Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Zuri-beltzaren amaraunean

Iragan apirilaren 4an, Netflixek ‘Ripley’ telesaila estreinatu zuen. Deigarriak diren osagai ugari ditu, baina guztien artetik, beharbada, bat: zuri-beltzean filmatua dagoela. Ezaugarri hori, ikusle askorentzat, erakargarria baino, gaitzespena eragiten dien zerbait da. Telesail bikain horren aitzakiaz, gaur egun filmak zein telesailak zuri-beltzean grabatzearen arrazoiak aztertu nahi ditut: zergatik? zertarako? Zer transmititzen du zuri-beltzak? Hautu estetiko bat da soilik ala zerbait gehiago? Nola eragiten digu ikusleoi kolorearen psikologiak?

Hastapenak

1909. urtea funtsezkoa izan zen zazpigarren artea deritzonaren bilakaerarako. George A. Smithek zenbait proiekzio egin zituen Londresko Palace-Varieté antzokian, eta bertaratuek lehen aldiz ikusi ahal izan zituzten koloretako irudiak zineman. Sistema horrek bi kolore besterik ez zituen erabiltzen, berdea eta gorria, nahasten zirenak. Oso oinarrizko sistema zen arren, pantailak lehen aldiz bizitza mundu errealean ikusten zen (ia) bezala erakusten zuen, koloreekin. 1914an Technicolor delakoa iritsi zen, koloretako filmak egiteko sistema. Apurka aldatuz joan zen eta 1935. urtean iritsi zen izenburu garrantzitsu bat: “Becky Sharp” (Rouben Mamoulian). Technicolor teknika erabiltzen zuen lehen filma izan zen, eta hiru kolore primarioetako bakoitzerako film bereizi bat sortu zuten. Kolorearen teknologia Hollywooden nagusitu zenean, zuri-beltza apurka bigarren maila batera pasatu zen. Technicolor sistema ospetsua bihurtu zen, eta mega-produkzio klasikoetan utzi zuen bere arrastoa; 1939. Urteko “The Wizard of Oz” eta “Gone with the Wind” dira horren adibide. Hortik aurrera, kolore-prozesu berriak garatu ziren, kalitate eta kolore-aniztasun handiagoko irudiak sortzeko.

Kolorearen psikologia

Gaur egun, zineman, erabat finkatuta dago kolorea eta honen erabilera, garrantzi handikoa da bere trataera. Estetikoki indartzeko erabiltzen da, baina narrazioari ere eragiten dio. Horietako bakoitzerako aukeratzen den kolore-paletak eragina du istorioa kontatzeko moduan, gogo-aldarteak eta atmosferak sortzen laguntzen baitu, baita ikuslearengan zenbait emozio sortzen ere. Kolore bakoitzak konnotazio jakin batzuk ditu, eta film batean erabiltzeak eragina du haren girotzean. Adibidez, kolore urdinak lasaitasuna eta segurtasuna transmititzen ditu, horiak poza, eta gorriak, grina, biolentzia edo haserrea.

Studio Binder webgunean, istorio bat kontatzeko kolorearen psikologiak gugan duen eraginaren azterketa egin dute eta ondorio interesgarriak atera dituzte. Zein kolore aukeratu eta hau nola erabili zinemagile eta argazki-zuzendari askoren obsesioetako bat da. Film batean koloreak hautatzea ez da ausaz egiten den zerbait, eszenografiaren azterketa arduratsu baten emaitza da, eta ikuslearengan erreakzio psikologikoa bilatzen saiatzea du xede; arreta xehetasun jakin batzuetara bideratzeko, filmaren tonua kokatzeko, pertsonaien ezaugarriak definitzeko edota istorioan aldaketak edo argumentu-arkuak erakusteko ezinbestekoa da kolorea ondo hautatzea. Emozioetan eraginez pertsonak edo lekuak identifikatzeko edota narratiba bisuala sortzeko eta garatzeko garrantzitsuak dira koloreak.

Zergatik zuri-beltzean?

Zinemaren bilakaera itzela izan da, eta eskura dauden teknika guztiei esker ia era guztietako filmak eta telesailak egin daitezke; zergatik filmatu orduan zuri-beltzean? Batzuek hautu estetiko bezala erabiltzen dute, hori nabaria da, baina beste askok ez. Duela hamarkada batzuetatik hona, zenbait ikuslek, inkontzienteki, film aspergarri eta zaharrekin lotzen dute zuri-beltza. Nire asmoa ez da zinemaren historia errepasatzea; asko gustatuko litzaidake testu hau irakurri ostean formatu honekiko aurreiritziak gainetik kentzea, askori gaitzespena eta batez ere nagitasuna eragiten baitizue.

