Ula Iruretagoiena
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Bizi-zikloak

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Eraikin baten patua zahartzea, gaixotzea edo heriotza izan daiteke; edota betikotzea urte luzez mantenu (maitekor) batekin. Eraikina osatzen duen materialak eta espazioan txertatzen diren ideiek iraupen-bizitza agortu dezakete, eta aldi berean giza-erabiltzaileen bizi-zikloen araberako ondorioak izan, hala nola ziklo ekologikoen baldintzapean egon. Gauzek, espazioek eta gizakiek bizitza zikloak dituztela alegia, eta bizitza-ziklo desberdinen arteko elkar-eraginean biografia bat osatzen duela bakoitzak. Bizi-ziklo batek subjektu baten hasiera eta bukaera definitzen ditu, egoera baten jaiotza eta heriotza. Eta ikuspegi ekologikoa gaineratzen badugu, bizi-zikloak bizitza amankomun baten mugimenduak dira, continuum batean ulertuak. Eraldaketa zikloak, bizitza-heriotza-bizitza-heriotza-bizitza mugimendu zikliko amaigabean, hain zuzen ere.

Stewart Brandt-ek estudiatu zituen eraikinen aldaketak denboran zehar, eta eraikinaren atal bakoitzari bizitza-ziklo bat egokitu zion. Modari loturiko objektuek urte eskasean interesa galdu dezakete; etxea osatzen duten sofak, aulkiak, mahaitxoak, egunetik egunera aldatu egiten dira lekuz, sostengatzen duten beharraren moldakortasunagatik; etxe baten barne-banaketa, gizakiaren aldaketa zikloarekin bat eginez, zazpi-hamar bat urtetan aldatzeko beharra izaten dute; teknologiari lotutako instalazio elektrikoak hamar bat urtetan berriztatzeko beharra egon ohi da, araudia edo berriagoa denari lekua emateko; fatxadak 20-30 bat urtetan egokitzapenak eskatzen ditu, eta egiturak 50-100 urtetan. Hemen zerrendaturikoetan gainera, izan etxe baten espazioa, bulego bat edo administrazio eraikin bat, elementu bakoitzaren bizi-zikloaren iraupena luzatu edo murriztu egingo da. Bestalde, gizakiaren beharrei lotutako bizi-ziklo neurgailu honi gaineratu behar zaizkio espazioen eraikuntzarako erabilitako materialen bizi-zikloak; bizi diren baldintza klimatologikoak eragin handia badu ere, zinka 70 urtetan desegiten hasten da, altzairua herdoiltzen hasten da 5 urtetik aurrera, egurra hiru urtetan kolorez aldatzen da eta mugimenduak agertzen ditu, hormigoizko egiturak 30 urtetan mugimendutxoak azaleratzen ditu, etab.

Bizi-zikloak ikusgarriak dira materian eta espazioan, eta kulturaren arabera, bizitzaren islak estetika irakurketa propio bat du. Mendebaldeko kosmo-ikuskeran, materia eta objektuetan gordetzen den denbora eta memoriak balio bat du, eta ondare izendapenarekin zahartasuna materian islaturik egotea babestu nahi dugu; inkluso ariketa zailetan sartzen dugu gure burua, egoera original teoriko bat berreskuratzeko ahaleginak ezartzen ditugulako, batez ere zahar ikusten duguna kultura identitarioaren materialtasunarekin lotuz gero. Identitatea adierazten duten objektu eta espazioen permanentziaren joerarekin batera, kapitalismoaren obsolezentzia joerak elkarrekin bizi dira. Aktualitatea galdu duten pareta eta zoru akaberekin gertatu ohi da beste belaunaldi baten estetika identifikatzen dugula, eta materialaren bizi-zikloa murrizten dugu, berriztapen zikloa abian jarriz. Honela, materiaren bizi-zikloa, gai organikoa izateaz gain, kulturala ere badela onartuko dugu... •