Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Irantzu VARELA URRESTIZALA
Kazetari eta ekintzaile feminista

«Minak eta biolentziak toki lasai batetik kontatzeko ariketa da liburua»

«Lo que quede» liburua argitaratu du, idatzita dagoena geratu egiten delako, haizeak ezin arrastaka eraman. Memoria autopornografikoak direla dio egileak.

(Argazkiak: Oskar MATXIN EDESA)

Liburua argitaratu du, “Lo que quede”. Bere gorputzean gertatutakoak kontatzen ditu eta horietatik zer ikasi duen, baina une askotan kolektiboa begitantzen da kontaketan, beste emakume askoren gorputzetan gertatuak pilatzen dira bata bestearen gainean. Bere ahotsa, Irantzu Varelarena, oso propioa da.

«Arraroa egiten zait zoriontsu izatea», diozu lehen kapituluan. Liburuan bizipen oso gogorrak jasotzen dira, baina patxadatik idatzita dago.

Bai. Uste dut orain arte ez dudala idatzi ezin nuelako. Ezin duzu idatzi hainbeste kaka eta biolentzia jasotzen duen liburu bat ez badago erreparazioa, lasaitasuna eta ongizatea. Nik horrela bizi dut eta niretzat garrantzitsua zen hortik idaztea. Orain ondo nago, lasai, pozik, maitasuna daukat, lagunak ditut, nire zauri guztiak orbaindu dira... Nik hortik idatzi dut eta konturatu naiz irakurleari ere lasaitasuna eman diola horrek.

Liburua irakurrita, hondar hori geratzen da sabelean: inori gauza izugarriak gertatuta ere, zoriontsu izateko bidea topa dezake.

Bai, eta berez ez nuen pentsatu liburuak inolako mezurik izan behar zuenik. Normalean bideoak, artikuluak, bakarrizketak... egiten ditudanean, beti mezu bat jaurti nahi izaten dut. Liburuaren kasuan, aldiz, ez neukan bokazio hori, baina sentitu dut baduela mezua. Egileak liburua askatzen duenean horrek bizitza propioa hartzen du, eta jende asko hori ari zait bueltatzen; erreparaziorako eta mendekurako toki bat topatu duela liburuan. Manifaren batean oihukatzen genuen bezala, “gure mendekua zoriontasuna izango da”. Bada, hori. Lasai eta pozik nago eta gertatu zaizkidan zikinkerien inguruan hitz egin dezaket.

Nola definituko zenuke zure liburua?

Ez da erantzuten erraza. Niretzat erreparazio istorio bat da. Minak eta biolentziak toki lasai batetik kontatzeko ariketa bat. Erreparazio hitza askotan agertzen da. Sufrimendutik ikasketara doan bidea da liburua, baina ez diot inori idatzi, nik istorio hau kontatu beharra neukan niri ez ahazteko. Hortik abiatuta, erdi literarioa den gauza bat egiteko gai izan banaiz, irakurleak gozatzen badu eta, gainera, nire bizipenek zeharkatzen badute, bada fantasia hutsa iruditzen zait.

Liburuak alfabetoaren ordena jarraitzen du eta hirutan banatuta daude istorioak: batak, biak eta hiruak. Hiru Irantzu desberdin.

Alfabetoaren letrak eta hiru zenbaki horiek erabili ditut liburua egituratzeko. Nire behar bat izan da, egitura bat zuen zerbait egiteko eta liburua noiz bukatu jakiteko. Egitura bat inposatu nion nire buruari liburua ez zedin kaos bat izan. Hiru ahotsak funtsezkoak iruditzen zaizkit: hiruak biolentzia istorioak dira, batzuk oso latzak eta beste batzuk arinagoak, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoak; biak hausnarketari lotuak daude, gertatutako guztiari buelta emateko bideei; eta batak oraina dira, orain nagoen tokia, pozik eta lagunekin, gertatu zaidan guztiari begiratzeko prest eta ikasteko gai izan naizela sentituz. Bada liburua bigarren aldiz irakurri duen jendea, zenbakien ordena horri jarraituz. Polita iruditzen zait lehendabizi hiruak irakurtzea, biak ondoren eta batak, azkena. Hori da egin dudan bidaia, sufrimendutik ikasketara.

