Artziniega Museoa, «denboraren makina»
Artziniegan, Aiaraldean, denetariko tresna, lanabes, arropa, produktu eta altzari zaharrak ez dituzte bota. Museo Etnografikoan bildu dituzte eta bertan ikusgai daude, antzinako pertsonen bizimodua ezagutzeko helburuarekin.
Paki Ofizialdegirekin, Artea Etnografia Elkarteko kidearekin, museoan bisita egin du GAUR8k. Behinola komentua eta mojen eskola izandako eraikinean dago museoa, duela hogei urtetik.
1970eko hamarkadan baserriak alde batera utzi zirenean hasi ziren lan etnografikoa egiten Artziniegan, Paki Ofizialdegik azaldu duenez, herritarrak baserrietako tresnak erretzen eta ganbaretan zeuzkaten gauza guztiak botatzen hasi zirenean, lantegietan lanean hasiak zirelako.
Orduan erakusketa bat antolatu zuten, eta, hortik abiatuta, lehendabiziko museoa Arteko Gure Amaren Santutegian jarri zuten, antzinako zalditegiak zirenetan. Hura, baina, «txiki geratu zen», eta hamar urteren ondoren, gaur egungo kokapena lortu zuten, orduan abandonaturik zegoen eraikina. Hasieran beheko partearekin nahikoa zuten, baina orain bi eraikin dira.
«Teilatua berritzeko laguntza lortu genuen hasieran, baina barrukoa boluntarioki margotu eta muntatu genuen, herrikoen artean taldeka antolatuta», dio Ofizialdegik. Auzolan hori da, hain zuzen, Artziniega Museoa desberdintzen duen ezaugarrietako bat, baita museologoen laguntzaren beharrik ez izatea ere; izan ere, «museologorik onena ofizioa ezagutzen duena da», azpimarratu du Artea elkarteko kideak.
Lan horren zama ikus daiteke museoan sartu bezain pronto. Mojek neskei -Paki Ofizialdegiri ere bai- eskolak ematen zizkieten gelan hasi dugu bisita: baserriko jantziak eta horiek egiteko tresnak eta materialak; artilea, adibidez, edo lihoa, bereziagoa. Trikotatzeko makina zahar bat ere badago, martxan jar daitekeena. Gauza guztiak herrikoak bertakoak dira, edo inguruko herrietakoak. Zapatari baten tresna eta altzari guztiak, kasu, Urduñatik ekarritakoak dira.
Edariak egiteko erabiltzen ziren tresnei eskainitako gela bat ere badago. Alboko geletan, sukaldea eta arotzaren, ferratzailearen, harginaren, orgagilearen eta saskigilearen tailer bana daude. Uztarako eta nekazaritzarako tresnen ostean, korta bat dago. Sartu aurretik, oiloen soinuek pista bat ematen dute. Orain, animalia hori besterik ez dago, baina beste batzuk izan dituzte. «Umeek maite dute», dio Ofizialdegik.
Ukuilua duelako museo berezia da, baina baita «gauzak bitrinetan gordeta ez daudelako» ere. Didaktikoagoa izateko, herrian bildutako guztia oraindik ere etxeetan edo lantegietan balego bezala dago antolatuta. Museoaren 17 geletan zehar paretak ere ez daude hutsik. Argazki zaharrek ematen dute atentzio handiena. «Guztiak herrikoak dira, herrikoek emandakoak», azaldu du Paki Ofizialdegik.
Baserritik hirira
Gaur egun areto nagusia dena eta antzina kapera izandakoa beheko solairuan utzita, goiko solairura goaz, eskailera zaharretan gora. Giroa guztiz desberdina da. Hemen hiriko bizimodua birsortu dute Artziniegako biztanleek. Deigarriena botika da. Ofizialdegik azaldu duenez, herrian zegoen botika batetik ateratako armairuak, apalategiak eta kartelak dira, dozenaka urtez gordeta egon ondoren, orain hemen ikusgai daudenak.
Gela berean aurrera eginda, bizarginaren txoko txikia dago, aulki berezia, tresnak eta aldizkariak dituena: ez da ezer falta. Aurrerago, tabernara sartuko da bisitaria, eta mahaia prest dago, hautsontziarekin, kartekin eta ardo botila zaharrarekin. Ondoko apalategian, Artziniegan bertan egiten zen gaseosaren botilak daude. Horrek jakin-mina piztuz gero, lantegi horretan erabiltzen zituzten tresnak eta botilaratzeko makinak kanpoan ikus daitezke, museoaren eraikin berriagoaren parean.
Paki Ofizialdegik gertuagotik ezagutzen duen zatia eskola da; bera ofizioz irakaslea denez, Artziniega Museoaren atal horren antolaketan lan egin zuen. Antzinako eskola batera sartzea bezalakoa da hona sartzea. Idazmahaiak, liburuekin, eta irakaslearen mahaia ezin dira falta, baina zintzilikatutako umeen berokiei eta paper-zorroei eta paretak betetzen dituzten mapei esker, ikasleak patiora atera direla pentsa daiteke momentu batez.
Etxekoak beste gela batean daude, XX. mende erdialdeko etxebizitza bat bezala banatuta dagoenean, umeentzako pixontzi zahar bat duen komun eta guzti. Herriko antzinako udalbatza-aretoa ere muntatu dute museoan, Ofizialdegik azaldu duenez, munduko txapeldun izan zen sokatira taldearen arropa, zapata eta argazkien parean.
Lerro hauetan ez da kabitzen Artziniega Museo Etnografikoan ikus daitekeen guzti-guztia. Paki Ofizialdegiren ustez, bisita bakar batekin ez da nahikoa detaile guztiei erreparatzeko.
Museo bizia
Baina museoa ez da soilik erakusketa. Jarduerak ere antolatzen dituzte museoan bertan. Horietako bat Museo Bizia delakoa da, museoko tresnak eta makinak martxan jartzekoa. Udako solstizioa ospatu berri dute ekainean, eta negukoa ere urtero egiten dute. Gainera, txarriboda bat ere izaten da museoan. Horrez gain, zinema eta antzerki emanaldiak, kontzertuak, eta margo eta jostailu erakusketak antolatu izan dira. Gutxi barru trikotatzeko makinek nola funtzionatzen zuten erakutsiko dute, herrian egon zen puntu-lantegiko langileekin.
Gainera, ekintza kultural horiekin bertako artistei bultzada ematea dute xede, museoaren antolaketan eta apainketan parte hartu duten artista horiei beraiei.