Juantxo EGAÑA

45 tona bonba, zortzi minututan, Biarritz eta Angelun

(BIARRIZKO UDAL ARTXIBOAK)

Bigarren Mundu Gerran, nazien tropek Ipar Euskal Herria okupatua zutenean, amerikarrek Biarritz eta Angelu herriak bonbardatu zituzten. 1944ko martxoaren 27ko 14.15ean hasi ziren sirenak jotzen Biarritzen. Hamabost minutu geroago, itsasotik sartzen ari ziren AEBetako 45 bat hegazkinek Biarritz eta Angelu herriak bonbardatu zituzten, eta dozenaka pertsona hil ziren zibilen artean. "La Negresse" aireportua ere bonbardatu zuten. 45 tona bonba jaurti zituzten zortzi minututan, eta, ondorioz, 400 eraikin inguru suntsitu eta dozenaka hildako eta zauritu eragin zituzten; horietako batzuk, gerra zibilaren ostean ihes egindako Hegoaldeko errefuxiatuak. Testigantza batzuen arabera, helburua aerodromoa zen, baina beste iturri batzuek diote Alemaniako tropak nahasteko asmoa zutela. Bizirik atera zen batek, urte batzuk geroago egindako elkarrizketan, honako hau zioen: «...esfera zuri bat azaleratzen ikusi nuen, jausgailu moduko bat. Zoruak gero eta dardara gogorragoa egin zuen. Nire balkoitik Port Vieux aldeko teilatuak ikusi nituen ke lodi baten erdian altxatzen. Balkoitik irten eta eskailera-zoko batean harrapatuta geratzeko denbora izan nuen. Infernuko zarata, hauts lodia, aire arnasezina... ». Garai hartako beste testigantza batek hau zioen: «...Biarritz dardarka hasi zen, lurrikara baten eraginez bezala... Aurreko etxeko lorategian bonbak erortzen ikusi nituenean bakarrik sartu nintzen korrika. Zortea izan nuen metraila zati batzuek fatxadan jo zutelako eta leihoak zabal-zabalik zituen apartamentuan ere sartu zirelako... Eguzkia bat-batean desagertu zen, ilun zegoen, hotz zegoen. Minutu batzuen buruan gertatu zen dena. Leherketa gehiago entzun ziren gaur egungo Liberation plazatik eta tren geltokitik gertu... Berehala entzun genituen biktima ugarien oihuak eta intziriak... ». Hilabete batzuk geroago, ekainaren 6an, Normandiako lehorreratzea gertatu zen, eta abuztuaren amaieran Iparraldearen askapena gertatu zen.