Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Elkarrizketa
Miren CAMISON GOIENETXEA
FILOSOFO AHOLKULARIA

«Kontsulta filosofikoetan politena da bakoitza bere barne ahotsa aurkitzen joatea, bere orientabide propioa dena»

Kontsulta filosofikoa autoezagutza prozesu bat da, filosofiak beti egin duena: bizitza aztertu bat eramatea. Guretzat, ordea, laguntza modalitate berri bat da.

(Argazkiak: Sergio PANIAGUA)

Kontsulta filosofikoaren aldeko apustua egin du Miren Camison Goienetxeak, eta hori zer den, zer aukera zabaltzen dituen eta horra nola ailegatu den kontatu digu elkarrizketa honetan. Donostian jaio zen duela 46 urte. Orain Mexikon bizi da, Veracruzeko hiriburuan, Xalapan, baina Euskal Herrira itzuliko da udan. Etxe-aldaketa betean erantzun ditu, hortaz, GAUR8ren galderak.

Zure bizitzak lotura izan du beti filosofiarekin eta haurtzaroarekin.

Filosofiak, institutuan ikasgai bezala ezagutu nuenetik, leiho handi bat ireki zidan, hor aurkitu nituelako niretzat garrantzitsuak ziren gauzak, lehenengo nire buruari eta gero munduari zentzua aurkitzea. Horregatik ikasi nuen Filosofia. Baina unibertsitatean hain teorikoa zen dena, ezen nire interes hori, oso barnekoa, jaisten joan baitzen.

Horrekin batera, beti izan dut interesa haurtzaroarekin. Niretzat haurtzaroa da nola sortzen den gure izatea bizitzaren hasieratik, haurdunalditik edo lehenagotik. Filosofia bukatuta, Haur Hezkuntza ikasi nuen, eta hori ikasten ari nintzela, Haur Filosofia aurkitu nuen. Haurtzaroa eta filosofia batu nituenean hasierako zentzua berreskuratu nuen. Pixkanaka praktika filosofikoen modalitateetan murgiltzen hasi nintzen.

Aldi berean, ama izan nintzen, haur prebentzio eta errespetuzko haziera ikasi nuen, Esnearen Ligarekin edoskitze monitore izan nintzen, eta haurdunaldiko eta 0-4 urte arteko haziera taldeetan lan egin nuen. Ordurako banuen laguntza-harremanetarako bokazioa. Dena joan zen kiribiltzen modu koherentean.

Guraso eskolak etorri ziren.

Haur prebentzioaren eta filosofiaren arteko fusio bat egiten hasi nintzen modu natural batean. Filosofia erabiltzen hasi nintzen laguntza taldeetan ere. Taldeetan oso ondo maneiatzen nintzen, baina banakako kontsulta bat eskatzen zidatenean beste norbaitengana bideratzen nuen, kontsulta filosofikoa aurkitu nuen arte.

Nola definituko zenuke kontsulta filosofikoa?

Esango nuke autoezagutza prozesu oso sakona dela: nor naiz? Zer naiz? Zeintzuk dira bizitzaren azken helburuak? Zeintzuk dira nire balioak? Zergatik? Nork bere burua ezagutzea da asmoa, sinesmen eta judizio asko ditugulako, emozio mugatuetara eramaten gaituzten pentsamendu mugatuak, jokabide mugatuak, baita ohiturak ere, beharbada haurtzarotik berrikusi ez ditugunak eta ez digutenak jada sostengurik ematen. Kontsulta filosofikoa autoezagutza prozesu bat da, filosofiak beti-beti egin duena: bizitza aztertu bat eramatea. Filosofia oso erradikala da. Platonek Sokratesen ahotan jartzen zuen azterketarik gabeko bizitza batek ez duela bizitzea merezi.

Zeintzuk dira zure maisu-maistrak?

Hazi-Hezi Prebentzio Zentroa eskola handia izan da niretzat, bereziki Ramon Mauduit eta Cristina Aznar. Nire beste bizi maistra Monica Cavalle da. Bere filosofia sapientzialaren eskolako partaide naiz. Asko gustatzen zait bertan egotea, oinarri bera izan arren oso libreak garelako. Zorteko sentitzen naiz, beraz. Eskertzeko asko dut.

