Gorka ETXEBARRRIA DUEÑAS
Historialaria
3 BEGIRADA:

Gauzak gertatzen zitzaizkion lehendakaria

Jose Antonio Ardanzari elkarrizketa batean ateratako argazkia.
Jose Antonio Ardanzari elkarrizketa batean ateratako argazkia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Aurrekoan, «athleticismo extremoa» konprobatzeko asmoarekin, kuriositateak jota, telebista piztea eta ETB1 aukeratzea bururatu zitzaidan. Non eta, gaua izanik, zirudien Athletici buruzko berriak bukatu zirela. Dokumental batekin egin nuen topo. Hagiografia bat zen hura. Santuen bizitza. Santua, kasu horretan, Ardanza lehendakaria zen, hil berri zena. Interesarekin ikusi nuen, bai baineuzkan txikitako gogorapenak, Ardanza lehendakari zenekoak. Oso urrunak, nik uste Baskoniak Europako Kopa irabazi zuenekoak, lehendakaria argazkietan agertzen baitzen jokalariekin batera. Pentsatu nuen Ardanzaren inguruan zer edo zer ikasteko parada nuela.

Deskubritu nuenak erabat harrituta utzi ninduen. Batetik, elkarrizketatu guztiak Ardanzaren oso hurbilekoak izan zirelako, beraz, laudorioek bata bestearen atzetik desfilatzen zuten. Politikoki ikuspegi ezberdina izan zezaketen bakarrak Ramon Jauregi (gauza interesgarriren bat esaten zuen bakarra) eta Kepa Aulestia ziren (azken horrek interesgarria zen zerbait esan bazuen, dokumentaleko azken muntaketatik kanpo utzi zuten).

Ardanzaren diskurtsoak txunditu ninduen. Bat-batean, EGIko buruzagitzan zegoen. Bat-batean, Franco hil zen. Trantsizio osoa esaldi bakarrean laburbildu zen dokumentalean, Jauregiren hitzetan: «Franco hil zen eta demokrazia eraikitzen ari ginen». Besterik ez, plaka tektonikoen mugimendua bezala prozesu politiko konplexu hura besterik gabe gertatu balitz bezala. Une batean, Ardanza Arrasateko alkate bihurtu zen. Baina, bere hitzetan, etengabe ika-mikan aritu zen beste alderdietako zinegotziekin. Berak ez omen zuen ulertzen zer dela eta ez zeuden denak ados. Ulertezintasun hori eskertzeko edo, Diputazioko presidente izendatu zuten ondoren, eta alderdi bakarreko gobernua osatu behar izan zuen.

Azaldu ezinezkoa zaion beste gertakari batean, arazoak omen zeuden orduko lehendakariaren eta EAJren artean, eta bera, nahi gabe, lehendakari bihurtu zen. Lehendakari bezala ere, herritarrak oso haserre omen zeuden, alderdi politikoek ideia ezberdinak baitzituzten. Eztabaida demokratikoa eta bozketetan aurkako botoak jasotzea biziki arrotza egiten zitzaion Ardanzari, bere hitzetan. Gaiztoena, Carlos Garaikoetxea delako bat omen zen. EAEko arduradun politiko nagusi izanda ere, gauzak gertatzen ziren, Eusko Jaurlaritzarekin inongo harremanik ez omen zutenak: krisi ekonomikoa, langabezia eta ETAren biolentzia. Jainkoari laguntza eskatu ziola kontatzen du, bere lana aurrera eramateko. Ordu eta erdiko zintan ez dago garaiko testuinguruari egindako aipurik. Frankismoa berez bukatu zen, NATOren inguruan ez omen zen eztabaidarik gertatu, GALik ez da inon ageri...

Dokumentalaren bigarren zatian, lehendakariaren ekinbidea hasten da. Hark ETAren aurka oso gogor agertzea erabaki zuen, hark EEEko funtsak erabili zituen industria birmoldatzeko. Guggenheim egin zuten. Eta listo. Bukatu da. Lehendakari bikaina izan omen zen.

Ikusle bezala jaso nuena, aitzitik, agure harritua izan zen zinta guztian zehar, ez zuena ulertzen zergatik ez zegoen jende guztia EAJrekin ados une oro. Pena hil berri den lehendakariaren inguruan irudi hori transmititu nahi izatea telebista publikoak, ñabardurarik gabe, konplexutasunik gabe, interesik gabe. •