Bizipen bete kamiseta
Eguzkia gogor irten da gaur ere eta, armairuari begira, ez dakit zehatz gaur zer arraio jantzi. Baditut arropa asko eta gehienek urte asko dituzte. Baditut kuttunak eta oso gutxitan janzten ditudanak ere; baditut oroitzapen asko gordetzen dituztenak…
Badira zenbait urte orriotan jada gaztea ez naizela idatzi nuenetik. Nire belaunaldi bereko batek baino gehiagok harriduraz hartu zuen nik gaztea ez nintzela hala esatea, -nire ustez- gaur egun hori onartzea kostatzen zaigulako. Hain zuzen ere, bizi garen gizartean une oro gure buruari ispilu birtual ideal batean begiratzen diogula dirudi: ez dugu inola ere zahartu nahi, ederrak eta lirainak izaten jarraitu nahi dugu, lehen egiten genituen guztiak egiten jarraitu nahi dugu; betiko eder, gazte eta aisialdia topera bizitzeari eutsi nahi diogu. Eta guraso garen kasuetan ere, ez dugu horregatik edertasun-gaztetasun-bizi ospatze gazte hori sakrifikatu nahi. Aita edo ama izan arren, horretaz gozatzen jarraitu nahi dugu, eta berez, gauza bakoitzerako momentuak aukeratu behar izatea deskartatuta, lehen bezala guztia egitea ezinezkoa da. Hortik datoz, nire ustez, belaunaldi hauetako frustrazio asko, zenbaitetan bikoteen arteko tirabirak zein umeak zaindu behar izateagatik erabateko loturatik askatu ezin izaten duten aitona-amona gero eta gehiago.
Hain zuzen ere, gizarte honetan arazo handia daukagu gazte izateari uztearekin. Hain ideala da gazte, xarmanta eta bizia izatea, eta halako irudia saltzen digute sare sozial zein bestelako euskarrietan: gaztea ez dena ez dela existitzen. Bestalde, beste pasarte zabal bat eskatuko luke hausnartzeak nola gaur egungo gizarteak zaharrak diren pertsonak -gure alde hainbeste eman dutenak eta esperientzia zein ezagutzaren lekuko direnak- nola baztertzen ditugun. Horren arrazoietako bat da haien zaintza dela gure aisialdia bete-betean bizi ahal izateko (denbora-) oztopo bat.
Ez dugu lehengo bizitza mota erabat baztertuko -ez da hori kontua!- aita edo ama garelako, dagoeneko kaleak -eta gaua- gu baino askoz gazteagoak direnez beteta ikusten ditugulako edo beste adin batean gaudelako. Gazteak izateari utzi badiogu ere, gauza asko egiteko gai gara oraindik, eta ditxosozko nostalgia hori alboratuta gozatu ditzakegu gustuz orain ere eskura ditugun -halabeharrez hobeto aukeratutako- aukerak. Mantendu ditzagun gure espazioak, gure uneak eta gure gozamenak, merezi ditugulako jakina, eta horiei tarteka eustea osasuntsua delako.
Nostalgiara bueltatuz, egia da gazte ginenean topera bizi izan genituela gauza asko, eta orain hala egitea, ezinezkoa barik, oso zaila dela. Zerbaitek bereizten du gazte izatea, alajaina! Oroimen ugari ditugu kuttunak, baita armairua bete kamiseta ere, dagoeneko berriro jantzi ezin(go) ditugunak. Haiek erakusten digute orain gehiegizkoak eta, agian, zakarregiak iruditzen zaizkigun mamuen marrazkiez gain, lehen beste gorpuzkera bat, muturreko gustu zein axolagabekeria genuela; bai, gaztaroa, hain zuzen ere.
Hain zuzen ere, lagun batek gaztaroaren amaiera kamiseten talla aldaketarekin irudikatzen du: Mtik Lra pasatu gara oharkabean, eta M bat janzten dugun bakoitzean begien bistan gelditzen dira bizi izan genituen eta horiek behin eta berriro modu horretan bizitzeko (izango) ditugun orbain eta zailtasunak. Baina hori guztia ez da munduaren akabera, egoera/talla berri batera egokitzea, baizik. •