Kontsulta filosofikoetan hainbat adar daude. Zuk Cavalleren ikuspegiarekin egiten duzu bat.

Aholkularitza filosofiko sapientziala da. Jakinduria-tradizioetan, mendebaldean eta ekialdean oinarritutako kontsulta filosofikoa. Barnekotasuna eta autoezagutza lantzen du. Guk ‘ontologia’ esaten diogu, baina kontenplazioa ere izan daiteke. Ontologia izatearen zientzia da filosofiaren barruan. Hainbat izen aipatzen da, baina kontzeptu sinonimoak dira ‘kontsulta filosofikoa’, ‘aholkularitza filosofikoa’ edo ‘bide-laguntza filosofikoa’. Laguntza harreman modalitate berri bat da. Filosofo profesional batek kontsultagilearekin batera arakatzen du kontsultagileak dakarren bizitza filosofian.

‘Kontsultagile’ erran duzu, ez paziente.

Ez diogu ‘paziente’ esaten, ez dugulako gaixotasunaren eta osasunaren ikuspegi hori, baizik eta bizitzak dakartzan erronkak hartzen ditugu. Kontsultatzen duen pertsonak bere galdera, kezka eta gatazka existentzialak ekartzen ditu, eta filosofo aholkulariak lagundu egiten dio ikuspegi eta praktika filosofiko batetik argia jartzen edo ulermenean sakontzen berak behar duen prozesu horretan. Gehienetan jendea gatazka edo krisialdi batean etortzen da, baina norbaitek nahi badu autoezagutza ariketa bat egin, gatazkan ez egon arren, egin dezake.

Norbaitek pentsa dezake egiten duzuena abstraktua dela, baina eguneroko gauzak jorratzen dituzue.

Bi filosofia mota daudela esan dezakegu: bata, abstraktu edo espekulatibo bihurtu dena, eta bestea, beti bizitzari lotuta egon dena. Praktika filosofikoen mugimenduan, filosofiak jatorrian zuen funtzioa berreskuratzen ari gara. Grezian eta Erroman filosofia bizitzaren arte bat zen. Orientabide eta gida bat, gure bizitza ongizate handiagoarekin bizitzeko. Baina, Erdi Aroan, filosofiaren alderdi praktikoa edo esperientziala -hau da, norbere burua ezagutzeko eta eraldatzeko gaitasuna- ia ahaztuta gelditu zen eta alderdi teorikoak hartu zuen indarra, batez ere mendebaldeko kulturan. Horregatik gelditu zaigu buruan filosofia gutxi batzuentzako ulermen mota bat dela, oso zaila. Nahiz eta uste orokortu hori gelditu den gizartean, garai guztietan mantendu da beti alderdi praktikoa edo jakinduriarekin lotutakoa, orain arte baztertuta egon den arren. Orain, praktika filosofiko hauetan, filosofiaren alderdi hori gurera ekartzen ari gara. Hortaz, kontsulta filosofikoa ez da inprobisazioa, baizik eta 2.500 urte dituen orientabide eta laguntza-harreman bat. Psikologia, psikiatria eta psikoterapiak filosofiaren barruan zeuden, duela 200 urte independizatu ziren arte.

Miren Camison, kontsulta batean (Sergio PANIAGUA)

Guretzat praktika filosofikoak gauza berria dira.

Oso, Euskal Herrian, eta oro har. Praktika filosofikoen barruan dauzkagu haur eta gazte filosofia, kontsulta filosofikoa eta elkarrizketa filosofikoak helduentzako espazioetan. Duela 40-50 urtetik, filosofo profesional asko, Europako hainbat lekutan eta Ipar Amerikan, jatorrizko filosofiaren zentzua berreskuratzen ari gara. Eta gizakion dimentsio bat denez, esparru akademikotik harago zabaltzea da filosofoon nahia, gure bizitzan eta gure baitan, eraldaketa eta transformazio sakonerako duen gaitasuna esperimenta dezagun berriro ere.

