Egun batez artzain izateko aukera, Alluitz Naturan
Ezinezkoa da Alluitz Naturan entzuten den isiltasunari ez erreparatzea, Patxi Solanaren azalpenek eta haren ardi, txakur eta katuen soinuek soilik urratzen dutena. Urkiola parke naturala bertan dauka, eta gora begiratuta ikusten den paisaiak aho zabalik uzten du egunero horrelakorik ikustera ohituta ez dagoen edonor. Abadiñoko Mendiola auzoan daukan baserrian ematen die Solanak artzain lanaren berri ume zein helduei, bertan antolatzen dituzten tailer eta ikastaroen bidez. Lorea alabarekin batera eman dio GAUR8ri Alluitz Naturan egin daitekeenaren berri.
Bereziki deigarria eta, ondorioz, erakargarria da “Artzain egun batez” jarduera. Izan ere, Patxi Solanarekin batera ardiak jetzi, bildotsei biberoia eman, ardiak eskuz elikatu, mamia egin edota taloak prestatuko dituzte, baita baserrian inoiz ibiliak ez direnek ere.
Berezia da Solanaren kasua, ez baitzen baserrian gurasoen ereduari jarraituz hasi. Bilbotarra da eta Zazpikaleetan zuen taberna. Gogoko zuen lana, baina Udalaren gero eta araudi zorrotzagoek itota, asteburuak igarotzeko pentsatuta erosi eta eraberritu zuten baserrian lan egiten hasi zen Alicia Monedero emaztearekin batera. Abeltzain rola hartu zuen Solanak, eta gaztak egiteari ekin zion Monederok.
Mendizale moduan inguru honetan paseoan zebiltzala ikusi zuten baserria, eta deskantsatzeko toki paregabea iruditu zitzaien. Hori zela eta, bertan asteburuak pasatzen hasi ziren. Lursail ikaragarri handia zekarren baserriak, eta otu zitzaien, belarra mozten ibili beharrean, ideia hobea zela artalde bati zeregin hori enkargatzea.
Baserri munduarekin zuen lotura txikiaren adierazgarri, Solanak azaldu du ardiak ahariekin nahastu zituela hasieran. Horregatik, bertan bizimodua egitera gelditzea erabaki zutenean, artzain eskolara joan ziren emaztea eta bera, ezertan serio hasi orduko.
Patxi Solana ohituta zegoen tabernan lan egiteak ezinbesteko egiten duen jendearekiko hartu emanarekin, eta oso bakartia zitzaion artzain lana. Beste arazo bat ere sortu zitzaion, bihozmina ematen baitzion behar beste esne ematen ez zioten ardiak hiltzeak, eta horrek arriskuan jartzen zuen baserriaren bideragarritasun ekonomikoa, noski. Bi arazoei konponbidea eman ziezaiekeen ideia izan zuen orduan: Alluitz Natura sortu eta haren lanaren berri ematea, jendearekin harremana izateko aukera ematen baitzion, ustiategiaren bideragarritasun ekonomikoa areagotzearekin batera.
Artzain bereziak ardi bereziak behar zituen eta, horrela, Solanaren ardiek ez diote jendeari ihes egiten. Bisitariengana gerturatzen dira, gogoko dute haiek jaramon egitea, eta bakoitzak izen propioa du. Alabak aitarengandik entzundakoa bere egin du: «Esnea ematen ez dutenek maitasuna ematen dute».
«Betidanik gustatu izan zait animaliekin egotea, ez zait “esplotazio” hitza batere gustatzen», azaldu du artzainak. Baserritik urruti bizi zenean faltan botatzen zuen hori eskaini nahi dio bisitariari, hain zuzen ere, animaliekin kontaktu zuzena izatea. Horrela, datozenen profilaren arabera egokitzen ditu bisitak eta azalpenak: «Umeak datozenean helburua da ardia ukitzea, beldurrik gabe; helduak datozenean, beste gai batzuez aritzen gara, nik dakidana kontatzen diet».
