Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
IXABEL ALKAIN ETA IZASKUN LARRUSKAIN
JAIZKIBELEKO KIDEAK

«Badakigu denok elkarrekin bukatuko dugula Alarde batean; hori da gakoa»

Urtetan manifestazio bezala desfilatu ondotik, Jaizkibel konpainia gisa onartu du Udalak. Pauso esanguratsua da, baina Alarde bakarra eta parekidea da xedea.

Izaskun Larruskain eta Ixabel Alkain, Jaizkibel konpainiako kideak eta kapitain ohiak.
Izaskun Larruskain eta Ixabel Alkain, Jaizkibel konpainiako kideak eta kapitain ohiak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arratsalde bero batez elkartu ditugu Ixabel Alkain eta Izaskun Larruskain Jaizkibeleko kideak, airean kresala eta abioiak eta bien mingain eta gorputzak dantzan, adierazkortasunez beteta. Laguntasun polita sumatzen da bien artean. Ia 30 urtez manifestazio bezala desfilatu eta gero, bihar konpainia gisa aterako da lehenbizikoz Jaizkibel, baina ez Alardean. Oraindik bidea gelditzen da Alarde bakar eta parekide bat lortzeko.

Nola baloratzen duzue Udalaren pausoa?

Ixabel Alkain: Oso positiboa da. Baina garbi geratu da oraindik ere Alardetik kanpo gaudela emakumeak izateagatik. Ea ahal den epe laburrenean Alardean emakumeek parte hartzeko konpainia bat onartzen duten. Horretarako lanean jarraituko dugu, Udalarekin eta beste eragileekin batera. Ez dakigu zer bide geratzen den. Iaz lehen aldiz egin zigun harrera Udalak, eta aurten normalean egiten dugun ibilbidea egiteko baimena eman digu.

Orain desberdintasuna da Udalak kudeatu behar duen antolakuntzan gaudela beste konpainiekin batera, baina ez gaude Alarde barruan. Bi hobekuntza txiki egongo dira: desfilea hasi aurretik Gernikako Arbolako belardiaren zatitxo batean egongo gara, eta gero, arratsaldean, beti eskatu dugun bezala, Kale Nagusitik behera “Zapatero” musikarekin bukaera emango diogu.

Nola oroitzen duzue Alarde parekidearen aldeko mugimenduaren hasiera?

Izaskun Larruskain: Hasierako inkesta hura bikotekideak eta biok egin genuen. Emeki emakume elkartekoak nirekin jarri ziren harremanetan.

Alkain: Ni banatzen eta jasotzen ibili nintzen. Baina ez genuen kointziditu.

Larruskain: Momentu hartan ni alde nengoen, baina ez zen publikoa. Jende askok ez daki sorkuntza horretan egon ginenik. Lehenengo urtean sartu zinetenean Kale Nagusian, han nengoen, baina publiko bezala, eta hurrengo urteetan haurdun edo ume jaioberriarekin egon nintzenez, ezin nuen atera, baina babestera joaten nintzen. Hirugarren haurra sortu eta gero desfilatzen hasi nintzen.

Alkain: 1995ean auzo guztietan buzoneatu genuen eta kutxak jarri genituen lokaletan inkestaren orria sartzeko. Gero, Emekik lehenengo pala txapelketa antolatu zuen eta hor ere parte hartu nuen. 1996ko udaberrian, sari banaketako afarian, Mertxe Tranchek galdetu zidan ea parte hartuko nuen Irungo Alardean soldadu gisa, eta baiezkoa eman nion, noski. Oso normala iruditzen zitzaidan.

Beti lagundu diozue elkarri?

Alkain: Batez ere, hasieran. Gero estrategia desberdinak hartu genituen, nahiz eta helburu bera izan. Urte luzez elkarrekin lan egin dugu eta oso harreman ona dugu. Irunen hasi nintzen 1996an eta handik bi egunetara Hondarribiko Udalari esan genion irailean aterako ginela. Atera ginenean kristoren iskanbila sortu zen herrian, benetako haustura. «Horrela ez», esan ziguten. Orduan guk esan genuen: «Ezin badugu atera bakoitzari dagokion konpainian, konpainia bat sortuko dugu non emakumeak eta gizonak aterako garen, beste konpainiekin batera desfilatzeko». Horrela sortu zen 1997an Jaizkibel. Hasierako helburua galdu gabe, Jaizkibelen funtzioa tarteko bidea izatea da. Badakigu denok elkarrekin bukatuko dugula Alarde batean; hori da gakoa.

Nolakoa izan zen, Ixabel, lehenengoz soldadu gisa atera zineten desfile hura?

26 emakume atera ginen Kale Nagusiko soto batetik, justu-justu kalea zapaldu eta jendeak berriz sarrarazi gintuen. Oso bortitza izan zen! Ez bakarrik irailaren 8an: urte osoan oso gaizki pasatzen genuen. Batzuek ezin genuen normal bizi: mehatxuak, telefono dei anonimoak, gure izenak zuhaitzetan, familiaren kotxeen gurpilak izorratuak, zerbait enkargatu eta ez ordaintzea... Familia osoari eragin zion. Aitari betidanik zituen lagunek uko egin zioten: gerrak banandu ez zituenak Alardeak banandu zituen. Ama dendara joaten zenean denak isiltzen ziren. Familian urte luzez ez ginen elkartzen, ez zutelako gurekin elkartu nahi. Ez dugu inoiz azpimarratu nahi izan pasatutako guztia, aurrera egin behar dugulako eta egin dugun metro bakoitza asko kostatu zaigulako. Daukagun eremua eta jendea gure lanari eta jarrerari esker lortu dugu, bortizkeriarik gabeko aktibismo baten ondorioz.

