{ GERTUKO PLANAK } GIPUZKOA / DONOSTIA

Kirol ugari Fortunarekin, itsasoan nahiz lehorrean

Kontxako hondartzan aste honetan bertan ateratako argazki batzuk. Eta Pio Barojan, eskrima saio bat.
Kontxako hondartzan aste honetan bertan ateratako argazki batzuk. Eta Pio Barojan, eskrima saio bat. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gertuko planen lehen atal honetan itsasora begira jarriko gara, garaiak eta eguraldiak hori eskatzen dutelako, baina ez horregatik bakarrik. Fortuna Kirol Elkarteak mende bat baino gehiago darama Donostian hainbat kirol jarduera sustatzen. 1911n sortu zenetik, kirol oso ezberdinak hauspotu ditu elkarteak, eta 1970eko hamarkadatik aurrera itsasoko jarduerek pisu eta garrantzi handia izan dute bere egunerokoan.

Uda sasoian zentratuz, Fortunak sekulako lana egiten du adin guztietako jendearentzat kirol ikastaro eta jarduerak antolatzen. «Ohitura eta tradizio luzea dugu. Donostian, hondartzan kayak edo piraguak sartu zituen lehen elkartea izan ginen. Bazkide batzuk Kontxan hasi ziren piraguismoan eta uda garaian ikastaroak antolatzen ere bai, beroak eta eguraldi onak horretara gonbidatzen dutelako. Horretan daramatzagu jada 40 urte. Hori izan da urte luzez jarduera erregina, esango genuke, baina azkeneko urteetan beste modalitate batzuk agertu dira, nagusitzen joan direnak. Hor daukagu SUP edo paddle surf delakoa, taula gainean zutik arraunean egitea. Sail propioa dauka klubean», azaldu digu Iñigo Etxeberriak, elkarteko kideak.

Kontxako hondartzan bertan duten lokala izaten da ekintza horien epizentroa, baina aipatu dugun moduan, Fortunak lehorreko beste hainbat kirol ere lantzen ditu, eta horiek ezagutzeko aukera ere eskaintzen du udako ikastaroen bitartez. «Itsasoko jarduera horiez gain, Pio Barojakoak dauzkagu. Klubak 25 urte baino gehiago daramatza kiroldegia kudeatzen, 1997tik, eta bertan hainbat ikastaro eskaintzen ditugu, kirol ezagunenekin alderatuta apur bat desberdinak direnak. Eskalada daukagu, mahai tenisa, eskrima... Horixe da gure ezaugarria. Eta Pio Baroja eta Kontxako bi egoitza nagusiekin batera, hondartza boleia ere lantzen dugu Zurriolan eta Ondarretan».

Ehunka gaztetxo kirola egiten

Udan jende gehien mugitzen duten ikastaroak gaztetxoei bideratutakoak izaten dira, eta eskaintza benetan zabala da. Asteka antolatuta, eta adin tarte nahiz ordutegi desberdinetan, eskalada, eskrima eta mahai tenisa lantzeko aukera dago Pio Baroja kiroldegian. Kontxako hondartzan, berriz, body board eta paddle surfeko ikastaroak egin daitezke. Eta ‘multikirola’ deitzen duten formatu interesgarrian, bi egoitzetako kirolak konbinatzeko aukera ere badago: goizean, tenperaturak freskoagoak direnean, kiroldegiko jarduerak eta ondoren, hondartzan amaitu, eguerdi partean.

Kontxan hartutako beste irudi bat (Maialen ANDRES / FOKU)

Norbaitek interesa izango balu, informazio gehiago lortzeko onena Fortuna Kirol Elkartearen webgunera jotzea da (www.cdfortunake.com), baina irakurleak ideia bat egin dezan, hauek dira gutxi gorabeherako prezioak: egunero ordu eta erdiko saio batez osatutako astebeteko ikastaroa 68 euro kostatzen da -boleibolekoa apur bat gutxiago, 55 euro-. Eta goiz osoko multikirol ikastaroak, 09.00etatik 13.00etara, 155 euro -225, bazkaria sartuta, 15.00etara luzatuz gero-. «Badakigu gurasoontzat kontziliazio hori zaila izaten dela, lana eta haurren oporrak uztartzea, eta oso ongi dator, uda garai honetan, 09.00etatik 13.000etarako eskaintza hori, eta nahi duenak bazkaltzen uzteko aukera dauka Kontxan, umeak bazkalduta jasotzeko», azpimarratu du Etxeberriak.