Ume zein heldu, denentzat dago zer egina
Eskola askok Alluitz Naturara egiten dute txangoa urtero-urtero, udalekuak ere badauzkate garaia denean, eta asteburuetan eta oporraldietan familiak zein heldu taldeak hartzen dituzte baserrian. Batez ere, ingurukoak izaten dira bisitariak, Euskal Herrikoak, baina Lorea Solanak azaldu du Kataluniako bisitari asko izaten dituztela, baita munduko hainbat txokotakoak ere; besteak bete, Ameriketako Estatu Batuetakoak, bereziki udan.
Umeak joaten zaizkienean artile tailerra egin ohi dute. Kardatu ostean koadrotxo bat sortzen dute eta hura tinduz apaindu. Ondoren, talo tailerra egiten dute, txokolatearekin jateko. Kontatzen diete latxa motako ardiarekin egiten dutela lan, eta bertatik ateratzen duten esnearekin egiten den gazta Idiazabal gazta dela. Halaber, ukuiluan ere ibiltzen dira, eta ardiei ilea nola mozten zaien erakusten diete haur zein helduei.
Familiak edo heldu taldeak datozenean, horretaz gain, beste kontu batzuk ere lantzen dituzte haiekin: intseminazio artifizialaz aritzen dira, esaterako. Mami tailerra ere egiten dute; artzainaren hitzetan, tarte hori patxadan abeltzain lanaren, baserriko bizimoduaren eta gaztaren sortze prozesuaren inguruan hitz egiteko aitzakia bezala baliatzen badute ere.
Gezurti ospea dute artzainek, baina horretan ere bestelakoa da Patxi Solana: «Okurritzen zaidan guztia kontatzen diet, ez dut ezer ere esan gabe uzten». Uste du jendea pozik eta harrituta joaten dela, besteak beste, ez dutelako espero ardi bat ukitzeko aukera izatea, ez baita ohiko irudia.
Lau orduz luzatu ohi da jarduera, eta beraz, baserria zein abeltzain lana luze eta zabal ezagutzeko parada ematen du. «Goizeko hamarretan etortzen dira; mami eta gazta tailerra egiten dute, solasean dabiltzan bitartean», azaldu ditu xehetasunak Lorea Solanak. Helduak horretan ari diren bitartean, umeek artile tailerra egiten dute, «artile naturala lantzean datza eta gero etxera eramateko aukera daukate», gaineratu du.
Ondoren, taloa egiten dute, eta txokolatearekin jandakoan, ukuiluan ibiltzen dira, «biberoiak ematen, animaliei eskuekin jaten ematen, ardiak jetzi behar badira horretan ere bai...». Horrez gain, jarduera bukatutakoan, bertan bazkaltzen geratzeko aukera ematen diete, horretarako atonduta dauzkaten mahaietan, baita beste tartetxo bat inguru paregabean igarotzekoa ere.
Arestian aipatutako bakea ez dago jendez lepo dauden toki irisgarrietan aurkitzerik; horrela, ibilgailu propioan joan beharra dago Alluitz Naturara. Abadiñoraino iritsi eta Mendiola auzorako bidea adierazten duen seinaleari jarraitu behar zaio.
Bide estua eta luzetxoa da, baita ezin ederragoa ere. Aurrera egin ahala, Alluitz Naturara daraman bidea hartu behar da, seinaleak markatutako tokitik.
Webgunearen bidez egin daiteke erreserba, baita 688875120 telefonora deituta edo info@alluitznatura.com eposta helbidera idatzita ere. Bi urtera arteko umeek ez dute ezer ordaintzen, eta 3 eta 12 urte bitartekoek 8 euroko sarrera ordaintzen dute. 13 urtetik gorako ororentzat 20 eurokoa da prezioa.
Taldean joan nahi duenak kontuan hartu behar du gehienez ere hiru haur onartzen dituztela heldu bakoitzeko; hau da, umeek lagunduta joan behar dute. Uztailean zehar asteburu eta jai egunetan egingo dituzte ekintzak, eta abuztuan egunero izango du bisitariak Alluitz Naturara gerturatzeko parada, 1ean, 2an, 7an eta 13an izan ezik.