Amaieraren hasiera
Ekainaren 19an EHUko Ibaetako Campuseko Gobernu Batzordeak CAF konpainiarekin sinatu behar zuen hitzarmena bertan behera utzi zuen. Unibertsitateak dagoeneko gisa horretako lankidetza akordioak dauzka Beasaingo enpresarekin, zehatzago Bilboko Ingeniaritza Eskolan; besteak beste, gradu eta master amaierako lanak, doktore tesiak, hezkuntza ikastaroak, mintegiak eta praktikaldiak bideratzeko. Oraingoan, aldiz, Ibaetako errektoreorde Agustin Erkizia Olaizolak jakinarazi duenez, ez da hitzarmen berririk sinatuko, eta arrazoia erakundeak apirilean onartutako mozioarekin koherentea da. Adierazpen horretan unibertsitateak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa errespetatzen ez duten erakundeekin ez kolaboratzeko borondatea agertu zuen, eta konpromiso horrek zuzenean eragiten dio Palestinako lurralde okupatuetan legez kanpoko azpiegitura bat eraikitzen ari den Gipuzkoako trengintza konpainiari.
Erabakiak kalte handia ekarriko dio, dudarik gabe, CAFen irudi korporatiboari, baina ez da enpresak azken hilabeteotan pairatu duen astindu bakarra. Apirilean, Storebrand taldeak, aurrezki eta aseguruen merkatuan liderra den Norvegiako enpresak, jakinarazi zuen CAF bere inbertsioetatik baztertu egingo zuela Palestinako lurralde okupatuetan darabilen jardueragatik. Gauzak konplikatzen ari zaizkio azken urteotan Israelgo erregimen kolonialarekiko merkataritza harremanak estutzearen aldeko apustu estrategikoa egin duen konpainiari.
«Sionismoaren kolapsoa» izenburu duen artikulu batean, Ilan Pappek, Londresen erbesteratutako historialari israeldarrak, iragarri berri du prozesu historiko baten hasieran gaudela, eta prozesu horrek, ziurrenik, sionismoaren amaiera ekarriko duela. Baina sionismoa ez da desagertuko bere gainbeherako bidean ahalik eta minik handiena egin gabe. Errugabe palestinar asko eta askoren bizitzak galduko dira bide horretan. Gizatasuna ere galtzaile aterako da. Baina ez dezatela pentsa erregimen sionistaren konplize izan direnak onik aterako direnik. Ondorioak sumatzen hasiak dira. •