Aurrez aurre eta on line ematen dituzu kontsultak. Nolakoak dira?

Ordubete irauten dute eta astero, hamabostero edo hilabetero egiten dira. Monica Cavalleren eskolako filosofoontzat, kontsultatzaileak autonomia du hainbat gauza erabakitzeko; adibidez, noiz hasi, zein maiztasunez egin eta noiz utzi. Pertsonak berezko jakinduria du bere autoezagutza prozesuan eta laguntzen diogu barneko ahots hori entzuten eta horrekin konektatzen.

Datorren pertsonaren filosofia ikertzen dugu, denok daukagulako bizitza filosofia bat, helduagoa edo ez, kontzienteagoa edo ez. Ez zaigu asko inporta filosofia teorikoa, gure bizi filosofia orain eta hemen nola lan egiten ari den ikertzen dugu: egiten duguna, egiteari uzten dioguna, aukeratzen duguna, aukeratzen ez duguna, gure emozioak eta ekintzak. Horren guztiaren atzean dauden ikusmoldeak aztertzen ditugu, batzuetan zaharkituak gelditu baitzaizkigu, eta horregatik ez gara ondo sentitzen, ez daudelako eguneratuak. Baldintzapen zaharrek ez digute aske izaten uzten. Ulermenean sakontzen dugunean, eraldaketak modu naturalean gertatzen dira. Guk ez dugu terapiarik egiten, terapia gaixotasunen edo desoreken tratamendu bezala ulertzen badugu, baina Greziako etimologiara bagoaz, bai, terapia egiten dugu: zaintzea, artatzea, zerbitzura jartzea, zerbait arintzea, baina ulermena landu dugulako, ez zerbait sendatu nahi dugulako. Ulermen sakona eta argia jartzen duzunean gatazka edo nahasmendu batean, ondorioa da terapeutikoa dela filosofia. Ondorio natural bat da, ikusten duzunean benetan dena eta ez dena. Hainbat sinesmen eta emozio mugatu ditugu, eta pertsonak berak ikusten duenean judizio mugatu horiek ez diotela balio, ulermen berriak sortzen dira.

Zer metodo baliatzen dituzu?

Bi aipatuko dizkizut. Badugu elentika edo ezeztatzearen artea. Gure judizio asko ez dira logikoak, ez digute balio, eta horiek ezeztatzen joaten gara, galderen bidez. Elkarrizketa filosofikoak galderak eta erantzunak ditu. Ongi galdetzen dugunean, datorren pertsonak bere benetako erantzuna aurkituko du, bere biografiari eta izateari lotua. Konfiantza osoa dugu pertsona horrek barnean jakinduria hori daukala, batzuetan deskonektatu arren. Horren bidez, faltsua dena faltsu bezala ikusiko du norberak, baina modu sentitu batean. Filosofia ez da mugatzen psikologiara eta kogniziora, izatea oso konplexua dela ikusten du. Alderdi bat du somatikoa, gorputzarena; beste alderdi bat, psikearena, pentsamendu eta emozioena, eta beste bat, ontologikoa, kontenplazioarena edo ‘ni’ sakonarena. Horiek guztiak lantzen ditugu.

Beste metodo bat, oso inportantea, Sokratesen maieutika da. ‘Maieutikos’ hitzak erditzean laguntzea esan nahi du. Sokratesen ama emagina zen, eta Sokratesek esaten zuen amak umeak ekartzen zituela mundura eta berak, elkarrizketa bidez, jendeak zituen ideiak azaleratzen zituela. Berak esaten zuen, eta horixe da ikusmolde sapientzialak berreskuratzen duena, pertsona batek sakonean dakiena oroitzea eta kontziente egitea dela maieutikaren metodologia. Barneko jakinduria bat du datorren pertsonak, baina ez daki hori duenik.

Eta nola konektatzen duzu pertsonarekin?