Egia da uda hasierako lehen ikastaroetarako izen-emate epea jada itxita dagoela, baina Fortunako kideak aipatu duenez, udaren bigarren erdia lasaiagoa izaten da eta norbaitek interesa izango balu izango luke ikastaroetan izena emateko aukera. «Ikastaroen eskaera handiena uztaileko aurreneko hiru asteetan izaten da. Donostiako Udalak koordinatzen du elkarteok egiten dugun kirol eskaintza guztia eta zozketak egoten dira horrexegatik, eskaera handia izaten delako. Prozesua maiatzean egiten da eta hor sartzea zailagoa da. Baina aste horietatik aurrera izena emateko aukera egoten da. Adibidez, ohikoa izaten da jendeak errepikatzea. Astebetez egin kirol bat probatzeko eta gero jarraitu nahi izatea».

Eskrima saio bat, Pio Baroja kiroldegian (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Ikastaro horien arrakasta eta elkarteak egiten duen lana ulertzeko, kopuru batzuk eman dizkigu Iñigo Etxeberriak, eta egia esan, harritzeko modukoak dira. «Guztira, 2.000 pertsona inguru izaten ditugu gure ikastaroetan, adin guztietakoak. Behin eskola amaituta ekainaren 24an hasten gara ikastaroekin, eta irailaren hasierara arte, astero-astero ikastaroak egingo dira aipatutako hiru puntu horietan. 2.000 horietatik 1.300 inguru Kontxako egoitzan biltzen dira. Beste laurden bat, 500 inguru, Pio Barojan. Eta gainontzekoak, 200 bat, hondartzako boleikoak dira; esan daiteke modan jarri dela eta nabari da jende askok aukera hori egiten duela».

Helduei dagokienez ere, Fortunak badu programatutako ikastaro eskaintza bat, 16 urtetik gorako pertsonentzat, Pio Barojan. Uztailean, esaterako, full body, total training, pilates, k-stretch, zumba, salsaton eta pilates makinak dira eskaintzen diren jarduerak. Ordubeteko bi saio izaten dira astean eta hilabetea 40 euro inguru kostatzen da -pilates makinak eta k-stretch, gehixeago-.

Askotariko aukerak noiznahi, Kontxako hondartzan

Eta programatutako asteroko ikastaro horiez gain, Kontxako lokalean beti dago ikastaro solte bat egiteko aukera, edo materiala alokairuan hartu eta norbera bere kasa ibiltzekoa. Egoitza egun osoan egoten da irekita eta hauek dira prezioak, gutxi gorabehera: piragua edo taula baten ordubeteko alokairua 13 euro kostatzen da, eta bi ordukoa, 20. Monitore batekin ordubeteko ikastaroa egitea, 35 euro, eta ordu eta erdikoa, 50. Neoprenoak ere alokatzen dira -5 euro ordua-, dutxatzeko aukera dago -2 euro- eta hainbat bonu mota daude epe luzeagoko jardueretarako. «Hondartzako ikastaro solteak egiteko, kayak edo paddle-ak alokairuan hartzeko, aldatzeko, gauzak gordetzeko... uda guztian zehar 09.00etatik 21.00etara lokala irekita daukagu», dio Etxeberriak, beren eskaintza zabala nabarmenduz.

Fortunaren lokala, Kontxako hondartzan (Maialen ANDRES / FOKU)

Eta ez da ahaztu behar kirol lehiaketak antolatzen ere tradizio handia duela Fortunak. Behobia-Donostia lasterketa da urteko garrantzitsuena elkartearentzat, suposatzen duen guztiarengatik, baina udan badira beste hitzordu aipagarri batzuk. «Gure trainerua beteranoen ligan dago eta klub bakoitzak estropada bat antolatzeko ardura du. Kontxan izaten da gurea. Eta gure igeriketa zeharkaldiak ere tradizio luzea du. Urtero abuztuaren 15ean antolatzen dugu, Ama Birjinaren egunean. Bi modalitatetan egiten da: gaztetxoentzat badia barruan 600 metro, Nautikotik erlojuetara, eta maila nagusia, Zurriolatik Kontxaraino, ia 3.000 metroko distantzia. Ekitaldi politak izaten dira eta udan ere kirola egiteko aukera ona da».

Etengabeko lan mardula, Fortunako kideek borondatez egiten dutena, baita udan ere. «Kirol elkarte bezala hori barneratuta daukagu eta gure kasuan helburu nagusietako bat horixe da, guztientzako kirola sustatzea eta ikastaro eta ekitaldi horien bitartez helburu hori lortzen dugu», amaitu du Iñigo Etxeberriak.