Miren AZKARATE BADIOLA

Zorionak, Magale!

Erditze momentua, dudarik ez dut, arrazoi batengatik edo besteagatik, mugarri bat da hori desiotik egitea hautatu duen edozeinentzat. Poza eta beldurra aldi berean, momentua bizitzeko nahia edo azkar pasatzekoa… Sentimendu eta emozio asko nahastuak, oso intentsoak denak, momentuak berak hala eskatzen duelako.

Gure amonen garaian etxean erditzen ziren halabeharrez, eta duela ez hainbeste urte, ospitaleetan erditzera pasatu ginen, beste aukera ia guztiz ezabatuz erabaki ahalmenetik.

Hala ere, duela 10 urte inguru, Klara eta Josune izeneko bi emaginek Magale sortu zuten, haien irakasle izandako beste emagin batzuen lekukoa hartuta, etxean erditu nahi zutenei laguntzeko. Urteotan guztiotan, bi izatetik bost (Maria, Bakartxo eta Laura dira beste hiruen izenak) edo, batzuetan, sei emaginez osatutako ekipo bat izatera iritsi da. Urteotan, erditze gutxi artatzetik erditze ugari artatzera pasatu diren emakume esperientziadunez osatutako taldea da. Etxez etxe, Euskal Herriko herri eta auzoetako etxeetan ibilitzen dira, prozesu hori ahalik eta era duinenean akonpainatzen.

Gaiari buruz iritzi ezberdin asko daude, epaiak eta ezjakintasun handia ere bai (nigandik hasita). Baina informazioa bilatuz gero, beraiek ezagutu ondoren eta beste herrialde batzuetako egoerak ezagutu ostean, argi dut aukera bat izan beharko lukeela erdituko den pertsona ororentzat. Europako herrialde batzuetara begiratuz gero, osasun publikoan sartutako aukera da, eta hori da Magalek urte hauetan egin duen aldarrikapen nagusietako bat, gaur-gaurkoz, modu pribatuan -eta militantean, portzierto- funtzionatzen duen elkartea baita. Nahi duenak -ziurrago sentitzen delako, arriskuko erditzea delako edo dena delakoagatik- ospitalean erditzen jarraitu dezala, baina etxean erditu nahi duenak etxean erditu ahal izatea erabakitzeko eskubidea izan dezala.

Zorionak eta eskerrik asko Magale hamar urte hauengatik, egin duzuen eta oztopoak oztopo egiten duzuen lan guztiagatik! •