Lehen pausoa entzutea da, entzute sakona, kontsultagilearen barnekotasuna entzuten ari garelako. Ez dago judiziorik, ulermena lantzen dugu.

Ia hiru urte daramatzazu kontsulta filosofikoak egiten. Zein emaitza sumatu dituzu?

Kasu bakoitza mundu bat da. Zer egon daitekeen komunean? Kontsultatzen duen pertsona bakoitzak topo egiten duela benetakoagoa den izate batekin. Askotan, dakartzagun baldintzapen horiekin, ez gara gu geu izaten, gure askatasuna eta espontaneotasuna mugatzen dituzten rolak izan ditzakegu, aztertu gabeko baldintzapenak, ohiturak, pentsamenduak, jokabideak... Hori guztia desegiten hasten denean eta ikusten dugunean faltsua faltsu bezala, eta aurkitzen duenean bakoitzak bere barne egia, filosofiak harremana baitu egiaren bilaketarekin, nabaritzen dut, oro har, batek konexio eta lasaitasun handiagoa duela bere buruarekin. Bihozberagoa da, sakonago ulertzen du zer gertatu zaion. Ulertzen eta onartzen ditugunean hainbat bizipen, jokaera, pentsamendu edo emozio, bakeak egiten hasten gara gure buruarekin, besteekin eta munduarekin. Autentikoagoak izaten gara. Pertsonaia edo baldintzapen horietan egon ordez, gure burua modu gardenagoan ikusten dugu. Niretzat politena da bukaeran bakoitza bere barne ahotsa aurkitzen joatea, bere orientabide propioa dena. Estoizismoan ahots edo gida horrek ‘hegemonikon’ izena zeukan.

Estoikoak aipatu dituzu. Zein dira zure iturri filosofikoak?

Kontsulta filosofiko sapientzialean, Epiktetoren ideia zentral batzuk erabiltzen ditugu. Autoezagutza eta barnekotasunarekin konektatze hori, filosofian, etikaren adarrak lantzen zuen antzinako Grezian eta Erroman. Epikteto eta Marko Aurelio inspirazio iturri ditut. Bi autore horiek oso garaikideak dira. Ia erronka berak dira ordukoak eta gaur egungoak. Niretzat erreferentzia izan dira beti antzinako Greziako eta Erromako filosofoak, oro har; behin eta berriro itzultzen naiz iturri horretara.

Taoismoaren, hinduismoaren eta budismoaren autore klasiko eta modernoak ere erabiltzen ditut. Adibidez, dolua ateratzen denean, budismoaren ez-iraunkortasuna, nola egokitu aldaketetara, gauzak, pertsonak, gu geu eta bizitza ez aldatzera atxikitzen gara eta. Batzuetan, zinikoen eta eszeptikoen ideia batzuk ekartzen ditut; gehiagotan, estoikoen eta epikurotarren gogoetak. Platon eta Aristotelesen hainbat erreferentzia ere bai. Guztiaren oinarria Sokratesen metodologia da. Belaunaldiz belaunaldi, filosofo denek onartu dute beren jatorrizko maisu bezala, baita Aristoteles eta Platon ere.

Nire kasuan, modu autodidaktan ikertu eta ikasten ditut psikologiaren hainbat adar: alderdi sistemikoa, Bert Hellinger, Gestalt, Viktor Frankl eta Ken Wilber, besteak beste; eta psikoanalisia, reichiar psikoterapian oinarrituta, prestakuntza formal gisa.

Liburu bat irakurtzen (Sergio PANIAGUA)

Argitzearren, kontsulta filosofikoak ez ditu patologiak artatzen. Adibidez, eskizofrenia edo bipolaritatea.

Ez gara alderdi klinikoan sartzen. Antsietatea duen jendea artatu izan dut, medikazioarekin dagoena. Jendea orekatua dagoenean, osagarri bat izan daiteke alderdi filosofikoa. Batzuetan, psikoterapian erantzunak aurkitu ez dituzten pertsonak etortzen dira kontsulta filosofikora. Psikologian egin duten ibilbideak lagundu egin die puntu bateraino, baina autoezagutza prozesu horretan psikologikoak ez diren puntu asko daude; filosofikoak eta existentzialak dira, eta horregatik etortzen dira kontsulta filosofikora.

