Amets PEREZ
{ GERTUKO PLANAK } NAFARROA BEHEREA / IZTURITZE

Izturitze eta Otsozelaia, historiaurreko aztarnen paradisua

Lehen irudian, kobazuloaren sarrera. Goiko argazkietan, barruko galeria bat eta horma-irudia.
Lehen irudian, kobazuloaren sarrera. Goiko argazkietan, barruko galeria bat eta horma-irudia. (ZIGOR - IZTURITZE ETA OTSOZELAIKO KOBAZULOAK)

Izturitze eta Otsozelaiko kobazuloak, Nafarroa Beherean, Euskal Herriko historiaurreko aztarnategi garrantzitsuenetakoak dira. Bisita hau mendi eder baten magalean hasi da, eta bertatik landa paisaia zabalak ikus daitezke. Kobazuloetara iristeko, seinaleztatua den ibilbidea jarraitu behar da, Gaztelu mendian gora. Leizeen inguruko paisaiek are liluragarriagoa egiten dute leizeetan barneratzea. Bisita gidatuak talde txikietan egiten dira, bisitari bakoitzak kobazuloen inguruko informazio zehatza eta kalitatezkoa jasoko duela bermatze aldera.

Udako denboraldian, bisitak 30 minutuero egiten dira, 10.00etatik 18.00etara. Hitzorduak aldez aurretik hartzea komeni da, lekuan bertan masifikazioa saihesteko. Gaztelu mendixkaren barnean hiru kobazulo nagusi daude: Izturitze, Otsozelaia eta Erberua. Izturitze, goiko mailan, gutxienez duela 80.000 urtetik erabili izan da, baita, ikerlari batzuen ustez, duela 200.000 urtetik ere. Estratigrafikoki oso leku garrantzitsua da, neandertalek eta homo sapiensek bizileku gisa erabili baitzuten erromatarren garaira arte. Kobazulo honetan aurkitutako objektu ugarien artean, “Izturitze tipokoak” bezala ezagutzen direnak daude. Izan ere, 1.200 pieza baino gehiago aurkitu dituzte bertan. Piezarik esanguratsuenen artean elur-orein edo hartz hezurrez eginiko makilak daude, baita harriz eginiko hartz irribarretsu baten eskultura txikia ere.

Garrantzi arkeologikoa eta espeleologikoa

Kobazuloak bisitatzeak esperientzia paregabea eskaintzen du, bai ikuspuntu historikotik, bai arkeologikotik. Bertan, estalagmita eta estalaktita ikusgarriak daude, baita egitura geologiko bitxiak ere. Kobazuloen barruko tenperatura 14 graduren ingurukoa izaten da urte osoan, eta beraz, gomendagarria da arropa beroak jantzi eta oinetako erosoak erabiltzea.

Bisita gidatuen bidez, bisitariek kobazuloen garrantzi arkeologiko eta espeleologikoa ezagutzeko aukera dute. Arkeologoek eta ikertzaileek gidatzen dituzte bisitak, eta leizeetan aurkitutako tresna eta objektuen historia zein erabilera azaltzen dute. Izturizko eta Otsozelaiko leizeetan, tresna paleolitiko ugari aurkitu dituzte, eta garai hartako bizimodua ulertzeko funtsezkoak dira. Halaber, labar-pintura zaharrek garai hartako elikadura eta artea erakusten dituzte.

Izturitze eta Otsozelaiko kobazuloetan ikerketa eta indusketa lanak etengabe egiten dira, bertako altxor arkeologikoak argitzeko. Ikerketa horiek hainbat gairi buruzkoak dira, hala nola, paleontologiari, historiaurreko gizakien presentziari eta kobazuloen erabilerari buruzkoak. Gainera, leizeen geografia estrategikoa ikusirik, Izturitze metropoli bat izan zitekeela iradoki dute ikerketek, baita inguruko beste aztarnategi batzuekin harreman estua izan zezakeela ere.