«Koloreari esker, pertsonaiak modu distiratsuan deskriba ditzakegu, baina zuri-beltzak jendea nolakoa den sentitzeko aukera ematen digu». Keneth Branagh zinemagilearen hitzak dira horiek, zuri-beltzean filmaturiko “Belfast” filmeko zuzendaria eta gidoilaria. Film horren fotograma bakoitza memoria-zatiak gordetzen dituen postal zahar baten modukoa da. Tonu sepiek, zuriek eta beltzek haurtzaroko ametsetara eramaten dute ikuslea. Zer transmititzen du, bada, zuri-beltzak? Zinemaren sorreran ezarpen teknikoengatik aukeratzen zen soilik, ez zegoelako beste aukerarik, baina egun, hautu honen atzean badira sormen arrazoi oso sendoak.

Abstrakzioa eta arreta: zuri-beltzak tarte askoz zabalagoa uzten dio irudimenari, istorioa modu berezian ulertzeko aukera ematen du eta, beraz, pertsonaiekin intentsitate handiz identifikatzeko. Gainera, koloreak errealitatea edertzen eta islatzen du, baina, aldi berean, arreta galtzea ere eragiten du. Zuri-beltzarekin ikusleak arreta hobeto jar dezake filmeko mezu nagusian edota pantailaren gune jakin batean. Bestalde, pertsonaiak protagonismoa irabazten du, ikuslearen arreta handiagoa delako. Eta azkenik, konposizioak sortzerako orduan, zuzendariari zein argazkilariari lagundu diezaioke: kolorea kentzean kontrasteak sortzeko, formekin jokatzeko, testurak lantzeko, enkoadraketa bereziagoak egiteko eta abar.

Tonua. Silueta gogorrak definitzeko, gorputzen ertzak nabarmentzeko, kontra-argi ilunak erakusteko… ikuslearengan intriga, suspensea, misterioa eta ziurgabetasun efektua sortzeko paregabea da finean, baita zinema beltza edota klasikoaren lurrina transmititzeko ere.

Zama emozionala. Argiztapenaren, itzalen eta argi-ilunen bidez, indarra eman dakieke eszena jakin batzuei, nostalgia eta gozotasuna pertsonaien keinuen leuntasunari, sakonera handiagoa adierazpenei, paisaiei eta abar.

Girotzea. Itzalei, kontra-argiei eta partikula esekiei (kea, euria, elurra, hautsa, lainoa) argia aplikatzeko modu desberdinak daude, eta horri esker gai dira atmosfera bereziak, oso markatuak eta intentsitate handikoak sortzeko.

Adibideak

Filmen arloan adibide bikain asko zerrendatuko nituzke (“Roma”, “Belfast”, “The Artist”, “Das weisse Band”, “The Lighthouse”, “Nebraska”, “Schindler's List” …), baina telesailetan jarri nahiko nuke arreta; zineman nahiko ohikoa izan arren, telebistan oso kasu gutxi daudelako, eta nahiko bereziak, gainera.

Ripley

Netflix

“Ripley”, Patricia Highsmith-en Tom Ripleyri buruzko eleberri-sorten egokitzapena zuri-beltzezko harribitxia iruditu zait. Steven Zaillianen eskutik iritsi da -“Schindler’s List”, “American Gangster” edota “Gangs of New York” filmen gidoilaria eta “The Night Of” telesail bikainaren zuzendaria, besteak beste-, eta Andrew Scott aktoreak jokatu du Ripley protagonistaren rola. Zuri-beltzezko argazki lan ikusgarriaren egilea, aldiz, Robert Elswit da, arlo horretan maisua iruditzen zaidana, Paul Thomas Anderson-en film askoren argazki zuzendaria dena, beste lan askoren artean. Istorioa 1960ko hamarkadan gertatzen da. Estatu Batuetako gizon aberats batek Tom Ripley kontratatu du, semea Italiatik etxera itzul dadin konbentzitzeko. Hortik aurrera, gezur-sare bat ehuntzen hasiko da. Konbinazio horrekin, gutxienez, telesail txukun bat ikusiko nuela argi neukan, baina topatu dudana askoz hobea izan da; “Mindhunter”-ez geroztik Netflixek egin duen telesailik onena iruditu zait. Azken boladan egiten dituen fast food telesail horietatik aldendu den harribitxia da.

