Olatz ARBELAITZ GALLEGO
Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria, UPV/EHU

Pasako al gara bitetatik «Qubit»-etara?

Bi «qubit» korapilatuta badaude, lehenengoaren izaerak bigarrenarena baldintzatuko du.
Bi «qubit» korapilatuta badaude, lehenengoaren izaerak bigarrenarena baldintzatuko du. (GAUR8)

Azken hilabeteetan zutabe honetan agertu diren artikuluei begiratu bat eman eta hitz mapa bat egingo bagenu, Adimen Artifiziala litzateke dudarik gabe handien agertuko litzatekeen kontzeptua. Telefono mugikorretan erabilgarri ditugun app-ak edo softwarea ere ageri dira, kriptografia, konputazio fisiologikoa, helduen zaintzarako teknologia... Baina horien guztien azpian dagoenaz gutxi hitz egin dugu.

Horiek guztiek gaur egun ohiko elektronika deituko genukeena dute oinarri. Elektronika hori transistoreetan oinarritzen da; haien bidez bitak adierazten dira, 1 edo 0 izan daitezkeenak eta informazioa gordetzeko zein programak exekutatzeko erabiltzen ditugunak.

Transistoreen txikitzeak aspaldi muga jota zuela uste izan bagenuen ere, gero eta toki txikiagoa hartzen dute, nanometro gutxi batzuetaraino, eta horrek ikaragarri zaildu du txipen fabrikazioa. Hauts-partikulak ere transistore bat baino askoz handiagoak dira, eta ondorioz, ekoizteko gelak erabat garbia izan behar du, tenperatura eta hezetasuna kontrolpean duena, elektrizitate estatikorik eta bibraziorik gabea... Arrazoi bakarra hori ez bada ere, txipen ekoizpena oso enpresa eta herrialde gutxiren eskuetan geratu da: Taiwanen, Korean edo AEBetan egiten dira, eta Europan, aldiz, atzean geratu gara. Teknologiarekin mendekotasun osoa dugun garaiotan, kezkatzekoa izan daiteke hori.

Baina badira urteak ohiko elektronikaren mugez eta konputazio kuantikoaz hizketan ari garela, eta horrek teknologia eta problemak ebazteko modu desberdinak eskatuko ditu. Konputazio kuantikoan erabiltzen den bit kuantikoa, “qubit”-a, ohikoa bita baino konplexuagoa da. Neurtzen dugun unean “qubit”-a 1 edo 0 izango da, baina neurtu aurretik egoera kuantiko batean dago, gainezarpen batean. Bestalde, bi “qubit” korapilatuta badaude, lehenengoaren izaerak bigarrenarena baldintzatuko du. Lehenengoa neurtzen dugun unean bertan (1 edo 0) bigarrenaren neurketaren balioa (1 edo 0) zein den iragarri ahal izango dugu. Honek ate logiko berriak eraikitzeko eta algoritmo berriak diseinatzeko aukera ematen du. Arazoak modu berri batean ebazteko bidea, alegia.

Gure inguruan horretarako prestatzen ari garela esango nuke. Hasteko, bada urtebete edo jakin genuela Donostian IBMko konputazio kuantikorako nodo bat jarriko dutela. Honek konputazio modu berrietan ikertzeko azpiegitura eskainiko die inguruko ikertzaileei. Bestalde, duela aste gutxi jakin genuen lehenengo honetatik oso gertu beste azpiegitura berri bat eraikiko dutela: dorre kuantikoa. IBMren konputagailu kuantikoen kasuan, “qubit”-ak eraztun supereroaleak dira. Baina badago beste teknologia bat “qubit”-ak gauzatzeko, siliziozko puntu kuantikoetan oinarritzen dena. Puntu kuantiko horien materiala silizioa izatea garrantzitsua da, gaurko elektronika guztia silizioaren teknologian oinarritua baitago. Horiek diseinatzeko proiektua dute CIC nanoGUNEkoek dorre kuantikoan, gero txipak eta konputagailu kuantikoak eraikitzeko.

Aldi berean, UPV/EHUko Informatika Fakultateko ikasleek datorren ikasturtetik aurrera aukera izango dute paradigma aldaketa horretan murgiltzeko: konputazio kuantikoaren printzipioak, algoritmoak eta hardwarea ulertzeko. Esan liteke, beraz, Donostia inguruan ari garela etorkizunerako prestatzen.