Eskatzen hasita
Gaztelugatxera igo eta santuari begira desio bat eskatzeko hiru aldiz kanpaiaren sokari tiratzen nion bitartean ohartu nintzen zahartzaroan horiek lausotu egiten direla eta, bat eta bakarra eskatu beharrean, nahas-mahas bat, pack bat, eskatu nion, seguru asko bere katalogoan ere ez zeukana.
Irudikatzen nuen gisako zahartzaroa dut. Ilusioak bai, baina anbizio izugarririk gabeko tipo bat izango nintzela aurreikusten nuen, gauza txikiekin gozatzen zekiena. Hori bai, itsasoari begiratzen zion etxe batean ikusten nuen neure burua eta horretan huts egin dut. Neure gelako leihoaren kontra liburuz betetako mahai bat jartzea nuen buruan, irakurtzen ari nintzela, hamar orrialdetatik behin edo, begirada jaso eta urdin urrunari begira atseden hartzeko.
Ez da hala izan. Hurrengoan Gaztelugatxera igotzen naizenean, desio hori agertuko diot santuari, baina honek berandu samar nabilela erantzungo dit edo etxebizitzen espekulazioa aipatuko dit aitzakia gisa.
Hiru kanpai hots jo eta behera gentozela ohartu nintzen, halaber, zenbat aldiz agertzen den euskal ohitura eta usadio zaharretan hiru zenbakia. San Juan Bataiatzaileak berak ere hiru pausotan egin zuen ermitarainoko bidea: oin marka bat utzi zuen Bermeoko San Juan atean eta beste bi, gora garamatzaten harmailetan. Azken bi oinatz horiek zapaldu genituen, beraz, ilobak sinesmen handietan hezi ezin ditugunez, txikietan hezten saiatzearren edo, eta santuaren jauzi hirukoitzak urrezko domina bat merezi zuela komentatu genuen.
Baina ez hor bakarrik, Urkiolako harriari hiru itzuli ematen zizkioten neskek senargaia aurkitzeko eta Markinako Arretxinagan ere hirutan igarotzen ziren haitzen azpitik emakumeak haurdun geratzeko, beste bi adibide aipatzearren.
Kanpaiak jotzen ari ginen bitartean bertako zaindariak kontatu zigun hotsak txoriak uxatu egiten ote dituen eta ni kolpe arinak ematen saiatu nintzen. Txoriak aipatu genituenez, gogoratu nintzen badaudela txori batzuk, txantxangorria esaterako, zuhaitz adar batean hiru salto txiki eman, beste adar batera joan eta hiru txorrotxio kantatzen dituztenak.
Adina bera ere hirukoitza omen. Bizitza da bakarra eta, poeta txar batek esango lukeen bezala, hiru txorrotxio kantatzeko denbora ematen digu ozta-ozta, baina denok dakigu poetak gauzak esajeratu zaleak direla. •