Kobazuloetako eskulanen artean, munduko txirularik zaharrenetako bat aurkitu zuten Izturitzen; zehazki, munduko zaharrenetan bigarrena. Aurkikuntza horrek musika eta historiaurrea uztartzen ditu, eta kobazuloen ezaugarri akustikoak aztertzeko aukera ematen du. Pariseko Unibertsitateko irakasle ohi Iegor Reznikoffek kobazuloen soinu dimentsioa ikertu zuen bertan. Lan horren emaitza gisa argitaratu zuen, 1988an, “La dimension sonore des grottes ornées” lana [euskaraz, ‘Labar-artedun kobazuloen soinu dimentsioa’]. Kobazuloan bertan aurkeztu izan ditu bere lanaren ondorioak hainbat alditan, gune horren garrantzia berresteko. Gidak uzten badu, soinu proba bat eginez, xilofono baten antzeko soinu erakargarri eta eztia entzunen dute gure tinpanoek. Harpeko paretetan oihartzun sentikorra iragaziko da, lur ilun eta misteriotsu horietan.

Izturizko harpetik, azpian duen Otsozelaiko kobazulora segitu du bisitak. Otsozelaia bereziki ezaguna da bertako horma-irudiengatik, Paleolitikoko gizartearen sinbolismoa eta artea erakusten baitute. Bertan, zaldien, oreinen eta bisonteen irudiak ikusten dira, hainbat formatutan: grabatuak, gorriz eta beltzez eginiko margoak, eta beste batzuk. Artelan horiek garaiko gizartearen artea eta sinbolismoa ulertzeko aukera eskaini dute. Otsozelaiko leizean, gainera, artearen hainbat teknika ikus daitezke, hala nola, labar-arte grabatua eta koloretako margolanak. Horrek, aldi berean, garai hartako artistek erabiltzen zituzten teknikak ulertzeko aukera ematen du: materialak, denbora, irudikatze kolektiboa...

Leizeko artea, nagusiki, Madeleine aldiko horma-arte gisa sailkatua da. Otsozelaian aurkitutako margo eta grabatuak Altxerri edo Ekainen aurkitutakoekin aldera daitezke, eta Santimamiñekoekin batera, Euskal Herriko aztarnategirik garrantzitsuenetako bat bihurtu da.

Ibilbidearen bukaeran daude egoera onenean diren marrazkiak. Begiratoki batek bereizten du gunea, bisitariei behatzeko espazioa eskaintzen dienak. Labar-pintura horiek hiru elur-oreinen silueta agerrarazten dute. Horrek pentsarazten du animalia haiek garaiko elikagai nagusia zirela. Hala, tresnek garaiko bizimodua erakusten diguten gisan, marrazkiek, orduko elikadura.

Azken sekretua: erberuako leizea

Otsozelaiaren azpian, beste sekretu bat ezkutatzen da: Erberuako leizea. Ibai gartsu baten indarrez sortua, naturaren indarraren erakusle da. Ibai horrek Otsozelaia eta Izturizko harpeak ere eratu zituen lehen, eta gaur egun, hirugarren pasabide bat irekitzen ari da leizearen barruan. Ibaiaren garai gartsuenak igaro diren arren, bere bidea egiten jarraitzen du, mendiaren alde batetik bestera. Sifoi batek blokeatzen du pasabidea, ur maila sabaia baino altuagoa baita, eta horrek ezinezko egiten du bertatik igarotzea. Ondorioz, leizea bisitarien eskuragarritasunetik kanpo geratu da, sarrera eta irteera urez estalita daude eta. Fenomeno horrek erakusten du nola jarraitzen duten prozesu geologikoek gure lurraldearen forma moldatzen.

Bisita burutzeko, kobazuloen inguruan kokatutako museoa bisitatzeko ordua heldu da. Museo txikia da, baina interesgarria. Bertan, kobazuloetan aurkitutako objektuak eta artelanen kopiak ikus daitezke. Bisitariek historiaurreko gizakien bizimoduaren, tresnen eta artearen inguruko informazio gehiagorekin biribiltzen dute txangoa, eta galderak izanez gero, gida espezializatuak prest daude erantzuteko. Kobazuloetan aurkitutako objektuen kontserbazioari buruzko xehetasunak eskaini ohi dira bertan, aurkikuntza arkeologikoek osatzen duten ondarearen kontserbazioaren garrantzia ulertarazteko.

Kobazuloak bisitatzea esperientzia ahaztezina da, Paleolitikoko gizarteen bizimodu eta artera hurbiltzeko atea baita. Leizeek Euskal Herriko eta Europako historiaurrea ulertzeko gakoak eskaintzen dituzte, eta bisitariek denboran bidaia egiten dute, historiaurreko gizakien bizimodua eta artea lehen pertsonan ezagutzeko. Euskal Herriko ondare kultural eta historikoa hobeto ulertzeko aukera bikaina.