteren batzuk lehertuko ziren jadanik. Badira bestelako burbuila klase batzuk ere, hain ohikoak ez direnak: epe zehatz baterako berariaz sortutakoak, zeregin eta ardurak ondo banatuta dituzten hiruzpalau lagunekoak, erronka konpartitu berarekin. Halako batean murgilduta gabiltza egunotan gutako batzuk, gainerako burbuiletatik urruti, apirilaren 21a ikusmiran.

Hau guztia biltzen da berriki eraiki dugun burbuila txiki honetan: zuzeneko elkarrizketa batera bidean, eguneko prentsari errepasoa eginez partekatutako autoko orduak; argazki kameraren aurrean enegarrenez jartzean, irribarrea ateratzeko egindako begi-keinuak; eguna ilundu ondoren, biharamuneko hitzartzea prestatuz jandako litxarreriak; eztabaida saioa bukatu eta platotik ateratzean, izerdi artean emandako besarkada estuak; ekitaldi bat amaitzean, etxera joan aurretik hartutako azken poteak.

Gure ekosistema horretan ez da erraza aste-asteburu, lanegun-opor, egun-gau argiki bereiztea. Burbuila honek ez garamatza eguneroko zurrunbilotik beste norabait; baina ezinbestekoa da zurrunbilo horretan bizirauteko, aire pixka bat hartzeko, ingurutik babesteko eta, bereziki, elkar zaintzeko. Gure burbuila ez dago jendarte likidotik salbu, baina urteotan solidotzen ari den material -eta komunitate- baten barnean ere badago, zeinak helburu duen herri justuago bat eraikitzea.

Ilusioa, nekea, malkoak, euforia, beheraldiak, zirrara, esperantza, irriak... guztia kabitzen da airezko esfera txiki honetan. Hegan egiteko sortu dugu, orain hasten den eta beste norabait eramango gaituen aldaketa eragiteko. Apirilaren 21eko gauean lehertuko da, egindako bidea elkarri aitortuz, eta egiteko izango duguna elkarrekin ospatuz. •