Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

EH Bildurena marka da, eta sekulako marka egingo du

Igandean botoa ematera, beti bezain txintxo, baina aspaldian ez bezalako aurreikuspenekin. Pronostikoak irekiak daude eta bat datoz: sekulako emaitzak lortuko ditu EH Bilduk. Besterik da EAJk lortuko dituenen ingurukoa, hori ere badelako koxka. Eta aritmetikaren demontrea. Tira, gerta liteke, EH Bilduren emaitzak sekulakoak izanda ere, gizendu diren hainbat aurreikuspen argal ikusten direla, emaitza itzel bat gutxietsi edo kolokan jartzeraino. Ikuskizun dago dena. Bihar gauerako jakingo da. Nik, ohikoak diren porretan, lankideen artean gorenen jo dut, sekulakoa datorrela sinistuta bainago.

Sekulako marka da EH Bildu, sekulako marka egingo du. Estrategia azkarra landu baitu. Baina hori dauka estrategiak: bere kontraestrategia; ahazten eta barkatzen ez duten etsaiek hor jarraitzen dutelako, iraganeko lokatzetan jarraitzeko jende oso interesatua dagoelako, Madrilen bezala Bilbon ere. Eta EH Bilduren bazterketan saiatuko dira, eraso egingo diote, saiatuko dira frustrazioak sortzen, logika erreaktibo bateko soka motzean lotzen, aldaketa baten aldeko esperantza oro galtzeko, urratutako bidean zubi denak lehertzeko.

Igandetik aurrera lan asko egongo da egiteko, borroka pila bat borrokatzeko, ikaragarrizko jende pilak bozkatuko du EH Bildu, baina jende gehiago beharko da. Herritarren kezkak interpretatu eta aurreikuspenekin konektatzea izango da desafioa, Euskal Herriaren pobretze politiko eta kulturala induzitu, pultsua jaitsi eta gure tradizioen onena ateratzea, nahi ez dutenen aurrean. Eta betikoan jarraitu beharko dugu: banatuta ezina eta batera etekina; denontzat lur komun bat ongarrituz, ardatzak eta sinergiak jorratuz, sare herritarrak trinkotuz eta biharkoa bezalako une historiko zehatzek eskatuko duten kristalizazio politikoa behartuz.

Euskal Herriaren etorkizuna orain ari da forma hartzen, izango dituen balio eta lehentasunak jokoan daude, eta aukera dugu zein oinarriren gainean eraikiko den erabakitzeko. Unea hau da. Alderdi-uniformea daramaten soldaduei gogorarazi behar zaie hau ez dela kontrolerako edo higadurarako guda. Gure herria hazteko eta bere buruarekin elkarrizketa inteligente, kategoriazko eta edukatua izateko gai delako.

Gurea bezalako herri txikiekin pentsalariak eta filosofoak ez dira samurrak eta baikorrak izan. Historiaren legeak aipatzean, mundu handiarekin eta ideia handiekin liluratuegi aritu dira. Handia ere txikia izan zela, igoeraren ordua bezala erorketarena ere heltzen dela eta txiki-txikienari ere burua altxatzeko unea iristen zaiola ahaztuta. Gure historia mingarriarekin eta geografia zatituarekin, gure hizkuntza baztertuarekin eta nortasun eragotziarekin, erresistentzian baieztatu da gure izatea. Ikuskera eta proiektu horri gogo-bihotz loturik.

Orain, kokotsa altxatuta, urruti begiratu eta harago jauzi egin behar da, liluramendu berrituaz, pasio berdinaz, EH Bilduren eskutik. Ez da zerutik eroriko. Marmarra baino, lasai-lasai geldiuneak egin behar ditugu, begirada eguneroko ohikeriatik altxatu. Momentu egokia itxaron; zuhurtziaz eta pazientziaz jokatu, hitz egokiarekin bezala, erabaki eta ekintza aproposekin asmatzeko. Abertzale jokatuz, bizitza irakurtzeko eta berrirakurtzeko espazio bihurtuz, pentsamenduarentzat aire librea eta ametsarentzat ildo bat eskuratuz. •