Perretxikotan ala Rolexetan
Duela astebete Pedro Sanchezen arrakero-jokaldi batek bost egunez izan zuen bahituta Espainiako prentsako arreta mediatikoa. Lehen ministro karguan jarraitu ala bertan behera utzi hausnartzeko tarte bat hartu behar zuelako iragarpenak publikoaren zati handi baten atentzioa bereganatu zuen, trilero iaioek bakarrik egiten dakiten moduan. Baina, su artifizialetatik harago, lagun on batek behinola ohartarazi zidan bezala, politikan benetan zer gertatzen den jakitekotan, hobe dugu prentsaren ordez dagokion erakundeko Aldizkari Ofiziala irakurtzea. Horrela deskubritu nuen -ez nik lan neketsu hori hartzen dudalako, baizik eta lagunak nire partez irakurri eta informazio mamitsuena hautatzen didalako- Sanchezek bere gogoeta prozesuaren emaitzaren berri ematen zuen egun bertsuan, berak zuzentzen duen Gobernuak baimena eman zuela milioika euroko erosketa egiteko Israelgo armagintza enpresa bati. Izan ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean apirilaren 29an argitaratutakoaren arabera, Defentsa Ministerioak 207.100.000 euroan armak erosteko kontratua sinatu du Israelgo Rafael Advanced Defense Systems konpainiarekin.
Esapide herrikoi batek dio ezin dela aldi berean perretxikotan eta Rolexetan ibili. Espainiako Gobernuko presidenteak bere burua nabarmendu nahi izan du nazioarteko iritzi publikoaren aurrean Israelek bete beharreko nazioarteko zuzenbidearen inguruko adierazpen ustez irmoengatik, eta diplomazia hebrearrarekiko tirabirak ere antzeztu dituzte adierazpen horien kontura, baina hitzetatik harago, eta distrakzio-trikimailuak gorabehera, paper ofizialak administrazio espainolaren eta sionistaren arteko lotura estuak uzten ditu agerian, sekula eten ez diren eta azken hilabete odoltsu hauetan sendotu diren harremanak. Historia liburuetako paperak ere nor bere lekuan jarriko du, genozidak eta euren konplizeak. •