Hitchcok-en oihartzunak dituen lan zoragarri honen argazki zuzendaritza lanean gehiago sakondu nahi dut, fotograma bakoitza artelana iruditu baitzait. Inprimatu, marko bat jarri eta etxeko horman eskegitzeko moduko irudiak konposatu ditu Elswitek. Zinema klasiko beltzaren esentzia arnasten da une oro. Eszena bakoitzeko argiaren eta itzalaren lan ia espresionista bikaina da, hamarrekoa. Ez dugu kolorearen falta behin ere sumatzen telesail osoan zehar, eta zuri-beltzak tarte zabala uzten dio irudimenari. Istorioa modu berezian ulertzeko aukera ematen du eta, beraz, pertsonaiekin intentsitate handiz identifikatzeko aukera ematen du. Zuri-beltzaren erabilerak ere distantzia moral moduko bat ezartzen du protagonistaren ekintzen eta ikuslearen begiradaren artean. Protagonista aipatuz, Andrew Scott-en lana ere aparta iruditu zait, pertsonaiaren garapena eta arku dramatikoa itzelak dira. Bere begiradek, isiluneek… pantailari iltzatuta mantendu naute. Kokalekua ere zeinen ongi landua dagoen, Italia, narrazioa babesten eta elikatzen duen beste pertsonaia bat balitz bezala ageri baita.

Kriminal baten bizitzaren azterketa zehatza landu nahi izan dute, eta horretarako, Zaillianek protagonistaren urrats, portaera eta errutina bakoitza behatzen du, ekintza bakar bat alboratu gabe; xehetasun planoz josia dago telesaila: protagonistak behatzen duen guztia, gertatuko diren ekintzak aurreratzen dituzten objektuak, hirietako arkitekturaren planoak eta abar. Zentzu horretan, telesailak erritmo geldoa du, bereziki lehen ataletan, baina zuri-beltzaren amaraunak zeharo katigatuko zaitu hirugarren ataletik aurrera. Pazientzia apur bat, arren. Beste garai bateko telesaila dirudi; eta hau zerbait (oso) positibo bezala diot jakina.

Zuri-beltzezko atalak

Honako telesailak koloretan diren arren, badute partekatzen duten ezaugarri bat: atal jakin batzuk zuri-beltzean direla.

Master of None 2X01. “Vittorio de Sica eta su Ladri di biciclette” (1948) filmari omenaldi argia egiteko asmoz sorturiko atal zoragarria.

X files 5X06. Narrazio-estilo oso berezia duen atala, Frankensteinen munstroaren mitoa umorez aztertzen du.

Twin Peaks 3x08. David Lynchen telesail honek trama konplexu eta ausartagoak sortzeko bidea erraztu eta ireki zien beste ekoizpenei. Laura Palmerren hilketa gutxienekoa zen, Objektu Hegalari Ezezagunak zeuden, genero indarkeria, bortxaketak, ustelkeria…

Hirugarren denboraldiko zortzigarren atalarekin zur eta lur utzi gintuen; ia independentea, ia elkarrizketarik gabea, zuri-beltzean eta dimentsio abstraktuan kokatua. Telebistan aurretik inoiz ikusi gabeko zerbait egin zuen Lynchek.

Black Mirror 4x05. Zuri-beltzean filmatutako “Black Mirror”-en atal bakarra. David Slade zuzendariak azaldu zuen “Metalhead” izeneko atala gris-eskalan egitea erabaki zuela giro zapaltzailea transmititu nahi zuelako. Ikusleak dena astun sentitu behar zuen, eta lortu zuen.

Fargo 4x09. 2014. urtean Noah Hawley idazle eta gidoilari amerikarrak “Fargo” filmaren zenbait elementu eta esentzia hartu eta pantaila txikira moldatzeko ausardia izan zuen. Ausardia horren emaitza zoragarria izan zen, aparta, ezin hobea. Serieak gerora aurrera egin du bost zati izan arte. Laugarren denboraldiko bederatzigarren atala alderdi bisualagatik nabarmentzen da. Zuri-beltzean grabatua, erritmo basati horren kontrapuntu gisa funtzionatzen du. Zoragarria.

WandaVision. Telesailaren lehen zatia sorginaren botereak sortutako ilusio psikikoa da, eta horretarako kolorea kentzea erabaki zuten, 50eko eta 60ko hamarkadetako telebista saioak gogora ekartzeko helburuz. Bigarren atalaren amaieran eszena guztiak koloreztatu egiten dira.

Better Call Saul. Oso telesail gutxi koka daitezke “Better Call Saul”-en liga berean. Saul Goodman abokatu xelebrea oinarri duen harribitxia da. Drama eta umore beltzaren nahasketa perfektua osatzea lortu du Vince Gilliigan sortzaileak, betiere gidoi bikain baten babespean. Ekoizpen honen bikaintasun maila ia lotsagabekoa iruditzen zait, bere gidoitik hasi eta metafora bisualetara pasatuz, argazki zuzendaritza zaindutik jarraituz, beti pazientzian eta zehaztasunean oinarritutako muntaketa ia perfektu horretara iritsi arte. Zuri-beltzak ere indar handia du telesail honetan, eta narratiboki modu paregabean landua dago.