Nerea GODOY FUENTES
Hezitzailea eta BIZIPOZAko kidea
3 BEGIRADA:

Munduan leku bat

Txernobylgo haurren agurra, aireportuan.
Txernobylgo haurren agurra, aireportuan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zenbat gustatzen zaizkigun udako oporrak! Zer ote dute? Lanera edo eskolara ez joatea baino gehiago Zda oporraldia, egun luze eta gau laburrak dira, bidaiatzea, izozkia eta berandu esnatzea, asteko zein egun den ez jakitea eta hori guztia maite ditugunekin eta gaituztenekin batera.

Lurra. Noor eta Misha gurasoak eta ahizpa-neba nagusiak estu besarkatzen ari dira, lehen aldiz, Euskal Herrian oporrak pasatuko dituztelako. “Hamada” esaten diote sahararrek basamortuko lekurik idorrenari, harez eta harriz osatutako horri. Bertan bizi da Noor, hain berea eta inorena ez den lur batean, bere arbasoei ere ukatu zietena. Oporrak Bakean programari esker, Zarautzen pasatuko ditu uztaila eta abuztua; oporrak behintzat, bakean. Misharen bizitza dezente aldatu da azken urteotan, jaio zenean, kutsatutako lur bateko elikagaiak jaten zituelako, askotan gaixotu zen eta. Orain, gerra tarteko, inguruko lagun asko galdu ditu eta zabor nuklearrak kutsatutako lurra bolboraz eta tanke arrastoz estalia dago orain. Chernobilen Lagunak elkartea eta euskal familia bat izango ditu bidelagun Misha txikiak hirurogei egunez.

Beldurra. Maleta egin, azken besarkada estuak, eta aireportura eramango dituen autobusean igo dira, senti daitezkeen emozio guztiak batera sentituz, denak indartsu. Senideek eskuz agur egin diete autobusaren kanpoaldetik, malkoei eutsiz eta hunkiduraz betetako irribarrea ahoan. Altzoan eserita izandako haur txikiak gogoan, trukatutako besarkadak azalean itsatsita gordez eta oporraldi ona opaz. Ez da erraza izango zure alaba-semeak zugandik urruntzea haien hobe beharrez, milaka kilometrora dagoen beste herrialde batean hobeto daudela pentsatzea. Beraiek zure lurra bere ez sentitzeko beldurra izatea, ezezagunen etxera bidaltzea. Denok behar ditugu bakea eta maitasuna, munduan leku bat eta bi hilabetez, euskal familia askok egiten diete haur horiei lekua haienean.

Haurra. Hegazkinak Loiun lur hartzen duen momentuan, familia bat aurkeztu zaie Noor eta Mishari. Badoaz haiekin. Hasieran ez da erraza, baina denbora, maitasuna eta elkarrekiko konfiantza harreman guztiak osatzeko ezinbesteko osagaiak dira. Lehenengo egunetan ez dira erabat errazak izango, herriminez egongo da eta etxekoen falta sumatuko du. Astebete igarotzerako euskarazko lehen hitzak ikasiak izango ditu jada eta irribarrea begiradarekin batera zabalduko zaio. Bihurrikeriak ere egingo ditu 20 egunen buruan, bereiziko ditu gozokiak eta barazkiak, eta jakingo du zein nahiago duen. Kilo batzuk hartuta, pediatrari eta dentistari kuku egin eta arnasa sakonago hartuko du. Euskal Herriko familia eta lagunekin batera, Saharako edo Txernobylgo familiari bideodeia egin eta lasaitasuna eta bizipoza helaraziko dizkiote elkarri. Maite duzun hori pozik ikustea baino zoriontasun handiagorik ba al dago? Eta, familian bat gehiago izatea baino gauza ederragorik?

Agurra. Oharkabean pasatuko dira bi hilabeteak, mendian gora makilekin eta pinaburuekin jolasean, hondartzan kroketarena eginez itsasertzera heltzea, parkean ilundu arte jolastu eta lagunekin kanpoan afaltzea, klarionaz marraztutako lurra euripean nola ezabatzen den ikustea, arropa erostera joan eta zapatila berriak jantzita lehen urratsak egitea, izozkia janez goitik behera zikintzea, belarretan etzanda izarrei begira egotea... Oporra horixe da, eta bakean, lagunartean, munduan dugun lekua partekatzea. Opor hauetan izan gaitezen elkarren opor. •