Asier AIESTARAN

Bizitzaren gorabeherak

Aurreko larunbatean ospatu zen Hernanin aurtengo Bizipoza Jaia. Ez dira asko izango, baina oraindik Bizipoza zer den ez dakienarentzat aipatuko dugu zailtasun desberdinak bizi dituzten familia eta elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea xede duen irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa dela. Eta hori baino gehiago ere bai: poza partekatzen duelako, euskaraz eta sorkuntzatik, auzolanean baloreak gizarteratuz.

Aipatutakoak arrazoi benetan sendoak ziren eguraldi petralari aurre egin eta Hernanira hurbiltzeko. Eta etxeko txikiek zalantza aurpegia jarri zutenean, bigarren argumentu sorta atera genuen mahukatik: “Goazen” telesaileko partaideen ikuskizuna, erraldoi eta buruhandien kalejira, eta Porrotx, Marimotots eta Zapotxin pailazoen emanaldia. Txamarra lodiak eta aterkiak hartuta, euritan baina poz-pozik irten ginen etxetik.

Euskal Herriko udaberria ez da inoiz gutxietsi behar, eta erraldoiak martxan jarri zirenerako eguzkiak gogor jotzen zuen Hernaniko kaleetan. Berokiak eskuan hartuta eta aterkiak non sartu ez genekiela, dultzaineroen erritmoan ibili ginen atzera eta aurrera. Txikienen bizipoza ikusita geurea asetzera hurbildu ginen gero txosnara: a zer zortea, mokadutxo bat jateko Atsegindegiko aterpera sartu ginenean hasi zuen berriz euria. Eta trikitilariek alaitu ziguten otordua!

Bazkalondoko barealdia luzetxo egin zitzaien haurrei, Porrotx, Marimotots eta Zapotxin noiz irtengo esperoan urduri zeudelako. Baina merezi izan zuen. Zerua haserretu eta ekaitz harrigarria lehertzearekin batera irten ziren dantzan eta kantari hiru pailazoak oholtzara. Ia bi orduko ikuskizun ederrean elkarte pila bat ezagutu genituen, kolorez eta musikaz blai, ahoan irribarre batekin eta tarteka begi ertzetan malkoren bat genuela, Bizipozaren esanahia hobeto ulertuz.

Merienda eskertuta, traste guztiak hartu eta etxera abiatu ginen. Bizipoza zainetan, adierazten zaila den lasaitasun bat sentitzen genuen barnean. Eta eguraldia ere inoiz baino bareago gelditu zen arratsalde amaierarako. Egon al liteke hori baino metafora hoberik bizitzaren gorabeherak deskribatzeko? •