[GERTUKO PLANAK] BIZKAIA / BERMEO

Arrantzaleen Museoa: Bermeo ezagutzeko ezinbestekoa

Sartu gabe ere, ikusgarria da Bermeoko Arrantzaleen Museoak eskaintzen duena. Portutik metro gutxira dago, aldapatxo bat igota, eta altueratik Kantauri itsasoari erreparatzeko parada ematen du, ikuspegi paregabeaz gozatzekoa, alegia.

«Toki hau beti izan da biltegi moduko bat, arrantza munduarekin zer ikusia zuten hainbat gauza hona ekartzen zituzten eta museo bezala 1948tik funtzionatzen du, baina batez ere, biltegi moduan», azaldu du Aixa Gaztelu museoko zuzendariak. Bi urte dira dagoeneko zeregin horretan dabilenetik, Aingeru Astuiri lekukoa hartu zionetik. Umiltasunez mintzo da eta hasiberritzat jotzen du bere burua, baina nabari da bi urteok aski izan dituela museoa esku ahurra bezala ezagutzeko. Gorka Abad museoko gidariarekin batera eman dio GAUR8ri Arrantzaleen Museoaren eskaintzaren berri.

Gazteluk azaldu du 1948tik arrantzari lotutako materialak batu izan dituen erakundea bada ere, 80ko hamarkadan hasi zela bene-benetan museo bezala funtzionatzen, «museografia lantzen eta helburu batzuk ezarrita». Egun, Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko museoa da eta ikusgai dauden elementu ia guztiak norbanakoek egindako dohaintzak dira.

2014an egin zioten azken berrikuntza museoaren egoitza den Ertzilla Dorreari. «Goitik behera berriztu zen eta horixe da gaur egun daukagun erakusketa», azaldu du Gazteluk. 1944an “monumentu nazional” izendatu zuten jatorriz Ertzilla familiak bizileku izan zuen eraikin historikoa eta orduz geroztik museo gisa funtzionatzen du.

(Gorka RUBIO / FOKU)

Solairuka antolatuta dago museoa: bakoitzean gai jakin batzuk landu eta haiei lotutako objektuak erakusten dituzte. Baina ez da elementu materialen bilduma hutsa, ondare immateriala gorde eta zabaltzea baita museoaren lehentasun eta helburu nagusia.

«Beheko solairuak, lehenak eta bigarrenak behin betiko erakusketa hartzen dute, eta ganbaran aldi baterako erakusketak egiten ditugu», dio museoko zuzendariak. Urtean aldi baterako bi erakusketa egiten dituzte, gutxienez, bermeotarren zein bermeotarrak ez direnen jakin-mina pizten dutenak, bisitari kopuruari erreparatuta: «Badago jendea aldi baterako erakusketak ikustera bakarrik datorrena».

Une honetan “Bermeo Portu Zaharra 1877-2024” erakusketa dago ikusgai, datorren urteko urtarrilaren 12ra arte. Beraz, badago denbora bisitatzeko. Iñaki Marcaidak 1965etik hona egindako lanaren emaitza da. Marcaidak portuaren aldaketak eta jarduerak argazkietan jaso ditu, bilduma partikularretatik, artxiboetatik eta beste iturri batzuetatik lortutako irudiak bilatu eta zaharberritu ditu teknika digitalen bidez, jatorrizko distira itzultzeko. Kronologikoki antolatuta, irudi horiek portuaren garapen fisikoa dokumentatzeaz gain, bere komunitatearen esentzia eta bizitza ere jasotzen dituzte, gai horiek gogoan dituztenen zein inoiz ezagutu ez dituztenen gozamenerako.

Bermeoren eta bermeotarren parte

«Bermeoko jendearentzat museoa haien parte da», azaldu du Gazteluk. Izan ere, «haien gauzekin eginda dago», Abaden hitzetan. Ondare immateriala lantzen dute gehienbat, hots, euskal arrantzaleei buruzkoa, zuzendariak azpimarratu duenez: «Ez bakarrik itsasoan gertatzen dena, baita portuan eta lehorrean gertatzen diren gauzak ere: neskatilak, saregileak, hainbat ogibide, ontziolak...».

