Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria
3 BEGIRADA:

Historia errepikatzearen inguruan

Marine Le Pen, eskuin muturreko lider frantsesa, artxiboko irudi batean.
Marine Le Pen, eskuin muturreko lider frantsesa, artxiboko irudi batean. (DPA - EUROPA PRESS)

Fronte Popular berriaren sorrera ezagututa, garai bateko PCF Frantziako Alderdi Komunista ahalguztidunaren egunkari L´Humanité-ren web orrira jo dut, bizi izan ez nuen garai baten nostalgia sentituz une batez. Pentsatu behar da II. Mundu Gerra bukatu zenean Frantziako alderdirik handiena eta bozkatuena izan zela komunistena. Hainbesteko ospea zuen, ezen orduko modako filosofoa ere, Jean-Paul Sartre, alderdikide egin zen. Hurbilketa hark, paradoxikoki, gazteagotan militante komunista izandako Albert Camusengandik aldendu zuen. Une hartan, alderdi komunistarekiko hurbilketa edo urrunketa egon zen eztabaida ideologiko eta filosofikoaren muinean.

1930eko hamarkadako fronte popularrak ere alderdi komunistek bultzatu zituzten, Kominternaren kongresuak aliantza politika berria agindu baitzuen 1935eko uztailean. Fronte popularrek faxismoaren hedapenaren arriskuari aurre egin nahi zioten eta, bistan denez, ez ziren oso arrakastatsuak izan epe ertainera, garaian ilusio handia eta langile klasearen mobilizazio zabala eragitea lortu zuten arren. 1940rako, Espainiako Fronte Popularraren gobernua erbestean eta zatituta zegoen. Frantzian ere boterea galdu zuten eta Fronte Popularreko gobernuburua izandako Leom Blumen jatorri juduak europar zibilizazioarekin bukatzeko balizko konspirazio judu-boltxebikearen mitoa hedatu zuen.

Frantziako eskuin nazionalistak ez zuen bereziki gaizki hartu Alemania naziarekiko kolaborazioa. Iraultza nazionala aldarrikatu zuen Pétainen gobernuak, bere ideologiaren erdigunean katolizismoa eta emakumea etxean mantentzen zuen familia jarrita. 1940ko urrian, Vichyko gobernuaren eremuan zeuden 40.000 judu atzerritarrak atxilotzeko agindu zuten. Geroago, Pierre Lavalek, Vichyko gobernuburuak, Milice Français talde parapolizial faxista sortu zuen eta juduen deportazioan parte hartu zuen. 350.000 judu frantsesetatik 80.000 hil zituzten nazien hilketa esparruetan.

Fronte Popularraren berpizkundeaz gain, gero eta gertaera gehiagok gogorarazten dute 1930eko hamarkada. Italian faxisten ondorengo ideologiakoak daude boterean, orduan bezala. Genozidioa gertatzen ari da, paradoxikoki, judu sionisten eskutik. Eskuinak gero eta konplexu gutxiago ditu. Alternative für Deutschland alderdiaren europar hauteskundeetarako zerrendaburuak adierazi zuen ez zegoela zertan SSko kide guztiei ‘kriminal’ esan... Aldi berean, Le Pen harengandik urruntzea eragin zuen, azken hilabeteetan bere diskurtsoa gero eta gehiago neoliberalismoarekin lerratzen joan baita eskuin muturreko lider frantsesa. Mileiren arrakastak liluraturik edo. Finean, askotan esan bezala, faxismoak arazoa langileekin eta gutxiengoekin baitu, ez gure lanetik bizi den elitearekin. Hura beti errespetatuko du.

Marxek idatzi zuen historian fenomenoak errepikatzen direla: lehenik, tragedia bezala eta bigarrenik, fartsa bezala. Hegeli egiten zion erreferentzia, hark idatzi baitzuen historian gauzak bi aldiz gertatu behar direla benetan gertatzeko. Batak edo besteak arrazoia izan, nik ez dut batere gogorik historia errepikatzeko. •