Jasan zenuen lehenengo biolentzia kasuan bospasei urte zenituen, adin dezenteko gizonezko batek gozokiak sartu zizkizun petoaren goiko poltsikoan eta, bide batez, bularraldea igurtzi. Adin bertsua zenuenean, lagun batekin zabuetan zenbiltzala, gizonezko batek zakila erakutsi zizuen.

Uste dut analisi sozial zorrotza daukagula egiteko -feminismotik ari gara dagoeneko-: zer ostia pasatzen zaio maskulinitateari? Besoetako haurrak erasotzen ditu, desgaitasuna daukaten pertsonak, hildako emakumeak... Bizitza osoan zehar esan digute gertatzen zaigunaren errua gurea dela, horren bila ibiltzen garela, probokatzaile hutsak garela... baina, nola? Jendarte bezala zain daukagu hausnarketa zorrotz hori: zer gertatzen da maskulinitatearekin? Gorputz bat ikusi eta horri eraso egiteko inpunitatea zergatik sentitzen du? Zer gertatzen zaio kalean jolasean dabilen neskato bati titiak ukitzen dizkion gizonezko heldu horri? Ez dut uste gertaera multzo bat denik, uste dut oinarrian sistemikoa den zerbait dela, maskulinitatea gure gorputzen harrapakaria da. Mesedez, utziko al diozue behingoz harrapakari izateari? Niri, zuri edo beste hari gertatu zaionetik harago, analisi askoz zorrotzagoa eta zabalagoa egin beharra dagoela uste dut.

Nik kontatu ditudan gertaera horiek kalean gertatu zitzaizkidan eta ezagutzen ez nituen gizonezkoekin, baina datuek diote adin txikikoen kontra sexu erasoak izugarriak direla eta kasu asko etxean edo ingurune hurbilean gertatzen dira.

Liburua irakurri duten askok esaten didate “niri ere gertatu zitzaidan”. Barkatu, erasoak ez zaizkigu gertatu, erasoak norbaitek egin dizkigu. Nork egin dizkigu? Zein jendarte edo sistema klasetan bizi gara horrelako erasoak hain maiz eta hainbeste inpunitatez gertatzeko? Harrapakariz inguratuta bizi gara.

Eta zer egin daiteke?

Erantzun. Autodefentsa feminista ikasi behar dugu, eta erasoei erantzun. Legeek edo poliziek inpunitate horrekin noiz amaituko duten zain egon beharrean, guk apurtu behar dugu inpunitate hori. Gizonezko batek erasotzen gaituen bakoitzean, erantzun egin behar dugu; iskanbila sortu, agerian utzi, muturreko bat eman, seinalatu, lotsarazi... Gertatzen ari da, lehen normaltzat jotzen ziren gauza askoren aurrean erantzuten ari dira emakume gazte asko. Adibidez, parrandan atera eta norbaitek ipurdia ukitzea. Erantzun bat izan daiteke zure lagunei aipatu eta denak taldean joatea gizonarengana “zuri zer pasatzen zaizu?” esatera. Hori bai, haien erantzuna inoiz ez da ona izango. Gizonezko horiek erasoak egiteko legitimitatea sentitzen dute eta, behin eginda, zigorgabeak direla uste dute. Momentuz, sistema ez zaigu laguntzen ari, beraz, guk egin beharko dugu: autodefentsa feminista kolektiboa.

Eta zer egin erasotzaile harrobiarekin amaitzeko?

Sistemak sortzen ditu, txikitatik ‘putoamoak’ direla sinetsaraziz, nahi duten guztia eskura izango dutela esanez, etorkizunean izar bat izango direla ziurtzat emanez... Eta gero, gizonekin, ez dugu haien eskarietara erabat makurtu behar. Nik inguruan ikusten dudanez, haurrak bezala zaintzen ditugu askotan, arrazoia ematen diegu tontoei bezala, tontakeriak esaten dituztenean entzun egiten diegu, guk gehiago kontrolatzen ditugun gaien inguruan hitz egiten dute eta entzun egiten diegu... Horrekin hausten hasi behar dugu, lasai esan behar digu “isildu, horri buruz guk gehiago dakigu”.

Eta zaintzeari utzi behar diogu, medikura joateko esan, pilula hartu behar duela gogorarazi... Txikiak eta mendekoak balira bezala tratatzeari utzi beharko genioke, gero haiek baitira agintzen dutenak eta diru gehiago irabazten dutenak.

Liburua irakurrita, maite duzun gizon banaketakoa zure aita dela suma daiteke.

