Hiltzeko moduak
Lagun batek ohartarazi zidan lehengo batean hilabeteak direla gai berbera beste hizpiderik ez dudala. Eta halaxe da, ezingo nuke historia modernoko genozidiorik zitalena ez den beste gai bati buruz idatzi, zinez iruditzen baitzait nire etikarekiko traizioa litzatekeela palestinarren garbiketa etniko ankerrera ohitzea.
Dagoeneko 40.000tik gorakoa da eraildakoen kopurua lerrook idazteko unean, eta askoz gehiago izango dira datozen hilabeteotan zauri kirurgiko zornetsuen, kolera eta disenteria bezalako gaitz infekziosoen, edota janari zein ur edangarri faltaren ondorioz. Bertolt Brecht antzerkigile alemaniarrak noizbait idatzi omen zuen hiltzeko modu asko daudela, «sabelean labana bat sartu ahal dizute, ogia kendu, gaixotasun bat sendatu ez…», bide horietako gutxi batzuk baino ez daude debekatuta gure munduan, eta den-denak baliatu ditu Israelek azken zazpi hamarkadatan herri palestinarra desagerrarazteko lasterketa zoroan.
Baina genozidioa gauzatzeko bideak askotarikoak izan daitezkeen bezala, ardurak ere anitzak izan daitezke. Ez dago dudarik, ihesbiderik gabeko bi milioi pertsonaren gainean 65.000 tona lehergailu jaurtitzea erabaki duena errudunen historiara pasatuko da, baina nolabaiteko erantzukizun maila ere izango du gerra-makineria horiek ekoitzi dituenak; dela ITPn, SENERen, AERNOVAn edo SAPAn. Kriminala da, ezbairik gabe, goseteak jotako milioika errefuxiatu horientzako laguntza humanitarioaren sarbidea debekatzen duen arduradun militarra, baina baita Gazarako sarreretan horniketa kamioen sarrera oztopatzeko akanpatuta dauden kolonoak ere. Eta kolono horiek okupatutako eremuetan kokaleku ilegalak egonkortzeko azpiegitura iraunkorrak eraikitzen ari diren CAFeko arduradunek ere erantzukizuna izango dute lur horien anexioan, neurri batean edo bestean, Beasaingoak izanagatik, eta jokaera hori zuritu nahian Korrikaren lekukoa eramaten badute ere. Brechtek zioenez, hiltzeko modu asko dauden bezala, hiltzaile mota asko ere badira… Horietako gutxi batzuk baino ez dira eseriko, haatik, gerra auzitegi baten aurrean. •