Larruskain: Nire gurasoak “betikoak” dira, baina beren kuadrillak, “betikoak“ izanik, baztertu egin zituen ni aldekoa nintzelako. Seme-alabek ere eskolan jasan dute. Tortura bat izan da. Eskerrak bide bat mantendu dugun, garbi jakinez zer nahi genuen. Urtetan izan da oso gogorra Kale Nagusia, entseguak... dena, eta gure jarrera beti izan da: “Lasai, irribarretsu eta aurrera. Metro bat; bada, metro bat”. Probokazioak itzelak izan dira eta lur jota geunden, baina bagenekien aitzakia hori behar zutela esateko: «Hau egin du Jaizkibelek». Azkarrak izan gara erabakitzeko momentuan. Zorionez, elkarrekin joan gara, baina ez da batere erraza izan eta ez da izaten ari oraindik.

Alkain: Ez da erraza bi masailak jartzea. Ez da bakarrik nire nahia edo sentimendua, baizik eta eskubidea: emakume izateagatik da. Oso gogorra da. Ez dugu ahaztu behar emakume izateagatik gaudela gauden lekuan oraindik ere. Atera nahi duena gizonezko beltza izango balitz, ezinezkoa litzateke ezetz esatea.

Nola blokeatu da hainbeste?

Larruskain: Botere asko daude atzean: ekonomikoak, kulturalak zein sozialak. Zuk klabe bat eman duzu, Ixabel: gu ezin gara atera emakumeak garelako, baina hori ez dute esaten hainbat politikarik eta pertsonak. Ez dute izendatzen non dagoen arazoa. Emakumeen segregazio bat dela esango balute, herritar asko konturatuko lirateke zer gertatzen ari den. «Gu pribatuak gara», diote, «eta badaukagu eskubidea». Zergatik dira pribatuak? Lehen Udalak antolatzen zuen Alardea, zergatik ez orain? Udalak egiten badu derrigortuta dagoelako emakumeak onartzera. Emakumea da gakoa eta hori ez da esaten.

Alkain: Udala eta EAJ tradizionalistak ziren, baina emakumeen parte-hartzea ekiditeko tradizio guztiak puskatu dituzte, bat izan ezik. Gure kontra zegoen taldearen esku utzi zuten antolakuntza. Talde lobby bat zen herrian, enpresetan jendea kontratatzen zutelako eta prestigio soziala zutelako.

Larruskain: Epaia atera zen esanez sortu zuten Alarde Fundazioa ez zela legezkoa ez zuelako Berdintasun Legea betetzen. Oraingo UTEa, gauza bera, baina beste izen batekin, legala da? Dena dago airean eta Jaurlaritzak ez du hartu nahi hartu behar duen ildoa.

Alkain: Berdintasun Legean puntu bat dago bereziki hau aurrera eramateko. Baina legeek zirrikituak dituzte ez betetzeko.

Larruskain: Pasatu duguna galanta da, baina aurrera begiratu behar dugu. Batzen gaituena Alardea da.

Zuen egun inportanteena da.

Larruskain: Betidanik. Guk bizi izan dugu Alardea, gero zatidura, eta orain Jaizkibel dugu. Gazteek Jaizkibel bakarrik bizi izan dute, ez dakite zer den Alardea, hori ere lapurtu diete. Izan ere, gurekin parte hartzen duten gizonek ezin dute banda ikusi, ezta “atxeroak” ere, aparte gaude eta.

Alkain: Musika da, elkarrekin ondo pasatzeko gogoa, egun oso inportantea da. Guk sentitzen dugu, desiratzen dugu eta, gainera, eskubidea dugu.

Hasi zinetenean bazenuten kontzientzia feminista?

Alkain: Ni amaren eredutik zurrupatutako bizipenen ondorioz nintzen feminista. Beti parte hartu dut manifestazio antinuklearretan, euskararen aldekoetan, emakumeen aldekoetan... nire herria horrela eraikia izatea nahi nuen.

Larruskain: Hasieran ez nintzen kontziente egiten nuen guztia feminista izatea zela. Niretzat feministak ziren zekitenak, ikasi zutenak; miresten nituen. Feminista deitu nindutenean flipatu egin nuen.

Dagoeneko ez dago lehengo zatiketarik.

Ixabel: Aspaldi bukatu zen.

Izaskun: Gatazka sukarra bezalakoa da, zerbaiten sintoma, kasu honetan berdintasun arazo batena. Noski, baretu behar duzu kalentura, baina jatorrira joan behar duzu. Zergatik ez da egon azken urteetan gatazkarik? Jendea konturatzen ari delako berdintasun arazo bat dagoela herrian eta erantzuna eman behar zaiola.