Tira, nire aitak prozesu oso interesgarria egin du. Ez dauka ikasketarik, kultura oso oinarrizkoa dauka eta sekulako autokritika lana egin du. Begira geratzen da eta asko entzuten du. Ez daude bera bezalako asko, eta dauden gutxi horiek ondoan daukaten emakumeari esker da, kasu honetan nire ama. Emakume asko daude egintzat ematen dutenak bikote heterosexual bat izan nahi badute, bai edo bai hezi egin beharko dutela, otzandu. Niri izugarria iruditzen zait, baina batzuen kasuan gutxienez funtzionatzen du.

Liburuan ere aitortzen dut, gizonezko cis heteroak diren oso lagun gutxi dauzkat nik. Eta ditudan gutxi horientzat ez da erraza nire laguna izatea, etengabeko kritikara kondenatuta daudelako. Printzipioz inork ez luke bizi nahi bere pribilegioak beste pertsona batzuen eskubideen gainean eraikita dauden mundu batean, ezta?

Zure amak esaten du nahikoa egin duela feminismoaren alde Irantzu Varelaz erditzen. Uste dut askoz gehiago egin duela.

Bai, ni ez nintzateke naizena nire amarik gabe. Nire amak bultzatu du nire kontzientzia politikoa, klase kontzientzia, langile klasekoa izatearen lotsarik ez edukitzea, umiltasuna, itxurakeriarik ez egitea eta, noski, indarra. Nire familiako emakumeak oso indartsuak dira, eta ni hortik nator. Nire inguruko emakumeak dibertigarriak dira, lotsagabeak, barre lasai egiten dute... Zorteko sentitzen naiz horregatik. Nire etxean ikusi dudan feminitatea oso berezia izan da; txisteak egiten dituzte, algara ozen egiten dute, ez dira isiltzen, oso langileak dira, borrokalariak, oso dantzariak... Ez da kasualitatea.

Indarkeria matxista larria kontatzen duzu, zure azalean sufritua. Batek baino gehiagok pentsatuko zuen zuri, emakume ahaldundu eta indartsu bati, horrelakoak gertatu bazaizkizu, zer ez ote zaien gertatuko beste batzuei...

Hori da tranpa. Batetik, ni ez naiz beste inor baino indartsuagoa edo ausartagoa eta, bestetik, inongo emakumek ezin dio aurre egin indarkeria matxistari berak bakarrik. Horregatik da garrantzitsua gure errelatoak kontatzea, konturatzeko ez zaigula guri bakarrik gertatzen. Hori izan da feminismoaren mugarri garrantzitsuena, indarkeria matxista ez zaiola bati bakarrik gertatzen konturatzea. Horri esker kendu dezakezu ergela zarenaren sentipena, zulo horretatik aterako zarela sinistu dezakezu eta egoera berean dagoen beste emakume bat topatu, egoera elkarrekin kudeatzeko.

Askotan emakumeei exijitzen zaie biolentzia bakarrik gainditzea, orain jatorra eta lasaia izatea, zauriak ondo sendatzea eta, gainera, hori guztia modu pedagogikoan kontatzea. Indarkeria matxistaren zaurien orbainak gorputzean geratzen dira, baina baita barruan ere. Klabea da onartzea emakume batek bakarrik ez diola aurre egingo; ez azkarrenak, ez aberatsenak, ez indartsuenak... Borroka hau kolektiboa da, eta isiltasuna hautsiz hasten da.

Zure lagunek pisu garrantzitsua daukate liburuan. Pasarte batean egoera surrealista samarra kontatzen duzu. Bikote ohiarekin partekatzen zenuen etxera gerturatzen zara lagunek babestuta zure gauzen bila. Jarrera bortitza espero duzu eta, badaezpada, pailazoen sudur gorri bat sartzen duzu poltsan.

Nik oso garbi neukan tentsioa egongo zela eta tipoa biolento jarriko zela. Egoera deserosoa izango zela pentsatu nuen eta sudur gorria sartu nuen poltsan, egoera itsusi jartzen zenean ateratzeko. Dagoen gauzarik apurtzaileena da, bere maskulinitatearen gailurrean dagoen gizonezko bortitz baten aurrean sudur gorria jantzi eta barregarri uztea. Gero, hain biolento jarri zen, non ez nuen sudur gorria atera. Egin izan banu, irentsarazi egingo zidan seguru. Izugarria izan zen, ni eta nire lagunak erasotu gintuen.

