Sos Ondarruko anbulatoixu!
Ezagutzen nauenak badaki nik munduan gehien maite dudan pertsona Ondarroako nire 95 urteko amona dela, Miren Jone Ibarloza. Berarekin dudan harreman estuak Osakidetzarekin harreman iraunkorra izatera derrigortzen nau, eta horregatik idatzi nahi dut Euskadiko Osasun Zerbitzuarekin izandako esperientziaren inguruan. Ez naiz aditua eta ez dut leku horretatik idatzi nahi, baina ez dut uste aditua izan behar denik gauzak ez doazela ondo ikusteko.
Nire amonak, emakume adindunetan ohikoa den bezala, gernu-infekzioak izaten ditu maiztasun handiz. Sintomak antzematen ditudanean Ondarroako anbulatoriora deitzen dut, baina bere medikua bajan dagoenez, lan karga erizainaren gainean jartzen da normalean, eta arazoa larritzen bada, aldiro mediku bati eskatzen zaio bera artatzea, horrek pazientearen egoeraren gaineko kontrol jarraitua egitea ezinezko egiten duela.
Baja langile klaseak borrokan irabazitako eskubide besterenezina da, baina Ondarroako anbulatorioak eskubide hori bete ahal izateko, Osasun Sailak berme batzuk eskaini behar ditu -adibidez, norbaitek baja hartzen duenean ordezko bat bidaltzea-, eta hori ez da gertatzen ari. Horren aurrean, ohiko aitzakia da ez dagoela medikurik; medikuak mendian sastraka artean aurkitzen diren txanpiñoiak balira bezala hitz egiten dute. Ez badago medikurik, hezkuntza publikoa indartu behar da, plaza gehiago eskaini. EHUn medikuntza ikasketak egiteko azken urteetako gutxieneko notek erakusten dute graduan onartua izateko 12,5etik gorako kalifikazioa izan behar dela ikasketetan. Unibertsitatera sartzeko behar den nota minimoa 5ekoa da, maximoa 14koa; nik ezagutzen dudan jende gehienak nahi balu ere ezingo luke medikuntza ikasi, eta hori ez da gradu zaila delako, plazarik ez dagoelako baizik.
Lehen mailako arretako mediku faltaz gain, espezialistarik ere ez dago herrian. Horregatik, gauzak larri jartzen direnean Galdakaoko ospitalera edo Durangoko anbulatoriora joaten gara. Galdakao eta Durango Ondarroatik ia ordubetera daude kotxean -garraio publikoan, batez beste, ordubete eta bi ordu artean-, eta adindun jendearentzat bidaia gogorra den arren, beharrezko bidaia da, Lea Artibain ez baitago psikiatrarik, pediatrarik, ginekologorik edo erradiografiak egiteko tresnarik. Arazoa ez da Lea Artibain bizitzea -hau da, hiriguneetatik urrun egotea-, arazoa euskal instituzioek Lea Artibai ostrazismo medikura kondenatu izana da.
Hori konpontzeko bi aukera daude. Nire ustez, onena Osasungintza Publikoan dirua jarri eta espezialistak herrietan sakabanatzea da. Baina hori egin ezean, beste aukera bat da garraio publikoa hobetzea. Onartezina da adindunek, 15 minutuko kontsulta bat egiteko, hiru ordutik gora pasatu behar izatea autobusean. Horregatik mobilizatu ziren Ondarroako herritarrak zuzenean Bilbora joateko autobus linea bat eskatzeko sinadurak batuz. Herriak ez du botererik egoera hori zuzenean iraultzeko, baina herri borrokaren bidez lortu daiteke soilik ahalmen hori dutenek zerbait egitea.
Gogoan dut gure lehendakari izango den Imanol Pradalesek hauteskunde kanpainako debatean esan zuela Osakidetza kritikatzea osasungintzako langileen kontra egitea zela. Alderantziz da, Pradales jauna: EAJ-PSEren gobernuak egin dituen zerbitzu murrizketen eta pribatizazioen eta lan baldintzak okertzearen aurrean Osakidetza hobe bat eskatzea bertako langileen eta pazienteen duintasuna defendatzea da. Horregatik atera ziren kaleetara Ondarroako herritarrak eta anbulatorioko langileak ekainaren 13an “Ondarruko anbulatorixu SOS” lemapean, Euskal Herriko herri txikietan egunero urratzen den osasun eskubidearen defentsan.
Nire besarkadarik estuena eta miresmen politikoa beraientzat, kalitatezko osasungintza publikoarengatik borroka egiten duten guztientzat, geuk ez badou etxen inork ez dabelako eingo, SOS ondarruko anbulatoixu! •