(Gorka RUBIO / FOKU)

Arestian aipatu bezala, solairuka banatuta dago erakusketa iraunkorra. Beheko solairuan Arrantzaleen Museoari buruzko informazio baliagarriaz gain, eraikinari buruzko historia ere aurkitu dezake bisitariak. Horrez gain, Bermeoko hiribilduaren historia, etnografia, arrantzaleen bizitza, lanbide osagarriak eta arrantzaren komertzializazioa ezagutu daitezke.

Lehen solairua erriberako arotzeria, balearen ehiza eta arrantza teknikak garatzen dituen solairu irekia da. Haren altuerarengatik Bermeoko erraldoien etxea izateko toki ezin aproposagoa da eta horregatik, ikusgai egoten dira bertan Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari erraldoiak, parrandan ez dabiltzanean. Bereziki maitatua da Anton, hezur haragizko bermeotar batengan oinarrituta dagoelako, eta benetakoaren senideen bisita izaten du askotan erraldoi formako erreplikak. Gainera, herriko umeek txupetea berari ematen diote gehiago erabili behar ez dutenean, eta bete-beteta dauka otzara.

Bermeotarrak sarri ibiltzen dira museoan, beraz, baina ez haiek bakarrik. Izan ere, haiek ezin hobeto ezagutzen dute Ertzilla Dorrean azaltzen dutena eta, hortaz, kanpoko bisita asko ere badira. Gazteluk azaldu du gehienbat espainiar Estatuko bisitariak izaten direla, batez ere erretiratuak. Astean zehar ikastetxe askoren bisita ere izaten dute.

Izan ere, Bermeoko Arrantzaleen Museoan denentzako tokia daukate, haur zein heldu, aditu zein ezjakin. «Gure helburua da arrantzari buruz ezer ere ez dakien norbait hona sartzen bada, zerbait ikasi edo nozio batzuk jasotzea», azaldu du zuzendariak.

Bisitariaren neurrira

Hainbat bisita mota eskaintzen dituzte bisitariaren arabera. «Umeei edo ikastetxeei zuzendutako bat daukagu, haien denboraren edo landu nahi dutenaren arabera haiekin adosten duguna», adierazi du Gazteluk. Horrez gain, badituzte bisita gidatuak helduentzat eta bisita librea egiteko aukera ere badago.

«Gidoiak bizirik daude; bizilagunek kontatzen dizutenarekin, ikertzen duzunarekin... osatzen zoaz», dio Abadek. Jatorrizkoak, ordea, Aingeru Astui aurreko zuzendariak egin zituen langileekin batera. Gazteluren arabera, «aditua» baitzen gaian, bermeotarra izaki.

(Gorka RUBIO / FOKU)

Edukia denentzat da antzekoa, baina adin tartearen arabera egokitzen dute, Abadek azaldu duenez: «Umeekin hitz egiten dugu Bermeoko gizarteaz, portuaz, genero rolez, arrantza motez... XVI. mendeko balearen ehizaz ere hitz egiten dugu, oso garrantzitsua baita». Erretiroa hartuta dutenekin ere aritzen dira balearen ehizaz, baita antxoaz eta atunontziez ere.

Bisitez gain, umeentzako tailerrak antolatzen dituzte, gaztetxoenei arrantza mundua erakusteko. Besteak beste, arrantzaren egutegia lantzen dute, arrain bakoitza noiz arrantzatzen den jakiteko; murtzilen koadroa egiten dute, korapilo desberdinak ezagutzeko, eta banderak ere lantzen dituzte. Eskoletatik egiten dituzten txangoetan hurbiltzen dira haurrak gehienbat, baina asteburuetan gurasoekin joateko aukera ere badute, «familiartean zerbait egiteko», Abaden hitzetan.

Izan ere, egun osoko plana egiteko aitzakia paregabea da Arrantzaleen Museora txangoa egitea. Portu zaharraren gainean dago eta, bertatik abiatuta, Bermeo ezagutzeko aprobetxatu daiteke, Lameran dagoen turismo bulegoan herriaren eskaintza ezagutu ostean.