Miren AZKARATE BADIOLA

Ezkutuko izenak

Epidemia isila, horrela deitzen zaio suizidioari edo nork bere buruaz beste egiteari. Beste behin euskarak ederki asko izendatzen duen hitz baten adibidea; ikusi eta guzti egiten duzun horietakoa ahora irtenarazten duzun momentuan.

Epidemia dela argi dago, datuak ikusi besterik ez dago. Adibidez, Araban 12 egunean suizidio bat ematen da edo, EAEko iazko datuen arabera, 140 pertsona hil ziren modu horretan. Eta hemen egiten dugu topo definizioaren bigarren hitzarekin: isila da ez delako heriotza horiez hitz egiten; are gehiago, bakarrik egiten direnak direlako ere gehituko nuke nik. Bakar-bakarrik, nahiz eta, kasik ziur, jendez inguratuta dauden pertsonak izan.

Oso erabaki ausarta iruditu zait beti, gauza bat delako burutik pasatzea, baina oso bestelakoa da gauzatzea, pausoa egitea.

Zer pasatuko zaio -eta ez zaio pasatuko- burutik pertsona horri? Noiz da momentu egokia ekintza burutzeko? Planifikazioak nolako elaborazioa du?

Datuak beldurgarriak dira eta urtetik urtera gehitzen doaz. Goraka doaz saiakerak (batez ere, gazteen artean ikaragarri igo dira) eta protokoloen aktibazioak ere bai. Beheraka doaz, aldiz, laguntzeko baliabideak, fisiko zein materialak.

Ni datuak ematearen aldekoa naiz, ez morboagatik, ez alarmismoa sortzeagatik. Gainontzeko heriotza datuak ematen badira, horiek zergatik ez? Dei efektua egiten al dute bada beste heriotza motek? Honek zergatik bai? Bistan da ezkutuan mantentzeak ez duela arazo larri hau konponduko. Argi eta garbi hitz egin beharko genuke, datuak mahai gainean jarri eta merezi duen arreta eskaini, konponbiderik eman ahal izango bada. •