Maddi AIESTARAN IPARRAGIRRE

Mudantza

Manta oinekin nola zimurtzen dudan ikusita, geldi-geldi egongo naizela erabaki dut, pausorik egin gabe. Atzamarrekin, marrazki bati goiko ezkerreko erpinetik tira egin diot suabe. Begiratu egin diot hiru-lau segundoz, eta atzealdeko zeloa desitsatsi diot pixkanaka-pixkanaka, kontuz-kontuz. Ondoko bi argazkiak kendu dizkiot paretari, eta marrazkiaren gainean jarri ditut. Gauza bera egin dut noizbait nonbaitetik hartutako poster itxurako paper zelodun gehiagorekin. Oinpeko mantaren zimurrak sumatu ditut ugaritzen, nire nostalgiatxoa nola. Eta mesanotxean, joan dira marrazkiak, pegatinak, argazkiak, paperak pilatzen, eta zelo erabiliaren pilotatxoa handitzen, paretari koloreak erantzi ahala. Pila hori karpetaratu eta salto egin dut ohetik. Armairuaren gainaldera iristeko lain eskalatu dut. Iritsi naiz. Heldu diet koadro zaharrei eta nire oinekin batera jaitsi ditut lurrera. Itsusiak dira, gero. Oheko zimurrei arreta handiegirik jarri gabe, tentetu naiz berriz ere eta ipini ditut koadroak lehen kendu nituenean zeuden bezala. Eta listo. Begiratu diet ate ondoko poltsei. Begiratu diot armairu hutsari. Zelo pilotatxoa zakarretara bota dut. Begiratu diot paretari. Eta begiratzea iruditu zait agur esateko modu oso diskretu baina polit bat.

Ekainak gauzak bukatzen ditu askorentzat. Ikasturteak, masterrak, lan kontratuak, errutinak, alokairuak, bazkidetzak, agendak, ofertak. Etxe honetakoak bukatu zaizkigu guri. Eta bukatzeak penatxoa ematen du askotan; ez beti, baina. Esaten denez, bukaerek hasiera omen dakarte ia beti. Baina niri ez baitzait gustatzen gauzak azkarregi egitea, batzuetan on egiten dit gauzak bukatu eta besterik hasi bitartean geldi-geldi tarte bat egoteak. Poltsei, armairuei eta paretei begira. •