Askotan sentitu duzu beldurra?

Ez dakit esaten. Prozesu hau, hain justu, beldurra kentzeko bide bat izan da. Emakumeak beldurrean hezten gaituzte, baina ez digute esaten zeri izan behar diogun beldurra. Akordatzen naiz behin aitak aireportura eraman ninduela. Hitzaldi bat ematera nindoan eta ez zen esperientzia arriskutsua inondik inora. “Maitea, kontuz ibili”, esan zidan aitak. ‘Zerekin?”, galdetu nion. “Ez dakit, gauza guztiekin”.

Beldurra izaten erakutsi digute, zehazki zeri izan behar diogun jakin gabe. Eta horrela ezinezkoa da autodefentsa estrategiak garatzea. Feminismoaren markoari esker, beldurrak identifikatzen joan naiz, arriskuak zeintzuk diren eta nondik datozen sumatzen. Gero eta gehiago egin ariketa hori, orduan eta beldur gutxiago daukat. Nik badakit zenbait gauza egiten ditudanean arriskuak hartzen ditudala, eta batzuetan segurtasun neurriak hartu behar ditut, baina lehen baino beldur gutxiago daukat.

Victoria Sauk esaten zuenez, bahitu egin gaituzte, bortxatu, gure seme-alabak kendu dizkigute eta gero babesa eskaini digute, gure askatasunaren truke. Ni, nire tratu txar emailearekin bizi nintzenean, ez nintzen gai Mallonako eskailerak bakarrik eta lasai igotzeko, eta telefonoz deitzen nion. Bera utzi nuenean beldurra izateari utzi nion, nire arrisku handiena bera zelako. Gero eta askeago izan, kontziente zara dituzun arriskuez, baina, era berean, badakizu arrisku gehienen aurrean zure burua defendatzeko modua izango duzula. Hori da autodefentsan ikasten duzuna. Ostikoak eta muturrekoak ematen erakutsi baino lehen, dagoen aukera bakarra beldurra izatea ez dela erakusten dizute; agian ihes egin dezakezu, defendatu egin zaitezke edo aurre egin diezaiokezu. Askotan gu baino ahulagoak diren gizonen beldur izan gara. Beraiek bazekiten beldurra izango genuela eta guk ere bai. Niretzat hori aldatu egin da; orain ez dut pentsatzen zenbat beldur dudan, nola defendatuko naizen baizik.

Zenbatero pentsatzen duzu sare sozialak uztea? Izugarria da horietan jasaten duzun indarkeria maila.

X sarea boteretsua naizen toki bakarra da, jarraitzaile asko ditudalako. Badakit norbaitekin sartzen banaiz, azkura eragingo diola. Baina joan direnen erabat alde nago eta ni ere edozein egunetan joan naiteke, hori ere ikasi dudalako; nire garrantziaren jakitun naiz, X saretik joaten banaiz edo irla desertu batera bizitzera joaten banaiz, ez zaio ezer pasako ez feminismoari ez munduari.

Baina gustatzen zait, X sarean dudan ikusgarritasuna boterea delako, eta aprobetxatu egin nahi dut.

Gero Instagram dago, non jende guztia zoriontsua den, eta izugarri dibertigarria iruditzen zait nire nortasunaren bikoizketa hori. Argazkiren bat jartzen badut bikinitan, jendeak ausarta naizela esaten dit, emakume gizen bat bikinitan ikustea ekintza politiko bat iruditzen zaielako, eta ez señora bat bikinitan, besterik gabe. Oraingoz ez dut buruan sare sozialak uztea, baina edozein egunetan gerta daiteke.

Gaizki pasatu al duzu sare sozialak direla medio?

Izugarri gaizki pasatu dut. Egunero-egunero mehatxuak, irainak, heriotza desio dizuten ehunka mezu... Izugarrizko gorrotoa jasaten dut sareetan eta hori biolentzia izugarria da. Gainera, sareetan iraindu zaituzten horiek kalean topatuz gero, auskalo zein joera egiten duten. Jendarte bezala zerbait egin behar dugu feminismotik sareetan ikusgarri garenok jasaten dugun biolentzia izugarriarekin. Etsigarria da, nekagarria eta krudela. Ohitu egin naiz, baina horrek ez du esan nahi izugarria ez denik.

Langile klasearen kontzientzia oso presente dago zure bizi ikuskeran.

