Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía

Konfrontazioa, koska bat estuago munduan

Hainbat hilabetez Ukrainara laguntza bidaltzea geldiarazi ondoren, errepublikanoek bide eman diote Kieventzat 61.000 milioi dolarreko partida esleitzeari. Onartutakoaren zenbatekoa perspektiban jartzearren, SIPRIk kalkulatu du Errusiaren aurrekontu militar osoa 80.000 milioi ingurukoa dela; beharbada, orain zertxobait altuagoa. Aldaketa hori barne arrazoiek bultzatutakoa izan daiteke, aurten egingo baitira hauteskundeak AEBetan. Agian, estrategian aldaketak eskatzen zituztelako ere izan daiteke; izan ere, otsail amaieran Victoria Nuland kargutik kendu zuten, Gai Politikoetarako Estatu idazkariordea eta azken urteetan Errusiarekiko tentsioa elikatzeko lanean arduradun nagusia. Kargugabetze horrek islatzen du Ukrainako gerra adierazgarri handiena duen konfrontazio-estrategiaren porrota.

Interim hori aprobetxatu du Emmanuel Macronek bere profila markatzeko. Lehenik, militarismoaren lekukoa hartu, eta Ukrainara tropak bidaltzeko aukera zabaldu zuen. Mugimendu horren bitartez Alemania Ukrainara tropak bidaltzean inplikarazi nahi zuela interpretatu da, Berlinek gerraren kostua karga dezan, Macronek esparru politikoaren buruzagitza hartzen zuen bitartean. Egia esan, hori publiko egitea da berria, NATOko militarrek denbora daramatelako Ukrainan. Apirilaren amaieran, Kongresuak laguntza onartu ondoren, Macronek AEBetatik eta Txinatik urruntzeko deia egin zuen. Beharbada, ez zaizkio gustatu Washingtonek barne hausnarketatik ateratako ondorioak.

Bestalde, analista militar batzuek adierazi dute bazirudiela hilabete hauetan Errusiako Armada kamera geldoan aurrera zihoala, nonbait Europa gehiegi ez beldurtzeko ahaleginetan. Zaila da jakitea horrela izan ote den. Akaso, testuinguru horretaz baliatu dira Ukrainako gerran parte hartzen ari direnak, guztiei aurpegia salbatu ahal izateko irtenbideren bat haztatzeko. Akordio horretan, NATOk errusiarren konkistak onartuko lituzke, herrialdearen gainerakoa NATOn sartzearen truke. Izan ere, Turkian 2022an lortutako akordioetan argi geratu zenez, Ukrainaren neutraltasuna da gatazkaren gakoa. Beharbada, horri begira bidali nahi zituen Macronek soldaduak Ukrainara. Arazoa da egungo mugetan Ukraina NATOn sartzea onartezina dela agintari errusiarrentzat -NATOk Errusiari ezarri nahi dion porrot estrategikoa izango litzateke-. Bestalde, NATOrentzat neutrala den Ukraina bat onartzea bere porrota sinatzearen pare izango litzateke. Pausaldirik izan izan bada ala ez, ziurrena da hori dagoeneko amaitu dela.

Laguntza militarra onartuta, badirudi Washingtonek Errusia higatzen jarraitzea erabaki duela. Ukrainak mobilizazio lege drakoniarra onartu du, eta NATOk egunotan maniobrak egin ditu Kaliningraden, Bielorrusiarekin lotzen duen ibilbidean mozketa bat simulatuz. Ukrainari laguntzeaz gain, badirudi estrategia orain Txinari presio egitea dela. Astebeteko epean, Olaf Scholz eta Antony Blinken Pekinen izan dira, hango buruzagiak Errusiarekiko loturak moztu ditzaten «konbentzitzen» saiatzeko. Ez zuten konfiantza handirik gestioetan, Txinaren aurkako erabakiak batera hartu baitituzte. Ezbairik gabe, Washingtonek konfrontazioa areagotzearen alde egin du fronte guztietan. •