Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Oporretan ito

Oporrak. Udako hilabeteak. Benidorm. Ez, ez da izan aurtengorako aukeratutako helmuga, ezpada oporraldian irakurritako liburuaren kokaleku nagusia. Kiosko baten bueltakoak jaso ditu Lizar Begoñak “Mundu zitalaren kontra” nobelan. Kioskoa ia-ia protagonista bada ere, bertan dauden egunkarietako titularrek ez dute apenas garrantzirik istorioan; ez, behintzat, amaierara arte. Eta, salbuespenak salbuespen, halakoa izaten da uda gurean ere. Egunkarietako erredakzioetan galtzak bete lan izaten dute: albiste bila han eta hemen ibiltzen dira kazetariak erdi itota, titularrak zerekin emango (gaitz erdi, aurten Olinpiadak izan dira behintzat). Egunerokoa eteten dela dirudi, agenda politikoa pausatu, mundua geratu.

Herriko jaiak. Udako ezinbesteko osagaietako bat. G-k gogotsu lan egin du azken hilabeteotan jai batzordean: egitaraua lotzen, indarkeria matxistaren aurreko protokoloa lantzen, txosna muntatzen, txandak lotzen... Bestelako jai eta herri eredu baten alde auzolanean; lo ordu gutxi, buruhauste dezente, eta ilusio handia. Baina berriro gertatu da: hamaika sexu eraso izan dira aurtengo jaietan, tartean, bi bortxaketa. Berriro ito du errealitateak, inguru matxista (baita hurbilenekoa ere) are gehiago azaleratu da enegarrenez jai eremuan.

Ur gardenak. Hondar zuria. Eguzki biribila. Iritsi da azkenean S-k eta haren bikotekideak mimoz prestatutako eta hainbeste itxarondako bidaia. Urte osoko izerdi eta estualdien ostean, arnasa hartzeko aukera dute elkarrekin. Toki zoragarria, eta konpainia ezin hobea; argazkiak ere paregabeak. Egunero galeria bat sareetan, eta bideo bat bizpahiru egunean behin, zoriontasunaren berri emateko. Ordea, ia berdinak diren argazkien artean ito dira, ezin aukeratuz. Eurak, eta euren jarraitzaileak.

Larri iritsi da P aurten ere udako oporretara. Ikasturtea inoizko gogorrena egin zaio: bi lanposturen arteko (des)oreka, ezinbestean hartu beharreko bizitzako erabaki transzendentalak eta haien ondorenak, antsietateagatik hartutako baja... Haatik, ikasturteko estualdiak baino gehiago, udari hartu dion beldurrak itotzen du azken urteotan. Zer egin gaur? Eta bihar? Eta etzi? Ez zaizkio gustatzen aukerak eta zalantzak. Errutina behar du, lotura, ardura.

Furgoneta. Mendia. Erreka. Bidelagun bakar batzuk. Ez du ezer gehiago behar E-k oporraldi bikain baterako. Nola diren gauzak: aldapako arnasestuak ematen dio arnasa, amildegi ertzetako bideek oreka, 3.000 metroko gailurrek bizitza. Baina, espero gabe, eguraldi txarra egin du bi egunez jarraian, eta akabo. Urduri dago; biharamuneko iragarpena begiratu bitartean, furgonetako leihotik ikusten dituen euri tanten artean ito da.

Ohartzerako, abuztuko azken astean sartuko gara etzi. Eta hura hastearekin batera, berriro hasiko da egunerokoa, martxan jarriko agenda politikoa, abiatuko mundua. Berriro beteko dira egunkariak titular handi eta garrantzitsuekin, eta berriro elkartuko gara bateko zein besteko itoaldiak igaro ditugunok bulegoan, ikasgelan, kuadrillan, familian, tabernan... Gure (eta besteen) itolarriak kontatuko dizkiogu elkarri, baita bakarren batzuk geuretzako gorde ere. Ea mendi, olatu, kale edo jende artean hartu dugun arnasa apur horrek irauten digun, eta ikasturteko egunerokoak eta titularrek ez gaituzten itotzen. •