Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Inperioaren erorketaren arrisku deskontrolatuaz

Inperioak sortu eta eraitsi egiten dira. Ez dira betirako. Eta beren erorketak oso arriskutsuak izan daitezke. Sobiet Batasuna duela hiru hamarkada desegin zen. Hurrengoa zerrendan inperio estatubatuarra da. Badira inperioen galbideen inguruko teoria makrohistorikoak, hainbat faktore nabarmentzen dituztenak: militarismoa, arazo oro mehatxuekin, armekin eta gerrekin konpon daitezkeela pentsatzea; gehiegizko hedatzea; aberastasuna eta pobreziaren arteko desberdintasun handia eta harekin bukatzeko ezintasuna, baliabideen gehiegizko erabilera eta elikagaien eskasia; bihotza eta buruaren arteko talka, zientzia eta erlijioaren artekoa, eta abar.

Gehiago ere aipa daitezke: besteen begietara zilegitasunik eza, barne desintegrazioa, ongizate komun batekiko epe luzeko ikuspegi falta, beste guztiei lehenengoak direla irakatsi ondoren goraka datozenetatik ikasteko ezina, arazo propioak besterenganatzeko joera psikopolitikoa, gero eta paranoia eta boomerang efektu gehiagorekin, harrokeria, triunfalismoa, zorra sortzea, mundua sarraskitzea gezurra zabalduz... Jende bat munduko parte batzuetan engainatu daitekeelako, baina sekula ez mundu osoko jende dena denbora guztian.

Dena oso ondo doanean, errazegi eta denbora gehiegiz, akabo autokritika eta umildadea. Eta inperioak “garaiezin” egin dituzten botere tresnak erabili ohi dituzte erorketan. Inperio estatubatuar gaztearen kasuan, bere irismen kulturalagatik, indar ekonomiko eta berrikuntza teknologikoekin munduaren miresmena eskuratu zuen. Denek nahi zuten bizitzeko estilo estatubatuarra, beren zinema, telebistako entretenimendua eta Coca Cola. Narratiba ondo saldu eta mundua «amerikanizatu» zen. Eta askotan, nire ustez, borondatez.

AEBetako kanpo politika, egun, gerren, mehatxuen, zigor ekonomikoen “indarra” da. Bibliaren ordez ezpata darabilen misiolaria. Txinaren kontrako gerra hotz eta hibridoan ikusi ahal da, NATOren zabalkundean, Iranen kontrako 40 urteko gerran, Errusia militarki “ahultzeko” Ukrainara bidaltzen ari den arma kopuruetan… Dekadentzia inperialaren erakusgarri dira, ez orain urte batzuk zuten benetako indarrarena.

Ez naiz antiestatubatuarra. Bai, ordea, antiinperialista, beste kultura eta pertsonen baloreen antiinposatzaile. Sinistu nahi nuke elkarrekin kooperatzea dela bidea, denontzat onura, gerraren arriskua urruntzen duela, epe luzera humanitateak biziraun eta aurrera egin dezan. Zer egin bestela? AEBek entzungo balute, edo beren aliatuek, dekadentziara egokitzen lagunduko genieke, inperiorik gabeko herrialde dinamiko eta erakargarri bilakatzen. Europako Batasunak erakutsi du paper hori jokatuko lukeen Mendebalde berri eta dinamikoa izateko guztiz ezgai dela, propio ezgaitua.

AEBek jazartzen dituzten herrialdeak batu egin behar dira, defendatzeko. Eta etsenpluaren bidez predikatu kooperazioaren, gatazken kudeaketa inteligente baten, indarra. Agian inuxentea da mirariak eskatzea. Baina, orduan, hitz egin dezagun estrategia hobeez, eztanda batek edo antsiek humanitatearen proiektua pikutara bidaltzeko arriskua esponentzialki deskontrolatu baino lehen. •