Familia-konstelazioekin ere lan egiten duzu?

Jakin-min handia dut psikologian, psikoterapian eta konstelazioetan, eta modu autodidaktan ikertzen ditut aspalditik. Zehazki, psikoterapia reichiar-ean prestakuntza daukat. Filosofo aholkularia naizen aldetik, psikologiaren eta psikoterapien nozioak izatea aberasgarria dela deritzot, nahiz eta nire lanabesa esku hartze filosofikoa den. Niretzat, ama gisa, oso aberasgarria izan da Wilhelm Reich, haurtzaroa bere dimentsio sakonenean ulertzeko. Eta begirada sistemikoa edo familia- konstelazioen ulermena osagarri ona dela iruditzen zait, aurkitu dudalako, batzuetan, gertatzen zaigunak zerikusia duela aurreko belaunaldiekin.

Laguntza-harremanen inguruan beti izan dut jakin-min handia. Haurra nintzenean nire amak Psikologia ikasten zuen, eta nik karrerako liburuak irakurtzen nituen. Hamar urterekin amak eta taldekideek ikerketak egiten zituzten nirekin. Ez nuen ulertzen erdia, baina oinarrizko gauza batzuk, bai. Niretzat oso naturala izan da beti, eta sentitu dut filosofia nire etxea dela dimentsio sakonagora joaten delako.

Existentzialismoan hutsune bat dago gaur egun.

Horregatik iristen da jendea kontsulta filosofikora. Bizitzaren zentzua, zergatik gauden hemen, nora goazen, zer den maitasuna, nola egon lasai aldaketekin, heriotzak, doluak, zertan sostengatzen diren nire balioak... Ez dago presarik, filosofia ez delako instrumentala: ulermena da ulermenagatik, autoezagutza autoezagutzagatik.

Maiatzean praktika filosofikoen kongresuan parte hartu zenuen Mexiko DFn. Bertan, hitzaldi tailer bat eman zenuen, eta entzuleen artean Elliot Cohen estatubatuarra zegoen, 80ko hamarkadan kontsulta filosofikoaren adar baten sortzailea (LBT, Logic-based therapy).

Praktika filosofiko guztiak batu ziren kongresuan. Cohen ezagutzea zoragarria izan zen. Kontsulta filosofikoa logikan oinarritzen du berak. Interesgarria izan zen ikustea zertan bat egiten dugun eta zer ikusten dugun ezberdin. Ezberdintzen gaituen gauzetako bat da kontenplazioaren edo ‘ni’ sakonaren alderdi hori, eta bat gatoz alderdi logikoan edo galderen bidez judizio mugatuak ezeztatzean.

Hitzaldi batean taldeko bidelaguntza filosofikoa konpartitu nuen, gurasoekin eta hezitzaileekin egiten dudan lana. Berria izan zen haientzat. Beste hitzaldi tailer batean azaldu nuen, elkarrizketa filosofikoan, zer garrantzi daukan entzuteak eta barnekotasunak.

Kongresua oso-oso aberasgarria izan zen. Mexikon nola egituratzen diren praktika filosofikoak berria izan zen niretzat, eta zenbat jende dabilen kontsulta filosofikoa ematen. AEBetako, Kolonbiako, Argentinako, Mexikoko eta Euskal Herriko jendea ginen. Horrek ikuspegi zabala eman zidan.

Aurki Euskal Herrira itzuliko zara. Gutxienetako bat izanen zara hemen kontsulta filosofikoa egiten.

Hala da. Irail-urri aldera kontsulta filosofiko presentziala eskaini nahi dut, on-linekoaz gain. Interesa dutenek filosofiafaktoria.eus webgunean topatuko dute informazioa. Nerabeen gurasoak ari dira nirekin harremanetan jartzen. Kontsulta filosofikoa berez helduentzat da, baina uste dut izatea eta identitatea hain inportantea den garaian lagungarri izan daitekeela.