Bai. Ez da kontzientzia hartzeko prozesu bat izan, errealitatea izan da. Gu jende mordoa bizi ginen etxe oso txiki batean. Aitak txandaka lan egiten zuen Basauriko lantegi batean eta greba bat baino gehiago egin zituzten; aititek hiru arrain ontzi arrantzatzen zituen txalupa txiki batean eta ontzi horietako bat txaluparen jabeari eman behar zion; etxeko emakumeek lanean ematen zuten eguna, hara eta hona... Aitaren sorbalda gainean ezagutu nituen lehen grebak eta lehen leloak. Helduagoa izan naizenean, bizipen horiek guztiak ordenatu egin ditut, baina hor zeuden lehendik. Niri etxean betidanik erakutsi izan zait hau dela garena eta ez dela lotsatu behar horregatik. Beti esan didate okerrago dagoen jendeari begiratu behar zaiola.

Lodifobiaren aurkako aktibista ere bazara. Sufrimendu gehien eragiten dizun borroka dela diozu.

Euskal Herrian eta Estatu espainolean feminismoa lodifobiaren kontrako diskurtso politikoa eratzen hasi da. Jaso duguna eta irakurri duguna Latinoamerikako eta Ipar Amerikako feministei jaso diegu, gu baino garatuago daukatelako gaia. Oraindik konplexua da. Feminismoan beti gauza bera gertatzen zaigu, errazagoa da diskurtsoa egitea hori barneratzea baino. Eta prozesu horretan gaude ni eta ni bezalako beste asko.

Niretzat klabea izan zen “(H)amor gordo” liburuan parte hartzea. Gizentzearen eta gizena izatearen inguruan zenbait elkarrizketa izan nituen Continta Me Tienes argitaletxeko editorearekin, eta gogoeta horiek idazteko eskatu zidaten. Ni beti oso normatiboa izan naiz, 30 urtetik aurrera hasi nintzen gizentzen. Lehendabizi zuk ulertu behar duzu zure gorputzari ez zaiola ezer txarrik gertatzen eta, gero, gainontzekoei azaldu behar diezu. Herri kulturatik gauza asko aldatu behar dira, argaltzen zarenean denek esaten dizute “zein guapa zauden”. Gauza jakina da gaixo gaudenean argaltzea dela egiten dugun lehen gauza. Nola joan gaitezke medikuarenera edozein botika eskatzera argaltzeko? Nola pentsatu dezakegu pertsona gizen guztiek osasun txarra daukatela? Nola daukagu hain barneratuta eta naturalizatuta kalean dabiltzan gorputz bizi eta osasuntsuak okerrak direla? Eta nola da posible emakume guztiei ikararik handiena ematen diguna gizentzea izatea?

Zenbat diru, zenbat denbora eta zenbat frustrazio eskaini dizkiogu argal egoteari? Eta teoria guztia dakidan arren, aktibismo lodia kostatu egiten zait. Egunean behin baino gehiagotan pentsatzen dut “nahiago nuke argal banengo”. Niretzako maitasun erromantikoarekin bezala gertatzen ari da. Bagenekien gaizki zegoela maitasun erromantikoa, baina denak erortzen ginen horretan. Lodifobiarekin fase horretan gaudela uste dut, hasierako urratsetan.

Umorea ezinbesteko tresna duzu zure aktibismo anitzetan.

Bai. Kasualitatez bezala iritsi nintzen, baina berehala konturatu nintzen eraldaketarako tresna oso indartsua dela. Batetik, serio esan ezin dituzun gauzak esan ditzakezu umoretik. Eta, bestetik, boterean ez daudenen erreminta da. Pribilegioan, boterean, dagoenaz barre egitea oso barregarria eta eragingarria da. Gizonezkoen pribilegioak Enperadorearen jantzi berria dira. Maskulinitatea testuingurutik ateratzen baduzu, izugarri irrigarria da. Espartaco edo gudari bat direla uste duten hauek guztiak, ahotsa grabe jarri eta muskulua ateratzen dutenak, testuingurutik ateratzen dituzunean, izugarri erridikuluak dira. Zu baino boteretsuagoa den pertsona bat armagabetzea oso zaila da, baina txisteekin armagabetzea posible da eta oso barregarria gertatzen da. Normalean, gainera, ez dute asmatzen nola erantzun. Gorantza barre egiten duzunean, zu baino boteretsuagoa denari barre egiten diozunean, hori izugarri askatzailea eta iraultzailea da.